Euskera Hobetzen: 'Bi bizikleta' edo 'bizikleta bi'?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: ‘Bi bizikleta’ edo ‘bizikleta bi’?

Zornotzatik euskerahobezale batek bialduriko itauna: Bi bizikleta egiturearen ondoan, ea zuzentzat hartzekoa ez ete dan: Bizikleta bi esatea. Hau da, bi zenbatzailea izenaren atzetik dala. 

Entzunda euki dozue herri-igarkizun bat, neuk be txikitatik ezagutzen dodana: “Puntan punta bi, atzean zulo bi; artaziak dira ta ezetz igarri”. Azkuek aspaldi batu eban.
Bi zenbatzailea, izen edo adjektibo bategaz batera doanean, sartaldean eta erdialdearen parte baten atzetik ipinten dogu eta erdialdetik ekialderantz izen edo adjektiboaren aurretik. Bi-biak dira artez eta zuzenak; baita euskera batuan be. Euskaltzaindiak ez dau horretan galgarik ipini: bi-bitxuak emoten ditu zuzentzat.
Iparraldean, barrualdean, biga erabilten da, beste enparauok bi soila darabilgunaren ordez. Gogoratu Mikel Laboak behinola zelan kanturatu zituan Baga, biga, higa… herri-errezitaduaren lehen zenbakiak.
Azkuek aspaldi ohartu eban bere Hiztegi Nagusian, bizkai-euskeran ez eze, gipuzkeraren sartaldean be bi zenbatzailea atzetik erabilia izan dala. Berenberegi dino: “En V y G-goi se pospone. Gizon bi (V, G-goi). Gipuzkoako Goierri aitatzen eban. Eta Beterrian (Tolosa aldea) eta ekialderantz: bi gizon. Eta hor sartzen ditu Nafarroa garaia, lapurtera, zuberera eta erronkariera. Zer esanik ez, Nafarroa beherea.
Baina zenbat eta atzerago goazan denporan eta geure hizkuntzaren lehenean, bi zenbatzailearen izen osteko jarlekua erabiliagoa zan. Hara datu bi, horren agergarri.
– P. Lafittek bere gramatikan, argiro gogorazoten deusku, lehenagoan Iparraldeko kostaldean be bi izen-adjektiboen ostean ipinten zalakoa. Eta horren sustraian “unidade duala” izatearen arrazoia darakus. Bat zenbatzaileak, oinarrizko zenbatze-unidade lez izenaren atzeko kokaera dauen legetxe, bi be, unidade dualaren unidade funtsezkoa izanik pentsaera zaharrean, bat zenbatzailearen ordena bera jagon izan dauela. Hitzez hitz dino: “Bi, deux, se rencontre en labourdin ancien construit exactement comme bat. Ex.: urhats bat eta urhats bi” (Gramm 165).
Larramendi hizkuntzalari ezagunak be, XVIII. mende erdian bere hiztegian normaltasunez erabilitakotzat dakar bi izenaren atzetik. Dino: “(A dos) manos, con mucho gusto, esku biaz, esku biakin” (Dic.Tril.). “(De) dos, lo que consta de dos, oin bikoa, de dos pies, kana bikoa, de dos varas” eta zehazki dino: “y se pospone el bikoa”. Zer esan gura dau horrek? Gipuzkerarik gehienean be bi, bikoa, atzetik ipinteko usadioa izan zala lehenagoan nagusi.
Beste era batera esanda: sartaldeko euskeran iraun dauela indarrean, beste hizkeretan galtzen joan dan bi zenbatzailearen sintaxi zaharra.
Danon ezagun diran esapide batzuk gogorarazoko ditut. Iparraldeko zahar bat: “Esku bietan, dans les deux mains”. Sartaldeko besteok: “Anka-bikua (adj.), bípedo” (Tor. Etxeb Eibar), “Arpegi bikua (adj.), hipócrita” (Tor. Etxeb Eibar), “Egun birik bat, uno de cada dos días […]. Baita aste birik bat, urte birik bat” (M.Elexp Bergara).
Sintaxi-egitura horrek ekialdean be are luzaroan iraun dauela esam daiteke gizakion funtsezko izenakaz: gorputzeko atal “bikoak” adierazoteko, berariaz: begi bi, belarri bi, oin bi, esku bi… Txahal mardo haragitsuagaitik sarri entzun dot esaten: “atzebiko txahala”. Ordua esakeran be: ordu biak esaten dogu, ordu batak dinogunaren egitura berberaz. Osoaren parte lez erdia dinogun legetxe, osoaren parte biak aditzen emoteko berez lez erabilia da: erdi bi Pirineoz beheitian, bi erdi baino zabalago.
– Gipuzkerazko dotrina zaharretan ezagunen antzekoa izan dan bat, Juan Irazusta apaizarena dogu, XVIII. mende azkenetakoa (1793). Alkizako semea bera, eta Hernialdeko erretore izan zana: Gipuzkoako Beterrian. Dotrina honetan be, Gurutze Santua zelan egin, holan zertzelatzen dau: “Egitea gurutze bat eskuiko eskuaren beatz biakin bekokitik bularretaraiño, ta sorbalda ezkerrekotik eskuikoraiño, deitzen zaiola Trinidade Santisimoari.” (Irazusta Doctrina).
Baina aldi berean gogoratu daigun, badirala egitura batzuk, bi aurretik darabilguzanak guzti-guztiok. Halan, bi zenbakia zenbaki nagusiago baten barruan sarturik doanean: bi mila, bi milioi, bi miliardo esan daroagu. Eta honako esapide batzuetan be aurretik: bi bider, bi aldiz.

Esakuntza zahar baten berbak: “Aho itxian eztoa sartu eullia”. 

XVI mendeko errefrau bilduma zaharrean agiri da. Parte biko errefraua: “Ao itsian eztoa sartu eullia, ta aldi guztietan ezta eder egia” (RS 123). Euskeraz ez eze, inguru hizkuntzetan be zabal dabilen errefraua. Gazt.: “En boca cerrada no entran moscas”.
Zaharra ez eze, modernoa be bai aldi berean: “Aho hetsitik ez baita ulirik sartzen”, idatzi eban Emile Larre euskaltzain eta idazle finak Artzain Etxola liburuan.
– Urak dirakian lapikoaren irudiaz on egitren dau mezu beretsua beste errefrau batek: “Eltxano erakian ez da eulirik sartzen.” (EY 433). Eltxanoa, eltze txikia da, eta erakian: irakinean.
Euliaren irudiaz beste mezu batzuk be adierazoten dira gure herri jakintzan edo tradizino idatzian. Halan:
– Euliaren usigia eta gizakiaren haserrea sarri agiri dira konparagarritzat. Errefrau eta lokuzinoetan badira halakoak. Gaztelaniaz ezaguna da: “Qué mosca le habrá picado!” esaten da, norbait haserre paretan danean, edo motibo barik edo ez dakigun arrazoiren bategaitik. Halan: “Zer ulik ausiki daut neri Ganix, holako mukurrean joaiteko!” (Zerbitzari BiGo 304). Beste errefrau batek dino: “Haserrekorrak nahiko du euliak ukitzea haserretzeko” (Atsotitz. 4777).
– Euliak jo esamodua be ezaguna da, euli, mandeuli edo dalakoak usigi egiten dauenean.
– Euliak kendu, uxatu, urrundu aitatzen dira sarri. Eta horren harian bada esaera ezagun bat, era diferenteetara agiri dana: “Askori euliak bestien buztanakin kentzea gustatzen” (Atsot. 4773). “Harroa inoren isatsarekin euliak kendu eta besteren lumakin apaindu” (Atsot 6418). “Besteen isatsa(re)kin euliak kendu nai” (Atsot. 7431. “Bertzen isatsakin euliek kendu behar dituena, beti gaizki” (Atsot. 7432).
– Eulia, gizaki gauzeztan, ezerez, hutsaren hurrengotzat dogunagaitik be aitatzen da. Halan: “Zuaz, zuaz, anai euliya (itz onekin izendatzen zituan ezertarako etziranak)” (Krispin Beobide Asis.Lore). Edo best esaera honetan: “Askok ez dik euliak baino fundamentu gehiago” (Atsot. 4775). Eulizto berbea, adjektibo modura, gizaki bildurtia edo ganorabakoa danagaitik be esaten da (Meñaka. Libe Agirre).
– Onegia izatearen alde txarrak gogoratzen jakuz beste batzuetan euliaren irudiaz: “Ezti bazara, euliek jango” (Atsot. 5004).
– Bizidun handiago edo txikiagoen konparantzak egiteko be aitatzen da eulia. Batzuetan, sagua eta eulia: “Guenak (amaraunak) sagua askatzen ta eulia oratzen” (Atsot. 6123), gogoratzen jaku batean. Zamaria eta euliarenirudiaz be handi-txikien arteko tirabirea irudikatzen jaku. Alegi zahar baten oihartzun dan esaerea: “Zu zamari, ni euli; nik ipurdian hozka, zuk laster iten” (Atsot. 13793).

Hedabide baten irakurri eta entzundakoa, esker onekoa izatearen gorabeheran, gure soinulari trebe izan dan baten ahoan ipinita: “Oso esker oneko nago”. Oso esker oneko nago ondo esanda dago? Aurrean dagoan pertsona edo jende aldra bati zuzenduta? 

Ni ezezkoan nago.
Esker onekoa adjektibo alkartua, egon aditzagaz barik, izan aditzagaz buztartzen dogu, beti edo ia beti: Esker onekoa izan behar da mesede egiten deutsunagaz. Edo: Asko estimetan da esker onekoa dan jentea. Edo: Esker onekoa danagaz portakizuna euki behar da. Tradizinoko testuetan, halanda be, ez da hain ugaria egitura hau. Ia beti izan aditzagaz.
Beste aditz batzuekaz be bai horraitino: “Bere buruaz lotsatuta, ain karidade sutuaz miretsi ta uzkurturik, […] aldatua oso, beste bat zala ondorengo guzian, bere […] ongilleaganako guziz esker-onekoa ta aiskide bikain da mamikoa bizi izandu zan” (Ign. Aran SIgn).
Baina egon aditzagaz nekez, edozelan be. Hedabide ezagun baten esaldi hori irakurri ondoren, azterka ibili naz, ea inon esan edo irakurten danentz esker oneko egon erako esapiderik, eta ez dot inon halakorik aurkitu. Eta hain gitxi entzun. Ia beti izan aditzagaz.
Esker oneko izenlaguna gehienetan -a mugatzaileaz agiri da: “Izan zaitezala esker onekoa, aztuten ez nozula zeure orazino ta eskarietan. Eta urren artean, Agur.” (Añib EL1802). Eta mugatzaile barik, zuzena izan arren, urriagoa da: “Adeitsu ta esker oneko izan beti be Katalina Otalora andrearekin” (Santi Onaindia Santa Teresa).
Esker ona izen-adjektibo segida alkartu antzekoa be, sarri darabilgu, eta hainbat aditzegaz. Ez singularrez bakarrik, pluralez be ugaria da: esker onak. Hara batzuk:
– euki aditzagaz: Esker ona euki lagundu deutsunagaz. Horren kontrakoa, esker txarra. Hau be euki aditzagaz: “Norberak mesede egin eta beti esker txarra. [norberagaz euki]”.
– zor izan aditzagaz: “Esker ona zor deutsagu mesede egiten deuskunari.”. Tradizino idatzian: “Sortu nintzanik ona zabiltz nire laguntzan: berein esker ta mesede zor deutsudaz.” (Añibarro EL1803).
– emon aditzagaz ugaria da: “Beskari ta apari ostean esker onak emoteko oraziñoa” (Añibarro Voces Basc.). “Ze prestueza, ze otzorra ta leorra nasan zuri esker onak emoteko!” (Añib EL1821). “Amari esker onak eman ta lasterka arinian juan zan […] etxeruntz” (Krisp. Beobide Asisko Lorea). “Esker onak emoten deutsudaz barko arratse iluntzarik egunsentiko argira atara nozulako” (Añib EL1802).
– agertu aditzagaz: “Agertu diegu […] geon esker ona” (Krisp. Beobide Asisko Lorea). “Laiño ta lurrun, haize ta arnas, / bizitz-marmaririk oro, / esker-onaren agergarritzat / zerura igo bai igo” (Salbatore Mitxelena Aranzazu 175.).
– erakutsi aditzagaz: “Esker ona erakutsi….”
Esker onez eta esker onagaz adizlagunak be ezagunak eta erabiliak dira. Halan: “Beste palta txikarragoak, nai esan moduan, nai eureen ornidurian, edozeini entzungo neuskioz esker onagaz” (frai Bartolome).
Esker onaren agiri formulea be ezaguna da: “Txikitandik euskeraz mintzatzen irakatsi zidaten aita-ameri, esker-onaren agiri” (Pepe Artola).
Goiko esaldira bihurtuta, gaztelania sundea dariola begitantzen jaku: “Estoy muy agradecido” edo antzeko esaldiren bat esango eban segurutik gure soinulariak, eta mezua euskerara bihurtu eban kazetariak gaztelaniazko egitureari sendo eutsi deutsala dirudi.
Zelan zelan hori bera euskeraz? Modurik soilena: eskertuta/eskerturik egon aditz lokuzinoaren bidez: Eskertuta nago edo gagoz, edo Eskertuta egon behar zeunkie. Eta hanpaduraz edo graduatzailez indartu gura bagendu: Guztiz / zeharo / sano / txito / oso eskertuta nago.

Lehengo astean haizete gogorrak izan dira Bizkai alderdi honetan. Eta sute handiren bat be bai. Haize bortitzen aurrean entzundako aholkua: “Haize gogorra dago eta bideetan kontuz euki!”. Zuzen esanda dago: kontuz euki aholku-esaldia? 

Gaztelaniaz aditz lokuzino ezagun batez aditzen emoten dogu mezua: “tener cuidado”. Eta hizkuntza bakotxak bere esapideak ditu: frantsesez: “Fait attention!”, alemanez: “Pass auf!”. e.a.
Euskera barruan be formula diferenteak dira: Kasu! dinoe Iparraldean. Erne! gipuzkera eremuan. Argi ibili!, erdi eta sartaldean. Adi egon! sartaldean, eta beste gehiago hor-hemen.
Baina hedatuenen artean ditugu: kontuz ibili eta kontu izan. Batean kontuZ instrumentala eta bestean kontu mugagabea.
Goiko agindu-gomendio horretan esapide bien gurutzatzea gertatu da. KontuZ adberbio lez darabilgu, eta adberbioa eskatzen daben aditzagaz alkartzen dogu: ibili, joan eta halakoakaz. Esaterako: “Kontuz joan, ze hor aurrean karkabea dago eta!”. Edo: “Kontuz ibili, ze harri-mailak kili-kolo dagoz eta!”. Errepidean autoz ibiltearen gorabeheran: kontuz ibili, gidatu, joan, etorri eta horreetarikoak darabilguz beti. Sarri entzun dogun leloa: “Zabilz kontuz bideetan, behar ez danen bat pasau ez daiten!”.
Gogora daigun, kontuz bakarrik edo aditz barik darabilgula sarri, arreta edo atentzinoa adierazoteko. Halan: “Kontuz itsasoagaz, gaur tira handia dauka eta!”.
Eta noiz darabilgu kontu soila? Aditz multzo barruan, eta beste esangura bategaz ia beti. Kontu egin eredukoa da nagusi. Egin aditzagaz lagundurik darabilgunean, gehienetan “kargu hartu, konturatu” adierea jagoten dau. Gizon bategaitik esaten entzutea, kasurako: “Eizu kontu zenbat maite zaituan: zeu ikusi barik bizi be ez da ia eta”.
Gitxiago baina, kontu hartu aditz lokuzino barruan be bai, “gogoan hartu, gogoan euki” adiereagaz. Zapatu baten esatea, kasurako: “Kontu hartuizu bihar jaia dala eta dendak itxita dagozala, eta gaur erosi behar dala biharko behar dan guztia”.
Batzuetan Kontu! bakarrik be badarabilgu. Abertentzi modura batzuetan: “Kontu gero, edozer esan barik!”.
Goiko esaldiko kontuz euki, sasiko egituratzat joko genduke: kontuz adberbioa eta euki aditza nekez buztartzen dira alkarregaz.

5. Lehengo astean, Pedro Aurrekoetxea entzule finak bidea emonda, ahurkada berbearen gorabeheran izan genduan autua, eta harrezkero nonzebarriak heldu dira gugana. Ez da halan?

Harrezkero lekukotasun gehiago be jaso doguz hurrean. Juan Ramon Legarreta Bilbao jaunak, Leioako semea bera, ardurea eta astia hartu ditu, guri mezu eder bat bialtzeko. Dinosku:
“Gabon! Adolfo maisu handiari eta Libe hiztun zoragarriari entzuten egon naiz, ahurkada dela eta gai ezberdinak. Ahurkadari buruzko gaiari amaiera emondakoan, Adolfok erronka moduan edo, bota du: Ea ezagun dogun ahurkada berbea! Ni neu Leioako semea naiz, gurasoak be bai, biak leioztarrak; amaren arbasoak Erandio aldekoak eta aitaren askazikoak Sopela eta Mungia ingurukoak. Gurasoen etxean berba hori barra-barra erabilten genuen. Iluntzean esaterako: “Imini sei edo zazpi ahurkada baba beratan [beratuten] behiei bihar goizean emoteko”. “Hartu amaren altzotik iko ahurkada bat”. “Bota astoaren askara birzahi ahurkada pare bat”. Milaka aldiz entzunda naiz.
Arratia aldean be itaunka ibili naz, eta Arantzazuko seme Jon Etxebarriak, ekinaren porasuz, azkenean erantzun eustan: “Ahurkadea ez, baina Ehurre bete” [Ahurra bete] bai. Ganaduari jaten emoteko kontuan, esate baterako: “Ehurre bete babazabal” behiei askara emon; hau da: ahurra bete baba, “kopau bat” esatea lez. Edo hurreko laguna pozik egon daiten esatea: “Ahurra bete berba enkantagarri”. “Esku bete” edo “esku biak bete” adiereagaz.
Euskaltzaindiko kideen artean itaunka jardun neban igaro dan barikuan Gasteizko Etxezarra-n izan genduan osoko bilkuraren ingurunean. Eta bai napar, gipuzkoar eta bizkaitarrek ez eben ezaguna ahurra berbea. Esku bete esaten ei dabe horren ordez euren hizkeretan.
Ahor ba! Ahurra berbea, eskuaren barrualdeari esateko ia galdu da leku guztietan, baina Txorierrian eta Arratia aldean behintzat, bizirik diraue hondino betiko hiztun onen buruan eta gogoan ahurkadea eta ahurra bete, neurri-izen modura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular