Euskera Hobetzen: Bildur 'asko' edo Bildur 'handia'?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: Bildur ‘asko’ edo Bildur ‘handia’?

Solaskide bati hedabideetan entzuna: “Bildur ASKO emoten deust hori entzuteak”. Betiko auzia: Bildur asko ala Bildur handia?

Hatarikoak dira hainbat eta hainbat izen, euren esangura propioan zenbatu ezin diranak, edota ekanduz zenbatzeko ohiturarik ez daukagunak. Bildur izenaren kasua horixe da. Bildurra esaten dogunean, ez darabilgu *zenbat bildur ditugun esateko, eta bai, ostera: zenbaterainoko bildurra, zein neurritako edo zein gradutako bildurra, hau da, azken baten zertaraginoko bildurra, zelaseko bildurra dagoan aditzen emoteko.
Horreetariko kasuetan, asko zenbatzailea barik, handia edo beste adjektibo edo adnominal bat erabilten dogu. Ez dinogu: *bildur asko daukagula, ezpada aukeran emon geinke esatea: bildur handia, bildur itzela, negargarriko / itzelezko / sekulako / upealako bildurra eta horreetarikoren bat.
Gaztelaniak ez deusku asko laguntzen bereizkuntza hori zehatz egiten, ze ohikoa da esatea: “tengo mucho miedo”. Eta bardin esaten dogu: “tengo muchos amigos”.

Zelako izen motak sartzen dira hemen, *asko barik handia tipoko ereduaz hanpatzen diranak?. Sailkapen labur bat egingo dogu:
– batetik, giza sentipenen adierazle diran izenak, bildurra bera dan lakoak. Berbarako: Gogoa. Haserre. Ikarea. Izua. Lotsea. Mina. Penea. Poza. Sentimentua. Susmoa. Tristurea edo tristezia. Gogoeta. Bengaia. Mehatxua… eta asko luzatu leiteken izen-zerrendea.
– Gizakion sentsazino psikosomatikoak be hemen sartzen dira. Horreretarikoak dira: Gosea. Egarria lango izenak.
– Eguraldiaren eremuko hainbat izen be bai: Beroa. Hotza. Edurra. Euria. Txingorra. Sargoria. Lehia edo Izotza.
– Abstrakzino munduko zenbat gura izen. Taiu honetakoak dira euskeraz -tasun atzizkiaz erakarririko izen asko, kualitate-adierazleak. Abstrakzino puntua daben izenen artean aitatu leiz: Balioa. Estimazinoa. Eskandalua. Itsutasuna… Halan esango genduke: “Bizimoduan eza ezagutu dauenak balio handiagoa emoten deutso daukantxoari edo irabazi dauentxo horri”.
Izen honeek guztiok, adiera normalaz darabilguzanean, ez ditugu asko-gitxi diran legezko zenbatzaileakaz laguntzen. Izaeraz neurgaitzak diralako. Nekez esaten dogu: *bildur asko, *hotz asko, *lotsa asko, *gose asko edo *min asko.
– Baditugu hainbat eta hainbat izen, neurgarriak diranak, baina jeneralean zenbakarri ez diranak. Horreetarikoak dira: Barrea. Negarra. Neurria. Prezioa legezko izenak.
– Zein da, zenbakarri ez diran izenekin normalean hartuko dogun estrategia?

Goranzko neurria emoteko, *asko, *hainbat moduko ‘askotasun edo aniztasun’ zentzuna daben zenbatzaile zehaztugabeak baztertu, eta adjektibo edo izenlagunen aukerea ustiatu.
Hartzen badogu haize izena, bazter itxiko dogu *Haize asko esatea, eta hautatu geinkez honango batzuk: Haize handia | haize itzela | sekulako haizea | itzelezko haizea | ikaragarrizko haizea | negargarrizko haizea e.a.
Baina ez daigun ahaztu, berez ez neurgarri ez kontagarri diran izenak be kontestuak zenbakarri bihurtzen dituala batzuetan. Errefrau zahar baten lekukotasuna: “Bildur bat da abereetan ta asko gizonetan. “Un miedo hay en los animales y muchos en los hombres”” (RS 391).

Esakuntza baten esana, pobrearen arrazoia ahotan hartuta: “Pobrearen arrazoia ta urruneko basoko egur igarra, bardinak”. [POBREAREN ARRAZOIA] [TXIROA] [EZEUKIA] [LANDERRA]

Basoko egur igarraren irudia oraintsu erabili izan dogu (2023-03-23/2). Baina ez pobrearen arrazoia lagun hartuta.
Pobre hitzaren sinonimo ezagunenak gure tradizinoan, txiroa, landerra edo ezeukia dira behar bada. Pobre, Iparraldean praubea, mailegu zaharra dogu euskeraz.
Txiro berbea be guztiz zaharra dogu (XVI, RS), baina hiztunok bidean galdu genduan aspaldi, harik eta XX. mendean hizkera landuan barriro erabilten hasi ginan arte. Berba gogoangarri eta gomendagarria gaur egun be.
Lander berbea be ‘pobrearen’ izendapenerako agiri dan berba zaharra dogu, baina ez dau aurrera egin, bazterrean geratu da.
Ezeukia, eukitsu izatearen antonimoa, herri berbetatik, euki aditzetik jalgi dan berba alkartua adierazgarria eta gardena dogu; egitura sinple baina argiaren jabe: ezer ez eukitetik hiztunok ezeuki izatera erakarri doguna.
Hainbat errefrau ditugu euskeraz, eta ertz diferenteetatik eusten deutsie batzuk eta besteek pobre danaren zoriari.
– Pobrearen arrazoia dogu bat, hutsa balio dauela, desarrazoiaren pare dala esateko. Gure herri euskaldunetan, jentearen gogoan ondo josirik dagoan errefraua, hatan be. Aita zanari ikasi neutsan aspaldi, Mendatako semea bera, honakoxe berbakaz: “Pobrien errezoie ta urruneko basoko egur igerra, bardiñek” (1987-12-26). Askoz oraintsuago Bernardori, osaba nebanari, Mendatako semea hau be, beste era honetara entzun neutsan: “Pobrien errezoia ta urrineko egur igerra, bata lakoxiek” (2012-07-30). Biek euren aita Zeberiori ikasita.
Aurreko horren konparantza berbera darabil Nafarroan D. Intzak baturiko honek: “Mundun hiru gauza galtzen dire alperrik: pobrearen arrazorea (arrazoia), mendiko egur igarra, ta alperraren indarra” (NEZ 472). Bilduma berorrek dakar hurrengo hau be: “Pobreen arrazoia beti sobra. Jende beharraren esana askotan ez da ezertan idukitzen.” (NEZ 291).
– Pobrearen harrokeriaren argumentua be agiri da atsotitz batzuetan. Ibarrangelun, bertako seme eta bertan abade izan zan Domingo Zuluaga euskerazale finak esakera hau batu eban: “Pobrearen harrokeriak eta txorokilen suak gitxi irauten dabe” (2009-VI). Txorokila, etxeko berbetan, burutxea. Beste batzuk txokorra deritxoe.
Pobre izatea beste zegaz kidetzen da gehiago? Zorri hilbiztua izateagaz be bai batzuetan. Esakerea da sartaldeko leku askotan, zorri hilbiztua baino txarragorik ez dagoala (Meñaka, Morga). Halan da esaerea Nafarroan be: “Pobre erresuzitatue baiño okerragorik ez dago” (NEZ 688). Oihenart-ek aspaldi mezu berau emon eban beste era honetara: “Jaunetan zein da latzena? Ezdeuseti jauntzera heldu dena” (Prov. 259). Eta bada beste nafar bat, dinoana: “Zorria baiño pobreago, ta zorria baiño lotsagabeago.” (NEZ 1095). Pobre lotsa txarrekoaren irudiaren erakusle.

– Satsagaz edo simaurragaz be bardintzen da batzuetan pobre izatea konparantza bidez. Lurrak, frutua oparo emon daian, simaurra behar dau; satsitu egin behar da. Baina satsik egiten ez bada, sats bako lurra ez ohi da emoitsua izaten; uzta laburra ekarriko dau. Irudi horrexen harian, satsbako lurragaz parekatzen da pobrearen ezkontzea batzuetan. Lezamako barriemoile baten esana, baina Zeanuriko jatorria daben batena, hau da: “Sasbako ereitea ta pobrean ezkontzea bardiñek” (Aitor Olivares. 2010-V).
– Pobrearen zoritxarra edo zorigaiztoa be errefraurik zaharrenetarik aitatzen den leloa dogu. Hari horri tenk eginez, honeetariko eretxiak agiri dira errefrau batzuetan:
Pobrea iguin izaten dauela jenteak, eta aurrean erabili be bai batzuetan, gogoratzen deusku esakuntza zahar batek: “Txiroak dirudi insausti, / guztiok arrika beti. // El pobre parece nogal, / todos le apedrean siempre.” (RS 467). Intxaur-arboleari harrika, ea intxaurrik jausten dan.
Pobre-aberatsen arteko etena, edo orain esaten dan moduan, ‘arrakala’ adierazoten daben errefrauak be hainbat dira.
Gure bilduma zaharretariko baten, pobre eta aberatsak aurrez aurre honelan agiri dira: “Aberatsok jaia daude, / txiro gaxook beti neke. / Auzook bere igui daude / beti dabilena eske”. Gaztelaniazko bertsino zaharrean: “Los ricos tienen fiesta, / y los pobres cuitados siempre trabajo; los vecinos también aborrecen / siempre al que anda pidiendo.” (RS 3).
Pobrearen nekea be berbagai da batzuetan. Goiko errefrau zahar horretan agiri dan ‘txiro gaixook beti neke’ horren bertsino moderno batek dino: “Jente pobreak, neke doblea” (EY 2495).
Pobre-aberatsen arteko etenaren adierazgarri diran kristinau ikuspegiko ezagunak be badira. Halan, eleiza katolikoaren pentsabide tradizionalaren erakutsi garbia dirudian batek dino: “Aberatsa, inpernuko lebatza; pobrea, zeruko lorea” (EY 1844).
Ildo beretsukoa dogu, pobreari lagundu beharra aholkatzen dauen beste zahar bat be: “Ondo egiok landerrari; / Jainkoak dikek donari”. Gaztelaniazko bertsino zaharra: “”Haz bien al pobre; dar te ha Dios galardón” (RS 265).
Topiko ezaguna dogu, pobre-aberatsen bardintzea heriotzeak dakarrelako baieztapena. Herri-esakuntza batek halan gogorazoten deusku: “Behartsu bizi bahaiz, aberats hilko haiz” (EEZZ 498).

– Pobrearen premina gorria hartzen dau ituan beste errefrau batek, “oparin” berba zaharraren bidez. Dino: “Tamal eukok txiroari, / ta sorotsi aen opa[ri]nari”. Gaztelaniazko bertsinoa: “Lástima ten al pobre, / y a su necesidad atiende.” (RS 78). Tamal euki da ‘lastima, erruki izatea’. Sorotsi, ‘ardurea hartu’. Eta oparina, ‘beharrizana, premina larria’.
– Pobrearen bakartadea, lagunik eza be gai ezaguna dogu. Beste berbaz esanda, pobreari jenteak atzea emon ohi deutsala. Azkuek dakarren batek dino: “Norte haizeak leku gorderik ez, pobreak adiskiderik ez” (EY 1215). Eta beste batek: “Guziak aberatsaren ahaide, pobreak eztu bat ere” (EY 2468).
– Pobrearen nahibagea, oinazea, sufridu beharra, ‘arantzearen’ irudiaz azaltzen jaku batzuetan: “Beti dago arantzea pobreen oinean.” (EY 2133).
– Pobrea amesetan bizi dalako eretxia be ezaguna da. Pobre-aberatsen artean izaeraz, pentsaeraz edo jokabidez itzelezko aldea dagoala dirausku, Azkuek baturiko honek: “Aberatsa, tranpa hutsa; pobrea, ames hutsa” (EY 1845).
– Guztiok txiro izatera bideratzen gaitu beste batek, doguna janda eta ez gehiegikerian ibilita. Dino: “Doguna jan ta txiro izan”. Gaztelaniaz: “Comer lo que tenemos y ser pobres.” (RS 314).
“Dagoanean bon-bon eta ez dagoanean egon” esakuntzaren mezu bera emotera dator beste zahar hau be: “Doguna jan dogu, / ta arlot gara biortu”. Gazt. “Lo que tenemos hemos comido / y nos hemos vuelto pobres.” (RS 329).
Eta azken eretxi bat, pobreak pobreari gorroto ohi deutsalakoa baieztatzen dauena; hau da, pobreak pobreari izaten deutsala gorrotorik handiena. Esaera zahar bat hori esatera dator: “Txiroak arlotea iguî. // El pobre al pobre aborrece.” (RS 493).

“Asko da, aita barik zu kaletik ikustea!”. Sareetan irakurri dogun esaldia. Zer esateko? [ASKO DA ba!] [EZ DA ASKO … -TEA]
Jesus Zugazaga Gatika-Mungia bitarte horretako ikertzaile bati irakurri deutsat sareetan, eta esapide polita eretxi. Euskerara ekarriko dot, berak gaztelaniaz azaldu dauen esaldia. Dino:
“Esapide zaharra, gitxienez Mungialdean erabilten dana. . (…) Gaztelaniaz ‘¡Qué raro! ¡Qué extraño!’ esangurakoa. Orain dala egun bi erabili eban, beti aitagaz paseoan kaletik ibilten dan lagun bat agurtzeko. “Asko da, aitte barik kaletik zu ikustea!”. Birritan itaundu eustan, ea zer esan gura neban horregaz. Eta azaldu neutsan, esan gura ebala: “¡Qué raro es verte por la calle sin tu padre!”. Lastima galanta da, euskerazko horrelako esapideak galtzen ikustea”. (2023-05-05).
Asko izan aditz lokuzinoaz eregitako esaldia, normalean ‘harridura’ edo ‘esklamazino’ eran erabili ohi doguna. Gizonezkoen artean: Asko dok ba!. Edo andrazkoen artean: Asko don(a)) ba!! Eta batez be era neutroan: Asko da ba!! Erabilgune nagusia: ezusteko zerbaiten aurrean, harrigarri egin jakun zeozeren aurrean.

Baina asko izan edo asko ez izan (asko da, ez da asko) lokuzinoen balio zaharrak oinarri sakonagoa dauka: asko da esaten zan lehenago, orain nahikoa da, aski da esaten danerako, gazt. ‘basta’, eta ez da asko esaten zan, gaur ‘ez da nahikoa’, gazt. ‘no basta’ esaten danerako.
Eta hondino be, bizkaieraren ekialdean eta gipuzkeran balio zahar hori bizirik dago. Zegamako bati ez hain aspaldi entzuna: “Hi! Asko dek, gizona, asko dek! Isildu hadi!” (Joseba Etxeberria).
Arrasateko seme zan baten kontaera-idatzi batetik hartua: “Harek esaten juan, ehiztari ona izateko etzala asko eskopeta eta txakur onak eukitia” (Birraitona Tiburtzio).

Idazleetan eredu bikainak ditugu. Bat frai Bartolomerena: “Gizon bat nai emakume bat da asko, etxe aberats bat pobretuteko” (Ikasik III). Beste bat ezezka emona, Agirre Asteasukorena: “Kontuz ereitea gauza bearra da fruturik izango bada; baiña ezta oraindik asko abustura iristeko” (Erakus 443). Eta amaitzeko, Añibarro arratiarraren adierazpen bat: “Ezta asko [mandamentuak] buruz jakitea; jakin bear da zerbait azaldura edo esplikaziño euren adimenerako” (MisE 139).

Hedabideetan behin baino sarriago entzuten dira honen antzekoak: “Bilbao Basket-ek larogei – hirurogehi (80-60) galdu dau kanpoko taldearen aurka”. [Emaitza LAROGEi – HIRUROGEI ala LAROGEHI ETA HIRUROGEI?]
Lehenago be behin baino sarriago aitatu dogun ertza, batez be kirol-emaitzak zenbakiz emoteko orduan. ZenbaNA doaz? itaunari zelan erantzun: lau hiru ala lau ETA hiru? Euskaldunok, hutsik barik, eta sartzen dogu zenbaki bien artean?
Ea goiko saskibakoi emaitzara etorrita, larogei ETA hirurogehi doazela kirol talde biak, esango dogu. Emaitza-kopuru biak banangoak dira, bakotxa bat. Horregaitik sartzen dogu erdian eta juntagailua banakuntza hori zehatz eta garbi marketako.
Eta erdian sarten ez bada, sekuentzia bat garatzen dogu, jarraiko zenbakiakaz. Telefono-zenbaki bat emon daiteke horretara: 62345698. Kasu honetan ez da behar, eta ez da komeni, zenbakien artean ez juntagailurik ez bestetarikorik.
Eta tartekatzeak banakuntzea adierazoten dau: multzo bi diferentetakoak dirala zenbaki bata eta bestea.

Zelan dago hobeto esanda? EuropaKO Eguna ala Europa Eguna? Ala EuropaREN Eguna esan beharko ete geunke? 

Hedabideetan irakurri dot honangoa: “Eusko Legebiltzarrak eta EuroBasquek Europako Eguna ospatuko dabe Europar Batasuna eta balioak: emakumeen eta gizonen arteko bardintasunik barik ez dago Europarik, ezta demokraziarik be izenburupean” (Bizkaie).
Aspalditxo be aitatu genduan zeharka EuropaKO Eguna izen sintagma honen auzia (2018-05-10/1), baina sakontxoago aztertzekoa dala deritxat, daukagun nahaste edo lausotasunaz ohartuta.
Nik ez dot ikusten -ko leku-atzizkiaren marka beharrik hor. Europa Eguna esango neuke labur eta erarik naturalenean; laburrean hobeto.
Antzeko kasua irakurri dogu oraintsu, Bizkargin (eta beste hainbat lekutan) ospatzen dan Santa Kurtze eguna dala-ta. Bizkargiren inguruko herri guztietan, era bitara entzun izan da egun hori: Santa Kurtze Eguna eta Bizkargi Eguna. Bigarren hau sarriago, neure eretxiz.
Baina zein da kontua? Sareetan ikusi dodan iragarki-kartelean BizkargiKO Eguna agiri da. (Nik behin eta barriro irakurri dodan horretan behintzat). Zer dala-ta bihurtu behar dogu, ekanduz ezagutu dogun Bizkargi Eguna orain BizkargiKO Eguna izentatzera? Gaztelaniaz “El día DE Bizkargi” esaten dalako gehiago?

Gramatikaz biak dira zuzenak. Baina arrazoi sakonak izan ditu euskal hizkuntzak, edo izan ditugu euskal hiztunok, -ko genitibo-marka hori ezabatzeko, eta egitura osoan BizkargiRA joaTEKO Eguna, BizkargiRAKO Eguna, edo gura bada, BizkargiKO Eguna, era laburrean formulatuta Bizkargi Eguna bihurtzeko. Egun ‘seinalatu’ bihurtu izan dalako hurreko gizartean. GabonEKO Eguna, Gabon Eguna bihurtu dan arrazoi beragaitik. Edo InozenteEN Eguna Inozente Eguna bihurtu dan arrazoi beragaitik.
Arrazoi berbera on egingo genduke, EuropaREN eguna edo, goiko horretan agiri dan lez, EuropaKO eguna, era laburrean formulatzeko, eta Europa Eguna erara formulatzeko zelebrazino-egun hori. Eta izenon arteko lotura-markarik, kasu-markarik sartu gura izatekotan be, -ren edutezkoa hobetsiko genduke: EuropaREN Eguna, EuropaK bere eguntzat izendatu dauen eguna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular