
‘Ariadnaren haria. Sexua eta generoa hizkuntzaren labirintoan’ oraintsu Susa argitaletxearen Lisipe bilduman argitaratu dan saiakera lanaren izenburua da. Beatriz Fernandez egileak benetan generoak eta sexuak zenbateraino eragiten deutsien hizkuntzari aztertu gura izan dau.
Euskara genero gramatikalik ez daukan hizkuntzatzat euki arren, liburuan genero aztarnak daukazan hizkuntza dala defendatu dau. Hainbat adibide ipini dauz. Argienetako bat, euskararen bereizgarria dan hitanoa da. Emakumeen eta gizonen jokabidea alkarrizketetan, idatzizko zein berbazko alkarren hartuemonetan be aztertu dau, eta konturatu barik, arrakalaren parte emakumea bera dala zehaztu dau. Horri aurre egiteko, baina batez ere zuzentzeko, estrategiak beharko genituzkeela uste dau. Emakumeen madarikatzeko gaitasuna be bada liburu honetan aurkitu geinken hausnarketarako beste gai bat.
Aipatutako hiru gai nagusiak, gainera, fikzinozko eta hezur-haragizko emakumeak bidelagun daukazala harilkatu dauz hizkuntzaren labirintoan. Besteak beste, Utergako Joana, Katalina Erauso, Klementzia Richards, Kresala nobelako Tramana eta Brix, Virginia Woolf… dira liburuko bidelagun horreek.