Euskera eskolak emoten lehenengoa izan zan Boiseko unibertsidadea

Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Boiseko Unibertsidadeak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe

Euskal ikasketen ganeko programa aitzindaria abian Boisen

Hitzarmena sinatzen Boisen / Etxepare Euskal Institutua

Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Boiseko Unibertsidadeak lankidetza hitzarmen aitzindaria sinatu dabe. Boisen, Jaialdi 2025 izan dan bitartean sinatu zan aipatutako hitzarmena. Etxepare Euskal Institutuko Irene Larraza zuzendariak emon deusku gaur honen barri. Honentzat lehen jaialdia izan da eta harrituta dagoala esan deusku, erakutsi daben antolatzeko gaitasunagaz eta konpromisoagaz.

Eredu bilakatzea nahi

Jaurlaritzak, Etxeparek eta Boiseko unibertsidadeak euskal ikasketen ganeko ikerketea bultzatzeko programa barri bat jarriko dabe abian, aurreko astean sinatutako hitzarmenari esker. Gogoratu behar da, Boiseko unibertsidadea dala munduan, euskera eskolak emoten hasi zan lehenengoa. Orain, beste unibertsidade batzuentzat eredu izan daitekeen programea garatuko da bertan. Laguntzak emongo deutsiez ikasleei euskal ikasketen ikerketea bultzatzeko. Programa aitzindari honez gain, Eloise Garmendia Bieter katedraren etorkizuna bermatzeko konpromisoa be berretsi dabe. 2015. urtetik dago abian katedra hau. Eloise Garmendia Bieter figura nabarmena izan zan AEBtako euskal diasporaren barruan. Boiseko Euskal Museoa edo Euskal Etxean egindako lanari esker, erakunde horreek indartzen eta garatzen lagundu eban. Boiseko unibertsidadean, esan behar, euskal ikasketez interesetan diren ikasleen artean, euskal jatorririk ez daukienak be badagozala.

Etxepare eta NABO

Boisera egindako bidaia instituzionalaren barruan, Etxepare Euskal Institutuak eta NABOk, Ipar Amerikako Euskal Alkarteak, lankidetza-akordioa sinatu dabe euskerearen irakaskuntza AEBtako Euskal Etxeetan sustatu eta trinkotzeko. Imanol Pradales lehendakaria buru dala, Eusko Jaurlaritzak euskal diasporeagaz daukan konpromisoa berresten dauan akordio estrategikoa da. Euskerea, komunidadearen kohesino-indar modura ezartzen lagunduko dau honek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00