
Bilboko Arte Ederren museoak “Con el tiempo” izeneko liburua aurkeztu dau. Adelina Moya Valgañon historialari, ikertzaile eta irakaslearen artearen ganeko idazkien aukeraketa esanguratsua dakar lan honek. Adelina Moya, Kordoban jaio zan baina EHUko Arte Ederren fakultadeko irakaslea izan da eta lotura handia dauka euskal artista desbardinakaz. Emakumeak egindako arteari ikusgarritasuna emon eutsola esan daiteke. 2013. urtean Eusko Jaurlaritzak emoten dauan Gure Artea saria jaso eban, arte bisualei egindako ekarpenagatik.
3 zati
Aimar Arriola ikertzaile eta editoreagaz lankidetzan argitaratutako lana da “Con el tiempo”. Hiru bat urteko lana da. Miguel Zugazak Arte Ederren museoko zuzendariak izan eban lan hau egiteko ideia. Arriolak azaldu deuskunez, hiru zatitan dago egituratuta. Lehenengoan ikerketak agertzen dira. Oteiza eta Lekuona nabarmentzen dira zati honetan. Estudioak izena jarri deutse bigarren zatiari. Ikerketa gaiak eta euskal artea aipatu behar dira honetan. Azkenik, alkarrizketak eta iruzkinak zatia legoke. 34 testu dagoz guztira lan honetan.