Sartaldeko euskeran normaltasunez esaten ditugu egunean-egunean, gauean-gauean eta horretarikoak. Eredu horregaz esaten ete dira domekan-domekan, zapatuan-zapatuan eta abar? Sartaldeko euskeran normaltasunez esaten ditugu egunean-egunean, gauean-gauean eta horretarikoak. Eredu horregaz esaten ete dira domekan-domekan, zapatuan-zapatuan eta abar?
Bada Facebook-en gune bat, “Bizkaieraren iturritik” izenekoa, aste-izenakaz be esamodu hori erabilia dala agertu dauena. Orri horretako zatitxo hau bereizi dot: “Baina bizkaieraz badaukaguz beste esakera batzuk holako denpora-frekuentziak adierazoteko, -ero atzizkia erabili barik, berbea errepikatuta”. Eta atzerago adibide-ilarea dakar: Egunean-egunean, astean-astean, hilea-hilean, urtean-urtean, goizean-goizean, gabean-gabean, eta horren hurrengo: “Domekan-domekan alkartzen gara(zapatuan-zapatuan eta abar)”.
Esamodu horren erabileran, neure hizkuntza senak inostan, domekan-domekan, zapatuan-zapatuan nekezago erabiliko gendukezala aurreko beste izenokaz baino. Baina egitura hori baiesteko, Toribio Etxebarriak behinola Eibarko euskeran baturiko esaldi hau aurkeztu eustan froga modura: “Domekan-domekan igotzen dogu Salbadorera, baketako egun ederra pasatzera”. Eibarko berbetearen batzailea zein dan jakinda, lekuko ziurra eta abonaua, inor izatekotan, ziurtzat jo eban erabilera hori be. Eta esamoldu hau haritzat hartuta, gogoeta labur bat egitea otu jat.
Hitz bera birritan errepikatzea haren esangurea indartzeko baliabide ezaguna dogu euskeran, batez be adjektibo kategoriakoak diranean, eta bide beretik, adberbioak edo adizlagun funtzinokoak diranean: polit-polita, geldiro-geldiro, lekuan-lekuan e.a.
Kasu honetan subertau jakun errepika-egiturea adizlagun funtzinoko hitzena da, eta esparru semantikoari jagokonez, denpora-adizlagunena, hatan be: egunean-egunean, astean-astean, hilean-hilean. Tradizino idatzian be ondo lekukoturik dogun egiturea berau, eta aspaldi zaharretik datorrena gainera. Denpora-izenon artean hedatuena eta ugariena egunean egunean dala esan daiteke, gerora nagusitu dan “egunero” (egunoro) adberbioaren sinonimo zaharra. XVI-XVII. mendeetatik jatorkuz lekukotza batzuk: “Errezetan jakala egunean egunean errosarioa” (Viva Jesus). XVIII. mendearen erditsuan Kardaberazen lumaz irakurten dogu: “Enkomenda zakioz egunean egunean” (Kardaberaz Dotrin.). Hortik aurrera: “Jesus bizia egunean egunean eskuetan erabiltea” (frai Bartolome Ikasik III). “Egunean egunean daroazala demoninoak ainbeste arima” (Juan Jose Mogel Baserri.Eskolia). “Egunean egunean, edo sarri egunean esan bear dogu ‘Aita gurea’” (Pedro Astarloa UD II).
Egunean adizlagunak, soilik erabilita, ez dau maiztasunik adierazoten, baina birritako egituraz bai. Eta laguntzarritzat behin erantsi ezkero be bardin: Egunean behin… Eta progresino konparatibo baliokoa dan: egunean baino egunean lokuzinoa be halantxe.
Egunean adizlaguna -ko gailuaz adnominal bihurtuta garatu dogu egunean eguneango adnominal errepikatua. Hau be euskera idatziaren mende zaharretan azaltzen dana. Sarri agiri da gure tradizinoan, zaharrean ezeze, oraintsuagokoan be, -ango marka bikotxdun egitura hori. “Aita gurearen” euskerazko bertsino zaharretan, XVI-XVII. mendetik atxina behin eta barriro agiri da egunean eguneango ogia sintagma egitura hori. Halantxe darabil Kapanaga mañariarrak bere dotrinako pasarte baten : “Eskatuten da beste gauzeen artean egunean eguneango ogia […]; esan gura dau altarako sakramentu santua”. Mogel zaharrak be behin edo behin halantxe darabil: “Esango baziño urkamendira bear duanari barkatzen zaiola eriotza, baiña egon bear duela komentu batetik irten gabe amar urtean, egin bearko dituala egunean eguneango baraurrak, jaiki gaberdi guzietan korura kartujo batek bezela, artuko luke trukatzez penitenzia au?” (Confesio.Comunio). Hurrengo idazleetan ugariagoa da: “Egunian eguniango gastua gitxituagaz” (Pedro Astarloa UD II). Baina harrigarriro gaurdaino iraunazo deutsie gure idazle ereduzko batzuk esamodu honi, besteak beste Mitxelenak berak: “Egunean eguneango premiei aurre emateko”.
Baina eguneango adnominalak, errepikatu barik be “egunerotasuna” adierazo izan dau, lehen eta gaur. Mogel zaharrak ia beti holantxe soilik darabil. Eta Kardaberazek lehenago, 1762 urteko dotrinatxoan: “Egun iguzu gure eguneango ogia” (Dotrinea).
Astean astean be erabilia izan da, baina oraintsuago eta urritxoago: “Zenbat bider Juakinek besotik oratu / eutsan Juani, ta egin eskua geratu! / Zazpi bat zurraterdi astean astean / bestela bazituan Juanak bizkarrean” (Arrese.Beitia AmaE 264). Azkuek be Euskalzale agerkaria noizik noiza argitaratuko zan aditzen emoteko, adizlagun honexegaz azaldu eban: “Izen onegaz argitara astean astean urtengo dau zortzi orrialdedun paper batek” (Euskalzale 1897). Eusebio Erkiagak be antzera: “Astean astean, zortzian behin ala sarriago etorria zan kaira eta beti beterik, egaluzez plen-plen” (Arranegi).
Eta izenlagun bihurturik, Azkuek bere aldizkaritxo horri azpititulutzat hau erantsi eutsan: “Euskalzale. Astean asteango albistaria”. Lino Akesolo idazleak be halantxe: “Astean asteango diruak poztuta, hemen txahala saldukeran-edo baino ez eudien dirurik hartzean-da, han barriz aste guztietan diru-mordo barria etorkiela sakelera-ta” (Ipiña ta ipiñatarren).
Urtean urtean, idatziz urri agiri bada be, berbaz oparoa da: “Zozketaz izentetan zirean urtean-urtean hogeta hamazortzi zati su-egurretako, eta bardin azpigarritako” (Lino.Akesolo Ipiña 25).
Urtean urteango bakanago agiri da, baina klasikoetan ondo lekukotua halanda be: “Urtean urteango domeketako ta jaietako asierea ta eginbearra” (frai Bartolome Ikasik I).
Egunean egunean tipoko lokuzinoak denpora-unidade generikoak adierazoten dituen izenakaz darabilguz berariaz. Dakuskunez, denpora-izen batzukaz gehiago, beste batzuekaz baino. Esan dogun lez, jeneraltasuna, orokortasuna adierazoten daben izenakaz: eguna, gaua, astea, hilea, urtea eta halako batzuk. Holantxe garatuak dira: egunean egunean, astean astean, hilean hilean, urtean urtean. Orduan orduan be badarabilgu, eta minutuan-minutuan be baietz esango neuke. Eta badira beste adizlagun batzuk be, denpora adierakoak, egitura beronegaz taiutuak: aldian aldian, pitean pitean, lantzean lantzean eta gehiago.
Goiz eta gau izenakaz be baietz esan daiteke: goizean goizean edo gauean gauean ezagunak dira, baina aurrekoak baino gitxiago erabiliak. Eta hainbat urriagoak dirala esango neuke arrastian arrastian edo iluntzean iluntzean. Horreen lekuan, askoz normalago erabiliak dira segurutik: arrasti guztietan edo iluntze guztietan.
Urte-haroakaz be mehatz erabilten dala dirudi: neguan neguan edo udan udan. Entzun ezkero, guztiok ulertzen dogu euron esanahia, baina hiztunok errazago joten dogu esatera: negu guztietan edo uda guztietan, edo nahi bada, bakotxean atzetik ipinita.
Eta zenbat eta markatuagoa, konkretuagoa edo zehaztuagoa dan denpora-izen hori, nekezago erabilten dira egitura errepikatuak. Aste-izenen kasua hori dala deritxat.
Toribio Etxebarria eibartarraren esaldi horretan, domekan-domekan igoten dabela Salbadorrera esaten da. Baina gehien-gehienok beste era honetara adierazoko genduke hori bera: domekero, domeka guztietan, domeka bakotxean edo halakoren bat erabilita. Eta beste hainbeste, zapatu, bariku, astelehen edo beste aste-izenakaz. Itaunketa labur bat egin dot berbeta segurua daben hurreko lagunen artean, eta ia guztiok erantzun deustie horrelakorik eurek ez dabela erabilten: ez Etxebarrin, ez Arratian, ez Txorierrian, ez Durangoaldean.
Hile-izenakaz be beste hainbeste jazoten dala esango neuke. Esan geinke: martian martian agertzen dirala zozoak gure basoetan, edo abenduan abenduan urteten dogula Marijesiak kantetan, edo Pazkoan Pazkoan ospatzen dogula Aberri Eguna. Gramatikaz zuzenak eta gardenak dira egiturok, baina hiztunok erizpide selektiboaz darabilgu orokorrean egitura hau: denpora-izen jenerikoetara mugatuta gehienbat.
Errepika-egitura hori zaintzen daben beste hitz batzuk gogoratuko ditugu bide batez:
– Denpora-adberbio batzuen errepikak ugariak dira: sarri-sarri, beti-beti, arin-arin, astiro-astiro, geldiro-geldiro, emeki-emeki e.a.
– Leku-espazio eremuko adizlagunekin be ohikoa dogu egitura hau: etxean etxean, lekuan lekuan, arloan arloan, sailean sailean e.a.
Gure klasikoetan behin baino sarriago agiri da lekuan lekuan esamodua, “han-hor-hemen, edozein lekutan” adiereaz. Errefrau bi: “Lekuan lekuan ardiak, baltzen artean zuriak”, Mogelek be dakarrena. Eta: “Lekuan lekuan malua” (PAb 66). Eta frai Bartolomeren esaldi bat: “Ba(da)kie kristandadeko agintari jaunak, lekuan lekuan dagozana nasaiak, Jaungoikoaren bildur bagakoak” (Olgeeta). Denpora eremukoen artean, urte eta il (ille) izenakaz: “egingo dabe urtean urtean konfesinoe jenerala” (Sermoiak), eta: “konfesau ta komulgauko dira gitxienez illean illean” (Sermoiak).
Badira esakuntza batzuk, herri, uri edo leku-izen bat oinarri hartuta eiho diranak. Esakuntza zahar ezagun batek dino: “Bilbao, han bere dongeak birao”. Ezagutzen dituzu horrelakoak?
Asko dira euskeraz be, beste hizkuntzetan ezeze. Gitxi batzuk, laudoriozkoak, baina gehienak, txarrereste ezaugarriren baten adierazle diranak. Eta ia beti, errima-puntua jagonez onduak.
Errefrau zaharren artean badira aitagarri diran batzuk:
– Bilbotik urten barik, badogu Albia aitatzen dauen errefrau zahar iraun-emotezko edo irangarri bat: Albia, lapur duztien habia. Batzuetan jazoten da, leku-izenaren amaiera hori beste leku batena danean be, mezu berbera leku hari egoztea. Gaur egungoak dira Mungia eta Bedia aitatzen dituen besteok be: Mungia, lapur duztien habia batetik, eta Kolazino ta Bedie, lapur guztien egie bestetik (Zeanuri. Jesus A. Etxezarraga).
– Ondarroa eta Motriku aitatzen ditu, Mogelek XIX. mende hasieran idatziz ipini eban beste honek: “Ondarroa ta Motriku, idiak idia arkitu” (PAb).
Bergarako uria errima eginez, baina mezu susmagarriaz seinalatzen dauen atsotitz zahar bat be ezaguna da: Bergara, zinatu eta igara. Esan gura da, bertan geratu be barik, Aitaren egin eta aurrera igarotea aholkatzen dala. Eta mezu beretsua, Bakio aitatzen dauen beste honek: “Bakio, aparta akio, al bahakio. / Baquio, pasa adelante (sin entrar en él), si te le puedes”. Eraskin txiki bat dautso ondoren, Azkueren bertsinoan: lapa-saldea oridxo / (En Bakio) el caldo de lapas sirve de aceite” (Azkue, Morf.Vasc. 680).
Urretxuko herria, erdal izenaz aitatzen dau hurrengo honek: Villarreal de Urretxu, beti gerrea darraizu. Hau da, inguruko eta erbestekoakaz beti auskan, pellikan, drogan edo liskarrean dabilen herria dalako salakuntza.
Gaur egungoak be hainbat dira. Hurreko batzuk gogoratu daiguzan:
Elantxobeko herriaren izena pobreziaz loturik agiri da errima eginez: “Elantxobe, milla pobre” esaldi laburrean.
Gabiriko herria be, goialdean dagoanez, goratasun hori errima bidez aitatuz gogoratzen da: Gabiri, leku guztietatik agiri.
Markinako uriak be inguru-herri guztiak ez ditu beti lagun izan. Halan entzun neutsan aspalditxo berriatuar bati: “Markiñe, lapur jakiñe” (Salba Arriola).
Zegama aitatzen dauen beste ezagun bat be bada, batzuetan Ataungo herriagaz batera erabilita: “Ataunen eta Zegaman, egunez ikusi eta gauez eraman”.
– Mendi-izenen artean, aitatzekoa da Oizkoagaz zerikusia daben errefrau batzuk, Mendatan batuak. Oizko mendia harrotasunagaz lotzen daben esakera bi, Mendatako semea zan Bernardo Arejitari ikasi neutsazan orain dala aspaldi. Batak dino: “Oizko trumoie ta gixon harroa, zarata asko ta bihar gitxi” (Bernardo osabeak bere aita Zeberianori (Seberio esaten eutsen) Mendatan ikasia. 2012-07-30). Eta lekkuko beronek emondako bigarren batek dino: “Oixko trumoiek zarata handidxe, baia euri gitxi” (Mendata 2008-XII-26). [Boda bat dala-ta. Handikeria itzelakaz, jente ospetsua, auto eleganteak, baserri-etxe dotore baten…, baina jaten gitxi emon: pintxo erara eta zutunik]”.
“Aurretikoak” berbea etorri jatzu burura, EITBren 40. urteurrena orain dala egin gitxi zelebratu izan danean.
Bai horixe. Hutsetik ez da erneten mundu honetan ia ezer. Danak dauka edo daukaz bere aurretikoak, edo aurrekariak. Edo Iparralde eta ekialdeko aitzin aurre-osagaitzat erabilita, EITBk aitzindariak edo aitzinkariak izan dituala esan ginei. Edo gure erregistrotik hurragoko lehen be baliagarria genduke.
EITBren 40. urteurrena dala-ta maiatzaren 16an Guggenheim Museoan egin zan oroitzapen-ekitaldiaren harira etorri jataz gogora hitzok. Kanpotik etorritako batek, hangoak entzun eta ostean atera eikean eretxia izan zeitekean, hutsetik sortu zala Euskal Irrati eta Telebista. Haren eraikuntza, Hamburgon trebakuntza praktika bizkor baten ondorena izan zatekeala.
Baina 80gn hamarrurtekoa ezagutu dogunok, eta komunikabideetan ibili izan garanok, ondo akorduan daukagu, Bizkaian bazala Bilbo Herri Irratia F.M., eta Gipuzkoan bazirala Loiola eta Donostiako Herri Irratiak, hainbat lehenagotik euskerazko irratigintzan jardenak. “Euskalerria” telebista-programatxo bat be bai astero, RTVek Bilboko Gran Via-tik emititzen ebana.
Guztiok dakigu, irratiotako hainbat profesional izan zirala ‑beste barri edo beste leku batzuetakoakaz batera‑ EITB sortu barriaren plantilla osotu ebenak. Hutsune hori igarri neban EITBren 40. urteurren ekitaldian.
Gaztelaniaz “antecedente” edo “precedente” esaten danari zein ordain emon euskeraz? Aurretikoak izan zirala sorrera-prozesu horretan. Aintzindariak, ekialdeko euskeran. Atzizkitzat -kari hartuta eregiak diran beste sinonimo bi: aurrekariak edo aintzinkariak.
Baina, gaztelania ante- osagaiaz baliatzen dan modura, euskereak be sortu edo erakarri leikez beste izen konposatu batzuk be, lehen osagaitzat aurre-, aitzin- edo lehen- ipinita, eta horreen osagarri modura, urratsak, lanak, ahaleginak, jazoerak edo beste.
Lehen- osagaia aurretik dala, esan leiteke: Zeintzuk izan ziren horren lehenak. Irakurri dogu hiztegiren baten lehen hazi-orraziak perifrasia be.
Aurre- osagaia da behar bada guretzat ezagun-hurrekoena: aurre-lanak, aurre-ahaleginak, aurre-urratsak, aurre-ekintzak, aurre-jazoerak e.a.
Aitzin aurretik dala, aitzinbidea, aitzin-urratsak erabili leitekez.
Pedro Erandiokok itaun bat egin deusku. Ea ezaguna dogun, eurek lehen asko esaten eben lokuzino bat: zatian bitan.
Eskerrik bizienak Pedro Erandiokori, Aurrekoetxea jaunari. Halan dirausku bialdu deuskun mezuan:
“Gaur be, hemen asko esaten gendun esamolde baten ganean itaundu gura neuskizu: zatin biten da esamoldea. Hau aldika, edo erderaz con frecuencia esaten dan lez esaten dogu. Adibide bat iminiko deutsut: “Zatin biten etorten jat bisitaten”. Honegaz esan gura da, maiztasunagaz etorten jatela bisitaten. Hemen nahiko arrunta da, baina eztakit beste lekoren baten esaten dan. Beste barik, eskerrik asko ta ondo izan”.
Zatian bitan, neuk ez dot hurreko berbetan entzun, eta Txorierri edo Butroialde inguruan edo ez bada, ez dakit hortik kanpora inon esaten danentz. Baina zatian bitan esaldi barruan behin entzun ezkero, berehala aditzen dau edozein euskal hiztunek horren esangurea. Ze, izan be, zati izena, “parte, atal, tarte” edo hurreko esanguradun hori, denpora eremuan, denpora-tarte edo aldiaren balioaz ezaguna dogu beste esamolde batzuetan. Hara:
Bat: behin zati baten. Agur-egite giroan, aldi baterako urruntzea adierazoteko: “Etxetik hondino ointxe urten dau gure mutilak eta behin zati baten ez da atzera agertuko”. Edo: “Behin zati baten ez daitela honantz agertu, ez dot aurrean be ikusi gura eta”. Edo: “Semea joan jaku behin zati baterako itsasora; beste bost-sei hilabetean ez dator atzera”.
Bi: zati baten, huts-hutsik. Despedida giroan batak besteari esatea: “Zati baten ez gara atzera ikusiko eta, ekarzu besartekada bat”. Edo eroste kontuan: “Zati baterako nahikoa daukagu erosi dogunagaz”.
Gure tradizino idatzian be aspaldikoak ditugu zati baten, zati bateko, zati baterako ereduko egiturak “aldi baten, aldi bateko, aldi baterako” adiereagaz. J. A. Mogelenean daukagu aurretiko errime bat: “Bota bear zituzala denporan zati bateko eleixati, zelan atera zituan Jangoikoak Adan ta Eba paradisuti” (CO ed. 1898).
Oraintsuagoko gure idazle batzuen lekukotzak: “Eta gorputza geldituten jat / zati bateko indar barik” (Eusebio M. Azkue PB). “Gosekil batzuek sekulako buzkantzaldia egin eben, eta zati baterako gosea arindu” (E. Erkiaga Batetik bestera). “Zati baten geldi-geldi egon zan” (Kirikiño Abarrak). “Zentenoak halakoak ez deust ba barriro be errekara iges egin gura izan? Kostako jako zati baten” eta “Izan eben zati baterako barrea ta esan beharra” (Felix Bilbao Ipuin.barreka). “Zeletan egon zan zati baten” (Otxolua).
Ardatz horretakoa da Pedro Erandiokok berbetan sarri entzun eta erabili dauen zatian bitan esamolde urregorrizko hori. Horren sinonimoak lirateke: txitean pitean, takian potian eta halakoak.
Zorion-agurretan entzuniko esaldi polit bat: “Urteak daukazan beste mosu berarentzat”
Maria Luisa Bentazarreko andreari entzun neutsan irrati honetan. Laukiztik berba egiten dauelakoa daukat. Urteak daukazan beste mosu. Aurreko irrati-tarte baten azaldu genduan adina / gaina lotura-marka, bardintasun-konparatzea egiteko erabilia, “aterik gaina maratila” esapideaz geniharduala.
Eta han gehitu genduan, adina / gaina marka horri hizkera askotan, sartaldean berariaz, beste lotura-hitzak lekua kendu eutsala, aurreko horreek ia guztiz baztertzeraino.
Goiko esaldi horretan, urteak daukazan beste mosu, aditz jokatuari loturik daukagu beste bardin-marka hori. Neurri-hitz horregaz eihoak dira, herri berbetan hain ezagun jakuzan: behar dan beste, nahi dan beste / nahi beste edo gura dan beste, ahal dan beste eta horreetarikoak.
Mehatzago eta nekezago agiri da egitura hori adina / gaina lotura-hitzakaz. Bigarren hau erabili bagendu, “urteak gaina mosu” edo “urteak adina mosu” errazago esango geunkean, aditz jokatua tartean ipinita baino.
Beste hitzak, lotura-marka lez, besteek baino malgutasun handiagoz jokatzen dauela dirudi.
Beste zein egiturari loturik ohi darabilgu beste? Gehiegi luzatu barik, hara batzuk:
Aditzizenagaz, -teko beste itxurapean, ugaria da: Biziteko beste (diru). Jateko beste (ipini platerean). Emoteko beste (Niri ~ badaukazu?). Eroateko beste (Karretilan ~ ipini, ez gehiago). Horretan lehiakide dau -teko lain egiturea be: jateko lain, biziteko lain.
Aditz partizipioagaz, -tako beste edo -iko beste egiturapean: Emondako beste hartu atzera. Eroandako beste ekarri barriro. Esaniko beste berbea bete.
Aditz partizipio soilagaz eregiak dira ezin ezintasun-hitzaz lagunduriko besteok be: ezin esan beste, ezin kontau beste eta kidekoak.
Izen sintagma bategaz (zer, zerk, zeri), izenlagun bategaz (zeren), adnominal bategaz (zertako), adizlagun bategaz (zegaz, zerez, non, nondik, nora…), aditzondoekin eta are beste batzuekin. Halan: Zu beste. / Guk beste edo gure beste. / Hari beste. Amari beste gura deutso aitari. / Edonoren beste. Lagunen beste. / Zuentzat beste. Guretzako beste. / Gizonagaz beste. Andrekin beste. / Hango beste. Etxeko beste. / Han beste. Hemen beste. Auzoan beste.
Adberbio eta adizlagunakaz be sarri: Han beste. Hemen beste. Edonon beste. Gaur beste. Igaz beste. Adnominal egituraz darabilguz sarri, -ko atzizkia lokarri dala: Betiko beste. Atzoko beste.