Leioako Lamia euskaltegian 150 ikasle eta 7 irakasle daukiez

"Korrikak euskeraren arloan inork lortu ez dauena lortu dau" esan deusku Uribe Kostako AEK-ko ordezkariak

Eunate Muruaga: “Uribe Kostako euskaltegietako matrikulazinoetan gora egin dogu”

Eunate Muruaga (AEK-ko kudeaketa batzordeko kidea) / Bizkaia Irratia

Gaur goizean Urdulizen, Sopelan eta Larrabasterran Korrikak lagatako aztarnaren lekuko izan ostean Goizeko Izarretan irratsaioan euki dogu AEK-ko Kudeaketa Batzordeko kidea, Eunate Muruaga. Uribe Kostako herrietan jendetzea batu dala esan deusku berak. “Korrika euskerearen alde egiten dan ekimenik zirraragarriena da, orain arte euskerearen arloan inork lortu ez dauena lortu dau, euskal gizarte osoa alkartzen dauena” aitatu dau Muruagak.

Eunate Muruaga Leioako Lamiak euskaltegiko idazkaria be bada. “150 ikasle eta 7 irakasle daukaguz. Sasoi baten nabaritzen genduan ikasle gehienak titulu bila etozala, orain perfil desbardinagoa topetan dogu, besteak beste, taldean euskeraz berba egitea gura dabenak” azaldu dau AEK-ko ordezkariak. Uribe Kostako AEKren barruan  Gorliz, Plentzia, Algorta eta Leioako  euskaltegiak batzen dira. Muruagaren berbetan matrikulazinoetan goranzko joerea nabaritu dabe. “Gero eta etorkin gehiago datoz euskera ikastera, asko dira eskolan euren seme-alabak matrikulau dabezanak” azaldu dau Muruagak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00