Urtarrilaren 13an depresinoaren munduko eguna da, eta gure Farmazia tartean horren inguruan berba egin dogu Juan del Arco kolaboratzaileagaz. Depresinoa izenez oso ezaguna dan arren, askotan gaixotasuna ez dogu guztiz ezagutzen. Kasu askotan erratuta gagoz pentsetan dogunean bakarrik triste edo animo gitxigaz egotea dala. Juanek depresinoa zer dan ondo azaldu deusku, eta baita ze garrantzitsua dan diagnostikatzea eta tratatzea be.
Osakidetzak badauka depresinoari buruzko informazinoa emoten deuskun webgune bat (https://osasuneskola.osakidetza.eus/eu/medialib/html/depresioa). Puntuz puntu oso ondo azalduta, osasun emozionalari buruzko aholkuak emoten dira eta ganera, test bat bete geinke gure egoera emozionala jakiteko.
Depresinoa zelan tratatzen dan eta zein medikamentu mota erabiltzen diran be kontau deusku Del Arcok. Serotonina eta beste neurotransmisore batzuk zelango eragina daukien gure gorputzean be azaldu deusku, farmako horreek zelan funtzionatzen daben ulertzeko.
Depresinoaz bildur barik berba egin behar dala eta asaldura emozionalen estigmagaz amaitu behar dala nabarmendu gura izan dau gure kolaboratzaileak. Amaitzeko, gogoratu dau oso garrantzitsua dala depresino-sintomak daukiezan pertsonek lehenbailehen laguntza eskatzea.
