Deustuko Unibersidadeak ate irekien jardunaldia antolatu dau Bilboko eta Donostiako campusetan, bereziki batxilergoko 1. mailako ikasleentzat, eta bihar egingo dau, maiatzaren 30ean, ikasleei datorren ikasturteko graduko eskaintza aurkezteko. Horren harira, Borja Aldazabal eta Larraitz Elorriagagaz egin dogu berba. Aldazabal ikasle barriez arduratzen da eta Elorriaga Ingeniaritza Fakultadeko komunikazino-taldean dago sartuta. Esan deuskuenez, barrikuntza nagusia sarrera prozesua azarora aurreratuko dala da. Beraz, data hori hartu beharko dabe kontuan etorkizuneko ikasleek Deustuko Unibersidadean tokia ziurtatzeko.
Datorren ikasturterako barrikuntzen artean, hiru gradu bikotx barri dagoz, guztiak Bilboko campusean: Zuzenbidea + Kriminologia, Psikologia + Kriminologia eta Gizarte Lana + Kriminologia. Era berean, Deustuko Unibersidadeak Enpresen Administrazino eta Zuzendaritzako + Datuen Zientziako eta Adimen Artifizialeko gradu bikotxa eskainiko dau Donostiako campusean, eta Lehen Hezkuntzako + Gizarte Hezkuntzako gradu bikotxa Bilbokoan. Halako jardunaldietara hurreratzen diran ikasleen artean, profil oso desbardinak dagozala nabarmendu deuskue Aldazabalek eta Elorriagak. Jardunaldian parte hartzeko izena emotea eskertzen dabe, antolakuntza errazteko asmoz, derrigorrezkoa izan ez arren.
