Egun osoko jaia izango da: euskal musika, dantzak eta bestelakoak

Ekimen barritzaile honek erromeriaren kontzeptu guztiak batzea dau helburu

Bizkaiko Erromeria Eguna lehenengoz ospatuko da aurten urriaren 4an Durangon

Garagarrilaren 7an aurkeztu zan Bizkaiko Erromeria Egunaren lehen edizinoa. Urriaren 4an ospatuko da Durangon. Lehen aldiz egingo dan jaialdi honek erromeriaren kultura eta formatu anitzak bilduko dauz egun bakarrean eta gune berean. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro taldeak antolatu dabe jaialdia, Durangoko Udalaren laguntzagaz. Ekimenaren helburua da erromeriaren balioa eta transmisinoa sustatzea, belaunaldien arteko jaia bihurtuz. Herri osoa girotuko da euskal musikaz eta dantzaz, eta 30 taldetik gora arituko dira parte hartzen.

Aurkezpena Landako gunean egin zan, eta bertan parte hartu eben Leixuri Arrizabalagak (Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol foru-diputatua), Mireia Elkoroiribek (Durangoko alkatea) eta Danok Pro taldeko Jon Gomez Garaik. Azken hau alkarrizketatu genduan egitasmoaren inguruko ikuspegia ezagutzeko. Gomezek azaldu dauan moduan, Durango bera bihurtuko da egun batez erromeria erraldoi bat, eta publiko mota guztientzako jarduerak izango dira. 

Egitaraua

Hona hemen Bizkaiko Erromeria Eguneko egitarauaren puntu nabarmenenak: dantza-plaza Aikogaz, gaztetxoentzako dantzaldia Esna Gazte taldeagaz, Larrain Dantza herrikoia Gaztedi Dantza Taldearen eskutik, herri bazkaria eta kantaldia Luhartz taldeagaz, eta gaztetxoentzako kantaldia Goazeneko aktoreakaz. Trikitilari eta txistulari ospetsuen emonaldiak be egongo dira: Ibon Koteron, Julen Begoña, Iker Alvarez, Aitor Urkiza, Mirari Azkune, Aintzane Agirrebeña, Zabaleta eta Motriku. Gauean, erromeria elektroniko eta modernoagoek hartuko dabe protagonismoa. 20:00etatik aurrera, Plateruena antzokiko oholtzara igoko dira Euskal Herri osoko plazetan dabilzan lau talde bizkaitar: Gautegun, Zazpizar, Altxa Porru eta Zutik. Egun osoan zehar beste jarduera ugari be izango dira: ‘Korrotik pikutara’ hitzaldi musikatua Gari Otamendi eta Oier Araolazagaz, buruko-zapia zelan jantzi ikasteko ikastaroa Ane Albisuren eskutik, eta kale animazinoa erraldoi eta buruhandiakaz, txarangak, poteo musikatua, tailerrak…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00