Tanttaka taldearen Desobedienteak 18/98 antzezlana estreinauko da gaur Bilboko Arriaga antzokian. Desobedentzia da antzezlanaren ardatz. Gai hori jorratu gura izan eban Fernando Bernuesek eta testua idazteko enkargua egin eutson Maria Goiricelayari orain 3 bat urte. Ikerketa lan handia egin eban Goiricelayak testua idazteko. Bernues bera be izan eban ondoan lan horretan. Miren Gabilondo eta Fernando Bernues dira antzezlanaren zuzendariak. Aiora Enparantza arduratu da testua euskeratzeaz. Bera da antzezlanaren protagonistea euskerazko bertsinoan. Gaztelaniaz, Miren Arrieta da protagonistea. Istorioari jagokonez, Ainhoa izeneko ikaslea, Zientzia Politikoetan doktoratu da eta tesia defendatu behar dau epaimahai akademiko baten aurrean. Tesi horretan, 18/98 sumarioa be agertzen da. Tesia ardatz dala, hainbat kasu aipatzen dira antzezlanean zehar. Aipatu behar abenduan, jentaurrean egin ebela antzezlanaren entsegua Urnietan. Gabilondok esan deusku oso ondo joan zala eta askok esan ebela ea benetakoa zan egindako tesia. Aktualidadeari erreparatuta, momentu onean datorren lana dala esan daiteke. Zuzendariak dino, hauasnarketea eragin gurako leukiela, ikusleak ohartu daitezan zenbat gauza lortu diran desobedientziari esker.
Emonaldi ugari
Aiora Enparantza eta Miren Arrietagaz batera, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti eta Omar Somai aktoreak be ari dira antzezlan honetan. Azken honeek pertsonai diferenteak daukiez. Fernando Bernues arduratu da eszenografiaz. Espazio hutsa aukeratu dabela esan behar. Gaur ilunzeko zazpi ta erdietan izango da estreinaldia Bilboko Arriaga antzokian euskeraz. Gaztelaniaz bihar eskeiniko dabe lehenengoz. Ostean, maiatzera bitartean hainbat emonaldi daukiez. Hemen Bizkaian, besteak beste, Barakaldon, Arrigorriagan eta Galdakaon be eskeiniko dabe.
