
Bost kontinenteetako folklorearen aurpegiak eta arimak batzen dauan lana da. Portugaleteko Elai Alai taldeak 50 urte bete dauz, eta azken urteetan Asier Bastidak ataratako erretratuekin (danetara, 800 pertsona baino gehiagori) liburua argitaratzeko aukera sortu zan. Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak azaldu dauanez, materiala eginda egoan azken 15 urtetako erretratuekin eta egokienak sailkatu dabez. Diseinuaren inguruan, amankomunean jarri dabez irizpideak. Zein argazkik daukan indarrik gehien balorau dabe eta gero, herrialde, generoaren… arteko oreka bilatzen ibili dira. Arrizabalagak nabarmendu dauanez, argitalpen honek Bizkaiari eta Portugaleteri sekulako ekarpena egingo deutso, mundu osoan zehar hedatuko dalako euren izena folklore zaleen aurrean.
Printzipioz, The Folk Faces liburua debalde banatuko dabe Portugaleteko Nazinoarteko Folklore jaialdiaren parte diran jentearen artean. Geroago, Foru liburutegian salgai jarriko dabe eta Durangoko azokan be eskuratu ahal izango da.