
Oier Zuñigak sortutako Eresia, Lurra Arin Bekizu, Ama ikuskizunaren azken emonaldietariko bat izango da astegoienean Bilboko Pabellon 6 aretoan. Oier Zuñigak azaldu deuskunez, bere amaren heriotzaren ostean sortutako lana da Eresia. Dolu erritu modura, praktika artistiko desbardinak egiten hasi zan eta honeek partekatzeko ideia izan eban. Bere proposamen pertsonalena dala esan daiteke. Dantzea, kantua eta interpretazinoa buztartzen dira. Ez da istorio zehatz bat kontetan, istoriorik gabeko istorioak litzatekez. Oier Zuñigagaz batera, Eneko Gil eta Belen Cruz agertzen dira taula ganean. Egileak esan deuskunez oso pieza poetikoa da, intimoa. Orain arte 50 herri baino gehiagotan eskeini dabe eta erantzuna zoragarria izan dala esan deusku Zuñigak. Pabellon 6 aretoan bihar eskeiniko dan emonaldia azkenaurrekoa izango da. Martiaren 7an, Iruñean izango da azkena.
Sortzaile barriak
Sortzaile barriei eskeinitako astegoiena izango da honakoa Pabellon 6 aretoan. Batetik, Eresia, Lurra arin bekizu, ama ikusi ahal izango da eta bestetik La Chivata Teatro konpainiaren Yo soy azul. Gaztelaniazko lana honakoa. Natalia Tapia, Salma el Amrani, Plámena Rodriguez eta Irati Moráren sorkuntza kolektiboa da. Zahartzaroaren ganeko hausnarketea eskaintzen dabe. Umorearen eta antzerkiaren bidez, gizarteak emakumeen zahartzearen ganean ezartzen dauazan aurreritziak eta gorputza onartzearen garrantziaz birpentsatzera gonbidatzen gaitu. Bihar eta etzi, Eresia, lurra arin bekizu, ama eta Yo soy azul lanen ostean, solasaldiak izango dira publikoagaz.