Gazteek be matxismo kasu ugarigaz egiten dabe topo egunerokoan

Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazinoarteko Egunaren harira, lau gaztek euren esperientziak partekatu deuskuez

Indarkeria matxistea, gazteen begiradapean

Ezkerretik eskumara, Uxue Idoyaga, Andeka Ballestra. Goiane Larrinaga eta Asier Murillo / Bizkaia Irratia

Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazinoarteko Egunean, Lau Haizetara irratsaioan, tertulia berezia egin dogu gazteakaz. Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsidade Eskolako Uxue Idoyaga, Goiane Larrinaga, Andeka Ballestra eta Asier Murillo etorri jakuz Bizkaia Irratiko estudioetara, euren bizipen eta iritziak partekatzeko.

Gazteek azaldu dabe matxismoa “gizon eta emakumen arteko desbardintasuna, eskubide eta baldintzetan” emoten dala, baina batez be, jarreretan eta eguneroko keinu txikietan ikusten dabela matxismoa. Azpimarratu dabe sarri ez dirala bakarrik indarkeria fisiko edo kasu larriak. Komentario eta txiste askok be kaltea egin dabela gaineratu dabe. Sare sozialen eragina be mahai gainean jarri dabe. Sareek eta Internetek egoera asko agerian itxi dabezala esan dabe, eta horri esker gaur egun gehiago entzuten dala matxismoari buruz. Baina aldi berean ohartarazi dabe erasoak eta jarrera matxistak errazago zabaldu daitezkela sareetan.

Tertulian, gazteek kalean eta parrandan emakume askok sentiduten daben beldurrari be egin deutsie erreferentzia. Nabarmendu dabe ez dala gauza bera gizonek eta emakumeek bizi daben inseguridadea. Hezkuntzaren papera izan da beste gako nagusietako bat. Tertuliako lau ikasleek gogoratu dabe etorkizuneko irakasleak izango dirala, eta eskola funtsezkoa izan dala eta izango dala jarrera matxistak identifikatzeko eta desegiten laguntzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00