
Londreseko MindSens start-up -ak irabazi dau III Global Graphene Call lehiaketea. Enpresa hori kostu txikiko gailu eroangarri bat garatzen dabil dementzia garaiz detektatzeko. Rica Asrosa Indonesiako ikertzaileak zuzentzen dau proiektua eta Donostian dabil lanean, CIC nanoGUNEn, produktu hori garatzen. Grafenoa oinarri dauan sensore teknlogia baten bidez, biomarkatzaile zehatzak atzemateko helburua finkatu dabe, eta horretarako CIC nanoGUNE-ren laguntza teknikoa eta zientifikoa daukie.
Ana Zuzuarregi CIC nanoGUNEko ikertzailea alkarrizketau dogu Lau Haizetara saioan. Berak Rica Asrosa ikertzaileagaz lan egiteko aukerea izan dau. Zuzuarregik azaldu deuskunez, teknologia hau une honetan laborategiko fasean dago, eta dagoeneko biomarkatzaile bi balioztatu dabez. Hurrengo pausoa beste bi detektatzaile garatzea eta saiakuntza klinikoak hastea da. Ikertzaileek aurreikusten dabe bi edo hiru urte barru gailua merkaturatzea, eta horretarako spin-off enpresa bat abian jartzea be aurreikusi dabe. “Gaur egun diagnostiko tradizionala egiteko prozesuak garestiak eta luzeak dira. Guk nahi doguna da glukosa neurtzeko tiratxoen antzeko produktu bat sortzea da” nabarmendu dau Ana Zuzuarregik. Momentuz dementziak ez dauka sendabiderik. Baina sintomak agertu baino lehen eragiteko aukerea emon leike gailu honek, tratamenduak lehenago aplikatuz eta pazientearen bizi-kalidadea luzatuz.