
Europako Batasunaren aldeko aldarria egin zan zapatuan Bilbon. Arriaga antzokiaren aurrealdean egin zan agerraldia maiatzaren 10ean. Arlo desbardinetako 120 intelektual baino gehiagok egin eben deialdia. Euren esanetan, Europa hil ala biziko erronka baten aurrean dago. Alberto Lopez Basaguren EHUk Konstituzino-Zuzenbideko katedraduna da euretariko bat. Esan deuskunez, zapatuan, erantzun apala izan eban deialdiak, baina duina era berean.
Herritarrak proiektuaren bultzatzaile
Bigarren mundu gerratik Europan egoan eredua apurtzen dagoala uste dabe ekimenaren antolatzaileek. Eredu barria sortu beharra azpimarratzen dabe etorkizuna bermatzeko. Europa federalago bat nahi dabe, demokratikoagoa eta autonomia izango leukena nazinoarteko eszenatokian. Europako Batasunaren etorkizuna mota askotako jentearen artean osatu behar dala dinoe. Herritarrak izan behar dira estaduak bultzatu behar dabezanak euren ustez. Horretan jarriko dabe indarrik handiena.
Europan, agintariak, defentsan gastua gehitzeaz eztabaidatzen dabiz aspaldion. Lopez Basagurenek gogoratu dau 3. aurrekontu handiena daukala Europak gaur egun armagintzan. Ukrainan bake akordioa lortuko balitz, albiste ona izango litzatekeela uste dau katedradunak. Dana dala, Europaren erronkak hortxe jarraituko leukiela gaineratu dau. Bere esanetan, Europa ahul agertu da Ukrainako gerraren aurrean edo Gazan gertatzen ari danaren aurrean. Gaitasun eza erakutsi dau Europak, Lopez Basagurenen esanetan.