Bizkaiko txoznakaz Batuz sistemaren egokitzeari buruzko alkarrizketak eukiten dabil BFA

"Guggenheim Urdaibai proiektuan naturan integrauta egongo dan eraikin txiki bat jarri gura dogu" esan dau BFAko buruak

Elixabete Etxanobe: “Herri txikien finantziazinoa handitzeari ez deutsat ezetzik esaten”

Elixabete Etxanobe (Bizkaiko Ahaldun Nagusia) / Bizkaia Irratia

Atzo bere herriko jaietako egun nagusian sartu-urtena egin ebala esan deusku Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Otxandioko politikariak urte bat bete dau BFAko buruzagitzan eta horren balantzea egin deusku gaur Goizeko Izarretan irratsaioan. Errenta Kanpainan 670 mila aitorpen izan dira eta Aldundiak egindako itzulpenetan inoizko kopururik altuena lortu da. “Herritarrak sistema hau oso ondo baloretan dau, lortu dogu autorpena egin behar eben guztiei autorpen hori eginda bidaltea eta hori asko da” esan dau Etxanobek. Guggenheim Urdaibai proiektuari buruz BFAko buruaren eretxian ingurumenarekiko onura asko ekarriko dauz. “Muruetako ontziola, industria astuna, handik kenduko dogu eta naturan guztiz integrauta egongo dan eraikin txiki bat jarriko dogu” aitatu dau. Herritarrei proiektuaren asmoak azalduko jakezala esan dau Etxanobek. Era berean, herritarrek egingo dabezanak entzungo dabezala eta proposamen horreek lotesleak ez dirala izango aitatu dau.

BFA eta EUDEL Bizkaiko herri txikiek finantziazino handiagoa jasoteko aukerea aztertzen dabilz. Horretarako 1994tik eguneratu barik dagoan funts bat eguneratu beharko litzateke. “Bizkaian udalerri txiki asko dekoguz, negozietan gabilz eta izan leike neurri hori hartzea” esan dau Etxanobek.

Gasteizen txoznek esan dabe Ticket Bai sistemagaz ez dabela bat egingo eta jaietan txoznarik ez egoteko arriskua dagoala. Bizkaian txoznak Batuz sistemaren barruan egoteko derrigortasuna 2026an sartuko da indarrean. “Aldundia Bizkaiko txoznakaz alkarrizketak eukiten dabil, Batuz sistemara batzeak ez dau esan gura zerga gehiago ordainduko dabenik, eurakaz batuko gara behar dan guztietan” azaldu dau Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.

Lurraldeko udal batzuk jaietako sexu-erasoak saihesteko neskak etxeraino oinez laguntzeko taldeak sortu dabez. Horretaz be galdetu deutsagu Etxanoberi. “Nerabe baten ama naz, inoiz ez dozu gura inork erasoren bat jasatea baina baita be ikusten dot oso tristea dala gizarte aurreratu bat bagara horrela bizi behar izatea” adierazo dau BFAko buruak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00