Laugarrenez egingo da azokea: 18 enpresa eta 60 lan-eskaintza

Lea-Artibaiko Enplegu Azoka egingo da bagilaren 6an

Esti Plaza: “Enpresek lan aukera errealak dakarrez, gazteekin aurrez-aurre alkartzeko”

Lea-Artibaiko Enplegu azoka / Leartibai Fundazioa

Leartibai Fundazioak, Bizkaia Gazteak Lea-Artibai ekimenaren barruan, Lea-Artibaiko Enplegu Azoka antolatu dau bagilaren 6rako, Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean (goizeko 10:00etatik 13:00etara). Ekitaldi honen helburu nagusia Lea-Artibaiko gazteen laneratzea eta enplegagarritasuna sustatzea da. Horretarako azoka formatu baten planteauta, gazteek euren kurrikulumak enpersei eskura emoteko aukerea izango dabe, eta baita aurrez-aurre enpresakaz hartuemonetan jartzeko aukerea be. Lea-Artibai eskualdeko 12 udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dabe ekimena.

Aurtengo edizinoan eskualdeko eta inguruko 18 enpresa eta erakundek parte hartuko dabe. Danetara, 60 lan-eskaintza inguru eskainiko dabez. Parte hartuko daben enpresen artean industria, zerbitzuak, energia berriztagarriak edota irakaskuntza moduko sektoreak egongo dira ordezkatuta. Ganera, bekak edota praktikaldiak be eskainiko dira.

Esti Plaza Leartibai Fundazioko merkataritza eta talentu arduradunak azaldu deuskunez, azoka honek gazteei aukera parebakoa eskaintzen deutse lan-merkatuan sartzeko edo norabidea aldatzeko. “Gure helburua da gazteek, bai lana bilatzen dabilzanek, bai lan-aldaketa bila dabilzanek, enplegagarritasuna hobetu dagien, bertoko enpresek eskaintzen dabezan lan-aukeren bitartez”.

Azken urteetako balorazioa oso positiboa izan dala azpimarratu dau Plazak, bai enpresen aldetik, bai hurreratzen diran gazteen aldetik be. Enpresa parte-hartzaileek benetako lan-eskaintzak aurkezten dabez eta aurrez-aurreko hartuemon horri esker, askok lanerako aukera errealak lortzen dabez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00