
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, agirian itxi dau bere konpromiso sendoa lurralde osoko garapen orekatu baten alde. Hainbat gairen gaineko ikuspuntua emon deusku Goizeko Izarretan saioan egindako alkarrizketan: azpiegiturak, zaintza-sistemak, metroaren 4. linea, gazte migratzaileen egoerea…
Subflubiala
Etxanoberen esanetan, subflubialeko tunelaren obrea Bizkaiko azken hamarkadetako proiektu estrategiko garrantzitsuenetariko bat da. Egunero ehunka mila ibilgailuk zeharkatzen daben puntu korapilatsuari urtenbidea emoteko egindakoa: “Guztion segurtasuna, denporearen aurrezpena eta ingurumenaren zaintzea buztartu nahi doguz,” azaldu dau. Mikroboladuren erabilerearen inguruko kezkei be erantzun deutsie: “Ez da salbuespen bat. Adituek dinoe metodo seguru eta erabiliena dala obrak bizkortu eta molestiak gitxitzeko.”
Busturialdea eta Urdaibaiko Guggenheim
Horrez gain, Urdaibaiko entzute prozesua eta Busturialdeko plan estrategikoa nabarmendu ditu, herritarren parte-hartzea ardatz hartuta. Zera baieztau deusku, ez dabela erabagirik hartuko jenteari entzun barik. Euron metodologia entzute aktiboa dala, eta prozesu horren ostean aztertuko dabela zein bide hartu.
Txoznekin berbetan
Txoznek Batuz sistema erabili beharraz eta horrek eragindako ezinegonaz azaldu deusku, Txosna batzordeak eta Aldundiaren artean hartu-emonak dagozala, “diskrezinoz eta alkarrizketaz” bideratu behar dirala uste dau: “Gure helburua da danontzako eredu egokia topetea. Irabazi asmorik ez daben eragileek euren lana normaltasunez egiteko modua izatea.”
Gazte migratzaileen egoerea lehengo moduan
Heldu barik heltzen diran gazte migratzaileen egoerea dala-eta, aldaketarik ez dala izan eta egoerea “tentsinopean” dagoela esan deusku. PPren jarrerak “onartezinak eta blokeatzaileak” dira, Etxanoberen esanetan. “Beste Erkidego batzuek ardura handiagoz jokatu beharko leukie, guk ezin dogu bakarrik zamaz jagon. Bizkaia ez da isolauta bizi, eta Espainia osoaren arazoa da hau,” adierazi dau.
etxeTIC Bizkaia osoan
Zaintza sistemeari jagokonez, adinekoen zaintza eta autonomia pertsonalaren sustapena gako moduan kokatu ditu, eta horren adibidea da etxeTIC sistemea Bizkaia osora zabaldu izana.. “Etorkizunera begira, adinekoek aktibo eta osasuntsu jarraitzea nahi dogu, eta horretarako etxetik bertatik teknologia erabiliz zaintza adimentsuak garatzen gabiz,” azaldu dau.
Ikus entzunezkoen industria goraka
Ikus-entzunezko industriaren gorakadea eta apustu estrategikoa be azpimarratu ditu. %40 enplegu gehiago sortu da azken urteetan, eta Bizkaia mapan ei dago industria serio moduan. Egiturak behar dirala nabarmendu deusku, eta horretan be lanean dabilz, New Yorken egindako aurkezpen bat eta Getxoko ekimenak gogoratuta.