1. Aspalditxo andra edadeko bati entzuna: “Ai, umea etorri daitenean! Orduan ikusiko dozu!”
Puntu honen gorabeheran aspalditxo idatzi neban Labayru Fundazioaren Bizkaieraren Ataria webgunean (Iturriko 2017-05-19). Eta herri dantza-kopla bategaz ilustrau neban idatzia: “Amak alabea saldu daianean, kukurruku egingo dau”. Saldu daianean horregaz geroa seinalatzen da: saltzeko dago hondino.
Gure errefrautegirik zaharrenean agiri da aurreko horren antzeko bat. Dino: “Ezkon ezak semea nai doanean ta alabea al dagianean” (RS 382), gazt. ‘cuando puedas’. Aditz trinko lez agiri da hor ahal dagianean, gaur esango gendukena ahal doanean, geroan kontenplatzen dan ekintza alegiazko lez, eta ez oraingo presentean.
Gaur egun gitxi be gitxi entzuten diran aditz egiturak: herrialde eta eskualde batzuetan, eta jente jakinari; edadeko jenteari batez be. Nik Gernikaldean entzun ditut batez be; ia beti Barrutian.
Noiz jazoko, gertatuko dan ekintza bat geroan, etorkizunean. Gaztelaniaz aditz subjuntiboaz baliatzen gara horreetarako: ‘cuando venga’, ‘cuando terminemos’.
Euskeraz gaur egun ia leku guztietan erabilten diran aditz egiturak esangura horrentzat dira: etorten danean, amaitzen dogunean. Aditz egitura berberagaz adierazoten ditugu oraina eta geroa denporeari jagokonez: ‘cuando viene’ eta ‘cuando venga’ ez dira bereizten, eta ‘cuando terminamos’ eta ‘cuando terminemos’ be aditz egitura berberagaz adierazoten ditugu. Hori da gaur egungo errealidadea.
Baina lehen aditz laguntzaile diferenteak erabilten ziran oraina eta geroa bereizteko, berariaz denpora eremuko ekintzak ziranean. Etorri aditzagaz, 1. pertsonan etorri naitenean eta etorri gaitezenean, 2garrenean etorri zaitezanean eta etorri zaitezenean, eta 3garrenean etorri daitenean / dadinean eta etorri daitezanean.
Eta laguntzaile iragankorraz bardin. Amaitu aditza ardatz hartuta: amaitu daidanean eta daigunean 1ngo pertsonan, amaitu daizunean eta daizuenean 2garrenean, eta amaitu daianean eta daienean 3gnean.
Subjuntibo erako aditz egiturok zaharrak dira, klasikoak, baina harrigarriro, gaur egunera arte bizi-bizi iraun dabe leku askotako berbetan.
Zaharrak baizen modernoak diranaren ezaugarri dira XX. mendeko gure idazle batzuen eta herri-literaturako testigantza ezagunak. Domingo Agirre: “Zergaitik, ume ez diranak […], ikusi dagienean, euren erruz galdu izan dabeela on azkenbagako bat, artuko dabe eta eukiko dabe pena azkenbagako bat legez” (Auñemendiko Lorea). Kirikiño: “Sekulako ikarea hartu behar daure Kosanton gureak eta mutilek, gaur gauean argi dotore hau imini daidanean gure suetean” (Abarrak). “–Berorregaz orduan, ezta gauza ezkuturik munduan izango. –Olantxe da; tramankulu ori agertu daitenean, ezta geiago ezkutukorik izango” (Kirikiño Bigarrengo Abarrak). Azkue: “Il dadinean, lurreko arrak ez edo diote soinekorik ere zulatuko. Oski ta guzti joango zaigu zerura” (Ardi galdua).
Eta tradizino klasikoan erabiliak izan diranaren lekuko dira, aditz konposatuaz atonduriko besteok:
– Añibarro: “Bada arima galdua, ainbeste urtean arria legez bekatuan urtetua dagoana ta egongo dana, norako da bere azkenean, Jangoikoak bere eskutik larga dagienean” (Geroko gero).
– Kapanga: “–Nox da ondo usaetea kurutze santa onegaz? –Beti asi daigunean obraren bat edo ikusi daigunean geure buruau nezesidaderen baten” (Kapanaga DC). “Etxerean urten dagianean leelengo bidea izango da elexara (utra urrin bizi ezpada), eta enzun meza deboziño andiagaz” (Kapanaga DC). “P: Okasiño gestoen kontra ze erremedio da? R: Erremediorik oneena da inex egitea. P: Eta au ezin dinean? R: Leenago oraziñoagaz, konsejuagaz eta ondo begiratuagaz ondo jarri.” (Kapanaga DC).
Gaur egungo erabilgarritasuna dala-ta, hizkera literarioan edo kazetaritzako goi hizkeran guztiz gomendagarritzat ditut. Ipar eta Hego, euskera osoan izan dira erabiliak, gerora neutralizazino bidez herri-hizkeraririk gehienetan baztertuak gertatu badira be.
2. Errefrau batzuetan “laratzu baltza” ipinten da gizakion etxe barruko ibilbidearen testigu modura. Hori laratzu baltzak esango dau, da esaerea
Laratzuaren irudia, errefrauetan ez eze, esaera zaharretan, herri-ipuinetan, eta etxe barruan zaharrenek gazteenai bizimoduaren eta ezagueren barri transmititzeko leku gozoa izan dan behekosu, sutondo edo sutokuiluaren ezaugarri izan da.
Laratzua, edo lagatzua Bizkai sartaldean, laratza lekurik gehienetan. Gaztelaniaz, Azkuek definitzen dauen modura: “Llar, cadena de hierro en el hogar” (Dicc.)
Etxeko laratza, etxeko isilpekoen, sekretuen, eta barruko jakin beharreko guztien jakitun izan ohi dala, baina isiltasunaren berme eta gordairu be etxeko laratza izan ohi dala, irudi horregaz agiri da herri-jakiturian sarriro. Zornotzan aspaldi baturiko esaera baten berbak dira, 80gneko gizon edadeko baten ezpanetan: “etxeko laratzuak ezagutuko jok hori” esaten da (atsotitz-errefraua) (Zornotza EHHA VII). Eta Berrizen baturiko beste testigantza batek, hau be 80garreneko urteetakoa, inoan ba ze: “Gure aitak esaten eban: “etxeko laratzak eta larazpeak ezagutzen dau personea; kanpoan ez da ezagututen” (Berriz EHHA VII). Nafarroako Arakilen be antzera: “Laratzak ezagutuko du nor nolakoa den” (Azkue Dicc.).
Denporan atzerago jota, Agirre Asteasuko idazleak be bazinoan XIX. mende hasiera horretan: “Galde sukaldeetako laratzai” (Eracus III), bere sermoietariko baten. Frai Bartolomek zorrotzago aditzen emoten deusku etxeko laratzaren betekizuna: “Etxean jazoten direan […] ixilgauzaak, laatzak ezkutau bear [ditu]” (Ikasik I). Eta hontsuagora etorrita, Felipe Arrese-Beitiaren bertsoetan irakurten dogu: “Etxean ikusiten dalako barrua, / […] testigutzat nai leuke artu laratzua” (Olerkiak).
Laratzu baltza aitatzen da goiko esakuntza horretan. Laratzuaren balztasuna ondo ezaguna da, zartaginaren edo lapikoaren eperdiarena dan legetxe. Balztasun hori kolore baltz fisikoarena da sarritan. “Laratza baino beltzago hago!” esaten da Ikaztegietn, berbarako (EHHA VII).
Baina balztasun horren atzean, ‘luzaroko esperientzia’ dago beste batzuetan. Laratzua horren iragarle. Halan, Zeberion, ezkontza dala-ta: “Nogaz edo hagaz ezkontzea ona ete dan aurretiaz ez da jakiten. Hori laratzu baltzak esango dau, ezkontza ona egin badau” (Juan Manu Etxebarria).
Laratza baltza izatea, beste esakune gehiagotan be agiri dana, leku guztietan antzeko arazo, problema eta buruausteak izaten dirala esateko aitatu izan da sarri. Azpeitian jasoa da: “Etxe guztiyak labatza beltza” (AEF 1921, 56 ). Esatea lez, “leku guztietan txakurrak ortosik”. Iturriaga hernaniar irakasleak alegietariko baten dino: “Dirala laratzak / errian diran etxe / guztietan beltzak” (Fab 26).
Gauza bakotxa bere lekuan, edo pertsona edo izaki bakotxari bere lekua jakola on aditzen emotera dator Oihenarten beste zahar hau be: “Oreina larrean, bertza laratzean” (Proverbes 369). Esatea lez: zein bere lekuan.
Laratza, bere balztasunaren kualidade horregaz, infernuagaz kidetzen da hainbat lekutan. Halan, dongaro eginen, kate eginen kontzientzia txarreko testigu ilun izatearen irudi dogu. Guztion ezaguna dan errefrau bat dogu horren adierazgarri garbia: “Aberatsa, ifernuko lahatza” (Egunaria 1959-08-27). Oñatiko berbetan: “Aberatsa, infernko legatza” (Graziano Anduaga Aitonaren uzta) ‘lebatz’ arrainagaz zerikusirik bape ez daukana.
3. Hedabideetan entzuna: “Belarrietara heldu zait kontu hori”. Zein beste eratara emon leiteke informazino bera?
Gure belarrietara zerbait heldu dala esatean, dana danako horren gainean zeozer entzun dogula esan gura da. Eta holantxe pluralez, belarrietara, artez eta zuzen esanda dago. Gaztelaniaz dinogun lez: ‘ha llegado a nuestros oídos’.
Baina era-erara jatort esapide hau, aukeran beste berba bategaz, entzute aditzizenaz be ondo ezeze, dotore esanda dagoala gogorazoteko.
Entzute aditzizenagaz esapide diferenteak darabilguz herri-berbetan, idatzizko tradizinoan bakanago irakurten diranak, baina geure-geureak ditugunak.
Zeozeren barri geure belarriakaz dantzugunean, entzute aditzizenagaz honako esapide-alkarkuntzak egin ohi ditugu.
Batetik, entzutera etorri / heldu / ailegau, gazt. ‘llegar a oídos de’. Halan esan geinke: Gure edo nire entzutera heldu / etorri / ailegau da hau edo bestea.
Askoz zabalago dabil aurreko hori baino, entzutea izan edo entzutea euki aditz lokuzinoa. Idazle biren idatzizko esanak aitatuko ditut. Bata, Felix Bilbao Morgako semea: “Ez dozue, irakurleok, Bertoldinen entzuterik?” (Ipuin-Barreka). “Baliteke zuetariko batek baino gehiagok oraingo bere entzuterik eukitea” (Ipuin-Barreka). Bestea, Koldo Mitxelena: “Gorturik ez gaudenok badugu [Oteiza] honen entzutea, bere antze-lanak gehiegi ezagutzen ez baditugu ere” (MEIG I).
Hirugarren esapide bat: entzutea emon, ezezka emonik darabilgula batez be: entzuterik emon ez. Gaztelaniaz esango bagendu lez: ‘no prestar atención, hacer oídos sordos’. Frai Bartolome etxebarritarraren esaldiok ditugu alagalako testigantzak: “Ez letrauk, ez eskribauk, ez prokuradorek ez deutsee entzuterik emon bear, ez […] erregaluari, ez diruari, euren kontura dagoan auzi zaitzaan, bigunduteko […] edo errazoiaren indarra makalduteko” (Ikasik II). “Ez egiozu entzuterik emon. Lotsatu egizu. Esan egizu enbusteru bat dala.” (Ikasik II). “[Umiak] zeure esana egin gura ez dabela, ta zeuri entzuterik, edo sinistuterik emoten ez deutsula” (Ikasik I).
Eta laugarren bat be aitatu lei, askoz gitxiago entzuna edo idatzia bada be. J. B. Eguzkitza idazlearen hau: “Marxek besteko izen, ospe ta entzuterik eztau lortu” (Gizarte.Auzia).
4. Datak emon gura ditugunean, sarri entzuten dogu: “UrriAK lauAN, IrailAK hamabiAN eta taiu horretakoak. Ontzat emotekoak dira?
Hedabide baten entzunak dira honako formula honeek, gertaera baten data edo hitzordua aditzen emoteko: “Irailak lauan greba deialdia izan genuen Euskadi Irratian”. “Irailak hamabian negoziazio proposamen bat eraman zen eta preakordioa iritsi zen”. “Beste bilera bat egin zen urriak lauan”.
Lehenago be heldu izan deutsagu behin edo behin, datak euskeraz emoteko formula diferenteen puntu honi. Baina nahasteak, edo formula ezagun nagusi bien arteko gurutzatze nahastegarria aurrera doanez, ostera be akordura ekarteko ahalegintxoa egin gura genduke, zabalen dabilzan formula bien arteko bereizkuntza garbi ebazteko asmoaz.
UrriAK lau edo IrailAK hamabi tipoko egiturea darabilgunean, gagozan jakitun, azpian datzan aditza iragankorra dala, ditu edo daukaz, edota gaur gitxiago dantzugun dakarz. Hau da, edun, euki edo ekarri aditzen 3. pertsona singularreko adizki trinkoa.
Data osoak emoteko formula orokorra, kasu-marka eta guztikoa, bai idatzizko tradizinoan eta bai berbazkoan honakoa da: 2023ko urriaren 19a. Hau da: urte-izenari -ko marka erantsita, hile-izenari -aren genitibo edutezkoa, eta hileko egun-zenbakiari -a mugatzailea, edota esaldi-ingurunean dagokion kasu-marka: -an, -tik, -ra edo -ko.
Gure bertso-paperetan, pasadizu edo kontaera bat iragarten danean, holantxe iragarten da: (…)
Bigarren formula, hile-izena ergatiboz markatzen doguna, minoritarioa da guztiz tradizino idatzian. Berbaz hondino be entzuten da inguru batzuetan. Sartalderengo bizkai euskeran bai behintzat: Gaur bagilak 20 daukoz, edota dakarz.
Baina formula biak alkar gurutzatzera ailegau dira, batez be hzikera landuan. Ez dakit, ez nago seguru, herri-hizkeran zenbateraino gertatu danentz nahastura hori. Gurutzatze honen adibideak, goiko horreezaz ostean, gehiago be badira. “San Simon egunean, Urriak 28-an, elurra egin zigun” (Bizente Barandiaran Lanik gabe).
Egitura hau onargarriago eta gomendagarriagotzat daukagu data-formula hau esaldi egitura solteanbilgunean dara, normalean aditza eliditurik dala (dituala edo dauzkala aditz modala, hatan be). Mitxelenaren esaldi hau dator erara: “Duela aspaldixko, 1979an, azaroak 4, egia aitortu behar baldin bada, Eusko Ikaskutza zahar kalera berriak omenaldi ederra eratu zuen Oñatin bere buruzagi hautatuaren ohoretan. MEIG VIII 60 ”. Edo Bizente Barandiaranen beraren beste hau: “Hurrengo astean, abenduak 8, gure patroia” (Lanik gabe 142). Edo Nemesio Etxanizen hau: “Hurrengo urtean, agorrak 14, Gurutze-eguna Lezon” Kontu kontari).
Salbatore Mitxelenaren data-formula honek be gurutzatzea agiri dau: urte-zenbakiari -ko atzizkia erantsi, baina hile-izena soilik: “Aloñako Amaren jai egun bezperan gertatua. 1638’ko agorrak 7” (Aranzazu 213).
Arazoa non sortzen da? Hilearen egun-zenbakia, hutsik eta soil itxi beharrekoa, mugatzailez eta kasu-markaz janzten hasten garanean. Hori baztertzera egingo genduke.
5. Behin eta barriro egiten dan nahastea: datorren eta hurrengo. Alkarrizketatu baten adierazpena: “Hurrengo udan noa Japoniara”
Bizkaia Irratian oraintsu (09-VIII) entzundakoa. Sarri aitatu dogun puntura gatoz. Denpora erreferentzia adierazo gura dogunean, etorkizuneko aldi batekoa, zein dan diferentzia, batetik datorren eta bestetik hurrengo izenlaguna erabiltea denpora-izen baten aurrean (astea, hilea, urtea, domekea, udea, mendea).
Datorren udan dinogunean, ‘aurtengo udearen hurrengoa’ esaten gagoz. Eta hurrengo udan dinogunean, edozein urtetako edo udatako udearen hurrengoa izan daiteke. Askoz eremu zabalagoan darabilgo hurrengo izenlaguna, datorren adizki erlatiboa baino. Hurrengo egun, aste, hile, urte, negu, uda, abendu… edozein alditakoa izan daiteke; denpora-erreferentzia puntu bat finkatu lehenengo eta harexen hurrengoa. Baina datorren eremu murriztuagoan darabilgu: hitz egiten gagozan momentua edo unea da erreferentzia puntua, eta ez edozein.
Singularrean dogun denpora-partiketa hau ez da pluralekoetan gertatzen. Denpora-izena pluralez darabilgunean (egunetan, asteetan, hileetan, urteetan, udetan, zapatuetan), hurrengo darabilgu sartaldeko berbetan, baina sekula be ez datozan plurala. Nahiz eta, hitz egiten gagozan momentua izan erreferentzia puntua.
Ekialderengo hizkeretan geroko da entzunena, eta erdialdeko hizkeretan ondoko, ondorengo maizenik. Badira beste izenlagun batzuk be, entzunak eta erabiliak: ganeko / gainerako, eta jarraiko, darraikozan / darraizkion adizkiak, batez be.
Goiko esaldi horretan, Hurrengo udan Japoniara doala dinoan horrek, zein udaren hurrengo udan zehaztu beharko leike. Baina alkarrizketa hori aurtengo udan egina danez, eta aurtengoaren hurrengoa dala adierazo gura dauen ezkero, DATORREN UDAN erabili baleu, zuzenago egon zatekean.
6. Ander izeneko entzule euskerahobezaleak bialdu deuskun oharra
Mezuan dinosku: “Ander dot izena. Santutxuko seme, Urduñako biztanle eta Labayruko Bizkaiera Lantzen ikastaroko ikaslea.” Aurrerago dino: “Zeuei entzunda konturatu naz jagon aditzak erabilera asko dekozela. Zein kasutan eta nola erabili leike era egokiagoan?”. Jagon aditzaren puntuari helduko deutsagu gaur, beste gehiago be apuntau deuskuz mezu horretan Anderrek baina.
JAGON aditza hiru eratara ebaten da euskeraz. Jagon da arauzkoa. Jaon darabile Bizkai ekialdean, eta bardin Mogel eta beste klasiko batzuk. Eta Urdaibai aldean jabon esaten da. Barrutian halan entzun dot beti. Urretxindorra bertsolariak eta haren ostekoek be jabon aldaerea erabili izan dabe idatziz be. Sabino Arana Goirik bultzatu eban aldaera hau, eta gerra aurreko bizkaitar idazleek arnasa barria emon eutsen.
Hara Labayru Hiztegian irakurri ditugun adierak:
“1 ad. dau. Cuidar, amparar, vigilar. Eta jagon gengizala eskatzen neutsan gauero. Ardiak jagoten egoan artzain-mutil gaztea.Pertsona biren arteko neurria jagoteko aholkatzen dute. Sin. zaindu, kargu hartu, begiratu, kargu egin.
2ad. dau. guardar, cumplir, acatar. Legea jagon: Cumplir la ley. Emondako berbea jagon dau. Sin. bete.
3ad. dau, kirol. cubrir. Sin. zaindu, gorde.
Nik neure corpus partikularrean honelan daukat garaturik.
1 ad.dau. zaindu, kargu egin, ardurea hartu, eutsi; ‘cuidar, mantener, conservar’. Jagoizu ondo umea! Ganaduak jagoten joan da basora. Etxea eta ingurua jagon. Ondasunak jagon. Basoak jagon. “Jagon ta gorde nagizu estuera ta okerbide guztietan. Añ EL1 11”.
2 ad. bete; ‘cumplir’. Legeak jagon. Emondako berbea jagon. “Jaiak jaotea” (Astarloa UD).
3 ad. sorotsi, bijilatu; ‘vigilar’. Ertzainak bideko autoak jagoten dagoz okelu batetik. Katua arratoiak jagoten dago. “”Garder. Urije jagoten dauden jagolak” (Dv.). “Yagoñe kasuelie, Antoni, erre barik” (Ortuzar Oroigarriak ). “Atezain izan eta gabaz ugazabaren etxea lapurrekandik jagon” (J.B.Eguzkitza Gizarte Auzia ).
4 Alkar jagon: 1 ad.lokuz. Batak besteari ondo esan; ‘cuidarse mutuamente’. Horreek biek, andra-gizonak, alkar ondo jagoten dakie.
5 Burua jagon: 1 ad.lokuz. Norbere burua zaindu; ‘cuidarse uno mismo’. Burua jagoten ikasi behar da: ez erre, ez edan gehiegi, ibili asko.
6 Lotsea jagon: “Artza nonbait egoan lekuz urrerago / ta leoi yaunari lotsa jagon baga / ardi gaixoari esetsi lenago” (M.Zabala Fab).
7 Berbea jagon: “Zegaiti eztakien berba osorik / jagoten inox bere, izorra bagarik.” (EgiaKanta). Ain da leiala emoniko baia jaoten, ze lenago uts egingo dabee zeru-lurrak bere esanak baiño. (P.Astarloa UD II 14). “Neuk neure berbea jagon dodan ezkero, jagoik heuk heurea” (Azkue Euskalzale 1897, 5b).
Horreek guztiok erabilgarri dira, bai eguneroko berbetan, bai hizkera jasoan.