Bizkargiri buruzko 18 pertsonen lekukotzak batu dauz Labayruk

Labayru Fundazioak Bizkargiri buruzko ikusentzunezkoa sortu dau

Bizkargi, erromeria, gerra zibila eta letania da

Bizkargiko erromeria / Labayru Fundazinoa

Bizkargi mendia eta Bizkargi Eguna ondare immaterialtzat erakusteko ikusentzunezkoa prestau dau Labayru Fundazioak. Lana atzo aurkeztu eben Zornotzan eta ikusentzunekoak interes handia sortu dau herrian.

‘Bizkargi zer da zuretzat’ galderea eginda, Santa Kurtzetan ospatzen dan jaia kontuan hartuta, era askotako erantzunak hartu dabez, bakotxak bere esperientziaren arabera: artoak ereiteko eguna, erromeria-eguna, memoria eta aldarrikapenerako eguna, dagoan eta jairik onena… Ikusentzun barri hau Labayru Fundazinoaren Youtube kanalean dago ikusgai eta lan horretaz berba egin dogu gaur “Goizeko Izarretan” Ziortza Artapegaz.

18 personaren lekukotasunakaz osatu dabe ikusentzunezkoa, izan be, Bizkargin hainbat arlo batzen dira. Lau udalerriren lurretan (Morga, Larrabetzu, Muxika eta Zornotza) dagoan mendia da, lehenago herri bakotxekoak alkarregaz igoten eben letaniak eginez, ermitan alkartzeko.

Bertan ermitea dago, maiatzaren 3an Santa Kurtze ospatzen dana. Egun horretan soloak bedeinkatzen ziran uzta ona izateko. Artzainen egutegian be, maiatzeko Kurtzetik irailekora bitartean ardiak mendira eroateko sasoia izaten zan.

Horrez ganera, joan dan mendeko gerra zibilean borroka latza egon zan bertan, hainbat lagun hil ziran bertan, asko eta asko hondino identifikau bakoak. Horregaitik danagaitik, Bizkargi eta han egiten dan jaia ondare immateriala be bada, eta ezagutzea ezinbesteko dogu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular