EHNE Bizkaiarentzat abelburu guztiei txertoa emotea garrantzitsua da dermatosi nodularrari aurre egiteko. Unzalu Salterainek azaldu deuskunez, Frantzian agertu diran kasuak kontrol barik egindako ganadu mogimenduen ondorioz sortu dira. Beraz, horrek erakusten ei dau kontrolek laguntzen dabela. Abelburu guztientzako txertoa eskatzen dabe EHNE Bizkaiatik. Horrez gain, ez dabe ikusten zentzuzkoa korta baten behi bat gaixotu ezkero, danak hil beharra. Hori beste era batera egin beharko litzatekeela uste dabe, kontrol zorrotzak eginda. Azoketan ganadurik ez egotea eta desinfekzinoak, neurri eraginkortzat jo ditu Salterainek.
Eredua aldatu ezean dermatosi nodularra, hegaztien gripea, txarrien sukarra eta antzeko gaixotasunak eten barik eukiko ditugula uste dau Salterainek, egokiena lizatekeela berton hazi eta berton saltzea, zero kilometro politikea. Bestela, munduan zehar animaliak batera eta bestera erabilita, holako gaixotasunak ez ei dira faltako aurrerantzean be.
Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioari dagokionez, momentuz, urtarrilera arte atzeratu dala azaldu deusku, batez be, Italiaren eraginez. Alemaniak bere intereseak daukazala eta akordioaren alde dagoala azaldu deusku EHNE Bizkaiako kideak, baina Frantzia aldiz, aurka dagoala. Bere eretxian akordio honek ez dau gauza onik ekarriko lehenengo sektorera eta onena izango litzateke Batasuneko herri gehiago agertzea kontra eta ez sinatzea.
Amaitzear dagoan urteari dagokionez, prezio aldetik eta ona izan ei da. Datorren urteko erronken artean, errelebo aldaketea nabarmendu deusku, beste batzuen artean. Europatik be horixe sustatuko da antza.
