
Aretxabaletan egingo da irailaren 14an Euskal Herriko Bertako Tomatearen lehiaketearen hirugarren edizinoa. Lehiaketa hau Tomate Egunaren barruan antolatzen da, eta Deba Garaia Landa Garapen alkartearen eta Aretxabaletako Udalaren arteko lankidetzatik sortzen da. Debagoieneko egutegian dagoeneko finkatuta dagoan hitzordua da, turismo gastronomikoa bultzatu eta bertako produktuak ezagutarazoteko helburuagaz. Tomate Eguna bederatzigarrenez egingo da; lehiaketea, hirugarrenez.
Agurtzane Diaz teknikariak azaldu dauanez, ekimenaren helburua bertako bariedadeak eta baserritarren lana balorean jartzea da. “Tomate bariedade propio horreek urte luzetan gorde eta zaindu izan dira, eta gure asmoa da horri errekonozimendu txiki bat emotea”, gaineratu dau Diazek. Euskal Herriko Bertako Tomatearen lehiaketan, Euskal Herrian erroldatuta dagoan edonork hartu leike parte. “Ez da zertan ekoizle profesionala izan behar“, zehaztu dau. Aurkezten dan tomate bariedadea, bertako tomatea izan behar dau (bariedade hibridoak ez dira onartuko). Lehiaketan parte hartzeko, aurretik izena emon behar da: kultura@aretxabaleta.eus helbide elektronikoan. Izena emoteko azken eguna, irailaren 11a (12:00etan) da. 2022an egindako lehenengo lehiaketan, 23 tomate bariedade aurkeztu ebezan. Igaz, 42. Aurten kopuru hori ganditu gurako leukie.
Aretxabaletako IX. Tomate Egunean, lehiaketaz gain, hainbat ekintza paralelo izango dira: azokea, aintzinako tomate bariedadeen erakusketea, tomate haziak erauzteko tailerra, sukaldaritza tailerra eta dastaketa… Ganera, astegoien osoan zehar, Aretxabaletako hainbat establezimenduk Aretxabaletako tomateagaz egindako pintxo bereziak eskainiko dabez.