1995eko urtarrilaren 6an, Pirinioetako Balaitus mendia jaisten egozala, edur jausi batek Santutxuko sei gazte harrapatu eta hil ebazan. Bilboko auzoan bertan eta euskal mendizaletasunean arrasto sakona itxi eban ezbehar honek. Santutxun Sei izar izena jarri eutsen ezbeharrean hildako Ezker Alday, Harritzen Gonzalez, Ibai Garay, Mikel Epelde, Asier Gorrotxategi eta Ikerne Martitegiri. Ordutik, euren omenez, urtero egiten dabe Santutxutik mendi urteeraren bat. Holango urteera baten sortu zan komiki bat kaleratzeko ideia orain urte eta erdi. Orain, 31 urte geroago, istorio hura komiki bihurtu dabe Santutxuko auzotarrek.
Proiektuaren hazia Gorka Vacasek bota eban. Ibon Elorri ilustratzaileari proposatu eutsan. Ibonek hasieran zalantzak izan ebazan, batez be, ezbeharrak familietan eragindako minagaitik. Apurka-apurka, eta lagunakaz eta senideakaz bera egin ostean, proiektua aurrera eroatea erabagi eben. Vacas eta Elorri Balaituseko mendi urteera haretan egon ziran. 17 eta 23 urte arteko gazteak ziran, eta mendia deskubrimendu garrantzitsua izan zan euren bizitzetan. Vacasek gogoratu dauanez, esperientzia gogorra izan zan, baina mendira bueltatzen jarraitu eben. Gaur egun be mendia euren bizitzako parte dala azaldu dau.
Sei izar, Balaitusera azken igoera da komikiaren izenburua. 112 orriko lana da, euskeraz eta gaztelaniaz argitaratua. 90eko hamarkadako gazte belaunaldi baten erretratua da honakoa. Euren ilusino, konpromiso eta bizitzeko modua erakusten dauz. Eta zelan ez, naturarenganako eta, batez be, mendiarenganako eben maitasuna. Sei izar, Balaitusera azken igoera komikia abenduaren 10ean aurkeztuko dabe Santutxuko Karmela gunean.
