Euskera Hobetzen 'Begiratu besterik ez dago' edo 'begiratu baino besterik ez dago'?

Euskera Hobetzen tartea

Euskera Hobetzen ‘Begiratu besterik ez dago’ edo ‘begiratu baino besterik ez dago’?

Begirada bat / Bizkaia Irratia

Aholku bat eskatu deuskue esamodu baten inguruan: Begiratu besterik ez dago eta begiratu baino besterik ez dago. Bata ondo eta bestea ez? Ala biak ondo? Ala besteren bat hobeto?

Xabier Boveda euskerahobezale finak bideratu deusku zalantza hau. Mezuan hau dino: “Gauza bera da begiratu BESTERIK ez dago eta begiratu BAINO BESTERIK ez dago? Bigarrena erredundante hutsa da ala badauko balio indartzaile adierazkorra? Bitaño idazlearen liburuaren sarreran ipini dogu, eta itandu deustie ondo ete dagoan. Ni baiezkoan nago, (hainbat adibide topau dodaz idatzizko eta ahozkoak), baina zeuk hobetu jakingo dozu” (2022-09-19)
Ondo baino hobeto erabilirik dago baino besterik juntagailu bikotx hori. Baina juntagailu bakarraz be espresa daiteke: baino hutsik erabilita edo besterik hutsik erabilita. Adibide bera erabilita, esan daiteke: Begiratu BAINO ez dago edota Begiratu BESTERIK ez dago.
Zergaitik dago artez eta zuzen esanda juntagailu biak erabilita: Begiratu BAINO BESTERIK ez dago?
Esaldi bi dira oinarrian, sakoneko egituran: lehenengoa ezezka eta bigarrena baiezka. Bata: Ez dago (ezer) besterik, eta bestea: begiratu (egin behar da). Zelan alkartzen dira juntadura bidez? Funtsean baino juntagailu aurkariaren bitartez, edo baizik juntagailuaren bitartez.
Azpian datzan informazinoa hau da: Hau (A) EZ dago. Hori (B) dago. Lehenegoa ezetz, bigarrena baietz, aurrez aurre ipinten diran mezu edo informazino bi. Lehenengo esaldian, ezezka emona dan horretan, bigarrenean adierazoten danaren kontrako guztia ezeztatzen da, bigarren esaldiko mezua ez dan beste guztia ukatzen da.
Kontrakotasun edo aurkaritza hori era laburrean, elipsirik handienaz adierazoteko era bi garatu dira azaleko egituran. Bata, eredu batuan gehien irakurten dana, besterik soilik erabiltea. Bigarrena, sartaldean ezagunena, baino soilik erabiltea. Eta hirugarrena, biak batera darabilzana, baino besterik.
Gaur egungo berbetan entzuniko adibide batzuk ekarriko ditut. Bat, Markinan jasorikoa: “Jatea baino besterik ez dauka gogoan” (Jab.Kalzakorta. 2013-III). Bigarren bat: “Musturra sartzen dauen leku guztian bazterrak nahastau baino besterik ez daki egiten.” Hirugarren bat: “Urte guztian behar eta behar baino besterik ez dogu egin eta, bakazinorik ez dogu merezi ala?”. Laugarren bat: “Harrokeria baino besterik ez daukan gizona.”
Tradizino idatzira joten badogu, XX. mendean ez dira lekukotasunak falta. Hara batzuk:
– Azkue: “Bertara begiratu eban, da argi zirina ta iluntasun aho-zabala baino besterik ez eban ikusi.” (Bein Betiko). “Irudimenak ez dau etorkizuneko usteak zelanbait antzeztu ta adineratu baino besterik egiten. “No suele hacer otra cosa sino dibujar” (Gramatica V 162).
– E. B. Akordagoitia: “Alde askotan, lurrezko luban haundi bat baino besterik ez ei da” (Txinako barriak, Euskal Esnalea 1913, 76.).
– Domingo Agirre: “Zuk eztozu gaur etxetik urtengo neuk esaten deutsudan agindura baino bestetara” (Auñemendi). “–Beraz Mendiolako jaunak hi baino beste adiskiderik ez eukan? –Aldra hatan ez, jauna.” (Auñemendi).
Testu klasikoetara bagoaz, besterik eta baino juntagailuak, batera barik, bananduago agiri dira esaldien alkarkuntzan:
J. A. Mogel: “Zer eranzun biar jake esan daroen andrakumeai: “Jauna, eztot beste bearrik egin, zarrak maniau edo adobetia baiño”? (Mog Erakuspena 118).
Pedro Astarloa: «Onetan ez eban beste gauzarik egin, arako gerrari andi Fabiori jarraitu baiño» (UD II, XII).
Bide batez gogoratu daigun, besterik eta baino juntagailuez aparte, baizew (baxen) be azaltzen da aldi zaharragoetan, baina oraintsuagoko klasikoen artean be bai. Halan: “Oraintxe baxen beste era, aldi ta denporarik eztago neure naiguran” (Añibarro Escu Liburua).

Esakuntza baten hitzek dinoe: “Olako tximinian be ez, gurekoan beste ke.” (Bitaño. Izurtza). Zein esangura dago errefrau horren atzean?

Berbaz, Mañaria-Izurtza aldeko berbetan: “Olako tximinidxan b´es gurekuen beste ke” (620) Nicolas Alzola “Bitaño”k aspaldi baturiko esaldia, eta zerrenda luze bategaz batera Xabier Boveda irakasle ikertzaileak, Durangoaldeko lankide batzukaz batera, Labayru Fundazioaren Litterae Vasconice aldizkarian argitaratua.
Olako tximinirik gaur egun ez dogu jardunean ezagutu, Mirandola edo El Pobal burdinola zaharretan erakuspen modura egiten diranak kenduta. Burdinea aspaldiko ola zaharretan egiten zan aldian, XIX. mende erditsura arte edo, guztiz ohikoa izango zan, olak ziran lekuetan behintzat, tximiniak ke lodia dariola ikustea. Burdin-harriak eta egur-ikatzak, sua hartzen ebenean, negargarrizko ketzea ateraten eben, hurrean. Horrexetatik finkatu da errefrau horretan, oletako tximiniei erioen negargarrizko ketza ugariaren irudia, gaur gure begietatik eta irudimeneik be galdua.
Zer esangura transmititzeko darabil oletako kearen irudia hor? Berez kea da errefrauaren ardatza, eta ez olea. Kea da konparagarritzat hartzen dana, ketza ugaria, batetik olako tximinian gora doana eta bestetik gurekoa, gure etxekoa. Horreexek dira erkatzen diranak: zeinek ke gehiago bota.
Etxeko tximinian gora doan kearen oinarrian behekosudun eta tximiniadun etxearen irudia dago. Etxe hori ez zan basoko zelan-halango etxola bat; fogera zala autortzen da hor; Jesus Eguzkiren esanean, bizitetxea egoan ezaugarria zan tximiniadun etxea izatea. Baina orduan be subertauko zan, eskaratz barrua, suetea, dana kez betetea, edo tximiniak behar dan moduan tiratzen ez ebalako, edo etxea bera tedo tximinia txarto eginda egozaalako, edo egurra berde eta ezo egoalako edo dana dalakoagaitik.
Kearen irudiaz errefrau horretan esan gura dana, ‘handiustea, eretxitasuna, kanpoeder agertu gurea’ da, gazt. ‘vanagloria’ dalakoa. Pertsona, familia edo etxe batekoen handikeria, harrokeria edo burueretxia. Bitañoren beraren argibidea: “Izen handikue, baia izen hutsekue”.
Bada XVI. mendeko euskal errefrau zahar bat, esanguraz hurrekoa eta egituraz be kide-kidea dana. Dino: “Doillorrak pere andizurenen ospea, gora joaku ikaztobiko kea. // Aun el más ruin, fama de principal. / Arriba se nos va el humo de la carbonera” (RS 507). Ikaztobiko kea bardintzen da hor handikien, handizurenen, ospeagaz. Pedro A. Añibarrok be bere hiztegian baturik dakar kearen irudia, gizaki batzuen izaereagaitik dinoanean: “Pica por alto, keak ditu”. Eta Duvoisinek lapurteraz, antzera: “Ez duzu zeren kherik hartu zure aberastasunaz, vous ne devez pas vous enfler de vos richesses”.
Gure etxean kea zenbat gura dagoala esatean, gizaki edo kasta batekoen izaera handigurakoa islatzen gagoz.

Olea, burdinolea, gaur galdua dan langintza izanagaitik, esaeretan ondo lekuturik geratu da. Esaera zaharretan ugariagoa, modernoetan ez bada be. Ezaguna dogu harako: “Balizko oleak burdinarik ez”.
Ola, olea, hitz alkartuagoetan be hainbat erabilia izan da. Bi edo hiru aitatuko ditugu: Olajauna, olearen jabea.
Olagizona. Olagizonak. Esaera zahar batek olagizonak eta errementariak aitatzen ditu. “Olagizonak eta errementariak poltsan diru gutxi eta begiak gorriak” (G. Garate Atsotitz 10563).
Olandrea. Olandrak be baziran, eta esaten zan. Seguruen, olajaunaren edo olagizonen andrak. Baina esaera lez ez da galdu olandrearen irudia gure esakeretan: “Olandrea baino latzagoa!” da Jose Luis Lizundia euskaltzainak aspaldi Garaian entzundako esakerea, nik hari ikasia (2014).

Sarri esan eta entzuten da jatordua gure artean. Zer adierazoten dau berez? Jateko ordua ala jaten doguna bera?

Jatordua eta otordua enda bateko berbak dira. Bietan agiri da ordua, baina gaur egungo hiztunon erabileran “bazkaria” bera izentetako erabilten dira, bai jatordua eta bai otordua, zein bere erabilte-lekuetan.
Urdaibai aldean, Barrutiko auzoan, hamaikatxo biderrez entzuna deutsagu Torreneko ugazabandreari: “Hondino jatorduak eiteko nago ni!” (Laura 2022-08-29). Etimologiaz jateko ordua da, baina adierazoten dana, eguerdiko bazkaria.
Otordua izenaren azpian ogi ordua datza, baina jateari berari esaten jako hau be; ez bakarrik eguerdikoari, ezpada edozeini. Ogi orduhorrek gogorazo deust alemanez be Brot (essen) esaten dala “jateko” adiera berberaz. Gure idatzietan, gudu aurreko administrazino testu baten argibide hau emoten da: “Iru otordu izango dira egunero: gosaria, bazkaria eta aparia” (EAEg 8-1-1937 756). Eta hainbat lehenago, XVIII. mendean Ubillos gipuzkoarrak: “Ta egunean otordu edo bazkari bakar bat ez egitean, ta ori ere eguerdi ondoan” (Dotrin berriekarle).
Eguerdi hitzagaz be izentetan da bazkaria. Eguerdia jan esaten da hondino be Bermeo, Mundaka, Busturia inguru horretan, besteok bazkaria jan dinogunerako. Atlasean (EHHA, Euskaltzaindia) jasoa da hurrengoa: “Bermion esaten du “baskaldu”, baye baite “banu eguerdixe dxaten; eguérdixe dxan dót”.” Eguerdia berez egunaren erdialdea da, denpora mailako kontzeptua, baina jate jardunari berari egotzirik darabile inguru horretan.
Matordua be kostaldeko berbea da. Ondarroa aldean sarri entzun dot matordu berbea, ‘mahai(rako) ordua’ etorkiz. Eta matordu hitzak be esangura biak dituala esan daiteke, baina behar bada gehiago ‘jateko ordua’ adierakoa. Eusebio Erkiaga idazle lekeitiarrak honako esaldi bi darabilz: “matordua helduko ez helduko begira egon barik” (Batetik Bestera). “Gero ta eskasagoak ditu matorduetako janariak” (Batetik Bestera). Eta Busturian entzunda jasorik daukat, Matordua da esaten, jateko ordua dala aditzen emoteko.
Oturuntza be esan izan jako, batez be Iparraldean, otorduari. Oinarrian berba beretsua da: ogi orena, eta -tze/-tza atzizkia. Berba zaharra da, aspaldiko idatzietan gehiago agiri dana, baina gaur egun be guztiz galdu ez dana. Itsasu Lapurdiko herriko lekuko bati aspaldi batua da: “Lapurdin dut aittu otruntza itekoa du, ez gia bazkalduiak erraiteko” (EHHA, Euskaltzaindia). Eta Ezterenzubiar bati: “Otruntza, kantiak erraiten du: “otruntza ordua denian, toki bat gure aldian. Hazpandar zera da”, esatea lez Hazparne aldean esaten dala. Oihenartek errefrau bat dakar berba honegaz: “Esparanza, esteiariaren othoranza” (Oih Prov 591). Ubillos idazlek XVIII mendean hitz biak darabilz sinonimo moduan: “Egunean otoruntz edo otordu bat baizik ez egitera” (Dotrin berriekarle).

Bazkaldu ze ordutan egin izan da gure artean? Bazkalordua berandutu, atzeratu egin da denporearen ibilian gure gizartean. Gaur egun 13.30etatik aurrera egin ohi da batez be. Baina lehenago, gizarte tradizionalean, baserrian zein kostaldean, orain Frantzian eta Iparraldean egiten dan orduetan egiten zan, hamabi-hamabi t’erdietan. Lekeition baturiko testigantza da hurrengo hau (EHHA, Euskaltzaindia): “On ya berandugo itten da, baskaridxa be berandugo dxaten dabe. Len baskaridxa amabidxetan dxaten zan”.
Labur esanda, ordu edo oren bigarren osagaitzat hartuta garatu diran gastronomia eremuko izen alkartuak, ordua edo aldia adierazoteko ez eze, jatekoa, jatea bera espresetako erabilten dira.

Lehengo egun baten leku-izenak zelan zuzen esan geniarduala, mendi-izen batzuk ahotan erabili genduzan: Udalatx eta Untzillatx berariaz. Baina Durangoaldeko urrun barik, hatxaren izena darabilen gehiago be badira, ezta?
Arrazolako seme Jesus Eguzkitzak zuzendariko informazinoa dogu hurrengo hau be.
Arrazolagaz muga egiten dauen herria dogu Aramaio, Arabako lurraldean, eta hor bada mendi-hatx bat, Gantzatx esaten deutsiena, baina era landuan Gantzagaatx gendukena. Izan be, bada Aramaion auzo bat, berbaz Gantza deritxoena, era landuan Gantzaga.
Ospea eta entzutea daukan hatxmendia Gantzatx hori. Hatan be, hatx horren kobazuloan ezkutauta egon zalako, dinoenez, Santakruz apaiza bigarren karlistatean, karlistada gerratean, Aramaion egoan Udaletxeko kartzela edo ziegatik iges egin ondoren, han ezkutatuta egon zalako.
Kobazulo horrek alde bietatik dauka zuloa, aurretik eta atzetik. Aurreko partetik, labarra egonik, gatxa be gatxa da igoten, baina atzeko aldetik be sarbidea dauka kobazulo horrek. Inguru guztia ederto ikusten ei da bertatik; ikuspegi zoragarria.
Gantzatxeko kobazuloan egon ei zan ezkutaturik Santa Kruz apaiza, eta handik hurre dagoan Urdingidxo baserritik ekarten ei eutsien janaa eta edana. Hango ugazaba artzaina, pastorea ei zan, eta haren semea, mutikoa, joaten ei jakon Santakruz gerrilariari jatekoa eroaten.
Goitik ikusten ebanean apaizak, sokea luzatzen ei eutsan beheruntz, mutikoak han lotu egian moltsoa. Eta sendo lotutakoan, atzera be gora jasoten ei eban soka hori.
Gantzatx mendi horren atxakiaz gogoratu daiguzan hatx izena daben hor hurreko beste leku-izen batzuk be. Atxondon bertan eta sartaldeko beste hainbat lekutan ditugu Aspe izeneko leku-izenak, euren oinean hatx izena dabenak: Aspe, hatxaren behea.
Mendikatea edo mendilerroa be hatxezkoa danean, hango edo hemengo hatxak dirala esan ohi da. Aramaion bertan auzo ezaguna da Etxaguen, berbaz Etxaun/Etxan deritxoena. Eta haren goialdeko mendi-lerroari halan deritxoe: Etxango hatxak (Etxaguengo hatxak).

Pedro Erandiokok bialdu deuskun esaldi polit bat: “HARA, Pedro. Hori egiten badozu, damutuko jatzu!”. HARA berbea gitxi entzuten dala dago Pedro. Ze eretxi dozu?

Dino Pedro Aurrekoetxea jaunak bere mezuan: “Arrasti on, Adolfo. Gaur be entzuten egon natxatzu, eta esan behar deutsut ERRATURE eta OINUTSIK berbak geuk be erabilten doguzala”. Izan be, aurreko irrati-tartean ERRATURA/ERRETURA berbeaz jardun genduan batetik, eta “Leku guztietan txakurrak ORTOZIK” esakuntzeaz bestetik. Horretara datoz Pedrok Erandio aldeko berbakeran, bai erratura eta bai oinutsik berbak bere-bereak dituela aditzen emon gura izan deusku. Eskerrak zertzeladokaitik, Pedro.
Baina bigarren parte bat dauka Pedroren mezuak. Eta horretan dino: “Nire idatziaren motiboa beste berba bat da: HARA da berbea. Guk berba hau, sokorru edo mehatxu esaldi baten aurrean ipinten dogu. Adibidez: HARA, Pedro. Hori egiten badozu, damutuko jatzu! Orain, antzeko esangureagaz AIZU berbea sarri entzuten dot. Jakin gurako neuke, HARA berbea, hemen izan ezik, beste lekuren baten esaten dan. Ez dakit ulertzeko moduan azaldu deutsudan”. Horrainokoa, Pedro Erandiokoren mezua. Bide batez esanda: puntu polita, Pedrok mahairatu deuskuna.
Hara, ingurune honetan, berbaz darabilgu ia beti. Eta idatziz egitekotan, dialogo giroan egingo genduke beti be: antzerki, zine edo antzeko generoetan.
Adierazkortasun handiko hitza da hor hara!, exklamazino edo harridura balioaz erabilia. Egituraz, erakuslearen hirugarren pertsonea, ha, -ra atzizki adlatiboaz lagunduta. Baina beronen balioak, erabilera honetan, ez dauka 3gn graduagaz zerikusirik: hurrekoa zein urrunekoa bardin hartzen ditu barru.
Egia da, “sokorru edo mehatsu esaldi baten” darabilgula sarri, baina ez balio horregaz bakarrik; ingurune zabalagoan baino.
Egia da, ‘abertentzia, oharpena’ egiteko erabilten dala sarri; atzamarra artez eta eskua zabalik dala sarritan. Behinola ama bat alabatxoaro gogortadaz esaten entzun neutsan lez: “Hara! Nire esanik barrian egiten ez badozu, musturra sikatuko deutsut!”.
Sarritan, hara! uste-uste bako jazoera edo zerbaiten aurrean harridurea adierazoteko erabilten da. Barrutian sarri entzun ditut honetarikoak: “Hara! Hemen zagoz daborduko?”, ateetan agertu danari, eta hain arin etortekoa zala uste ez zanari esaten.
Eta ezusteko agerrera hori erakusteko, hara exklamatze-hitza, esaldiren aurrean ez eze, atzean ipinita be sarri entzun dot. Ume txikiari amumak, aita agertueran esaten: “Ene! Aita! Non datorren, hara!”. Edo umea olgetan dabilela, behera jausi eta hari esaten: “Kontuz! Jausi zara, hara!” (Barrutia. Teresa.Totorikaguena).
Tradizinoko idatzietan hara hitza, harridura balioaz bakarrik erabilita, ‘arreta, atentzinoa’ horretan ipinteko marka lez agiri da. Mogelen adibide bi: “Ara, badarraio! (Peru Abarka). “Ara oraindino soiñuetan!” (Peru Abarka).
Eta adberbio ezagun batzuen aurkezpen hitz modura be erabilten da sarri. Leku-adberbioei sarri: “Hara non!”. Iparragirreren kantu ezaguna: “Hara nun diran” hasiera dauena. “Hara hemen!” (Aikomen). “Hara han!” (Aikoan). “Hara hor!” (Aikor). Edo denpora-adberbioei laguntzen: “Hara noiz agertu dan!”.
Gehiago ez gara luzatuko oraingoz, gai luzea da baina.

Adolfo Arejita

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular