Labayru Fundaziotik heldu dan mezua: “Hauxe irakurri dot: “Dokumentu hau sortu dugu, lagungarri izango duzulakoan”
Biosne Zarandona teknikariak bialdu deusku, Euskararen Erabileraren Normalizazio Arloaren arduradunak, mezua, ohar honegaz batera: “Egia esan, hobeto emoten deust “lagungarri izango zaizulakoan”. Baina, agian, biak dira zuzenak?”
Neure eretxian, bietara dago zuzen esanda. Kontua da, zein egiten jakun ezagunago edo zein hurragoko. Bietara esan daiteke: Hiztegi hori lagungarri izan dot edota Hiztegi hori lagungarri izan jat lan hau idazteko. Baina hirugarren era bat be bada, egokitasun gitxiagokoa deritxadana: Hiztegi hori lagungarria da niretzat, gramatikaz zuzena izanagaitik. Edozelan be era inpertsonalean emon daiteke mezu, nod dan mesedetua aitatu barik: Hiztegi hori lagungarri izan da edo lagungarri gertatu da idazketa baterako.
Lagungarri hitza dala-ta gogoratu daidan, euskera klasikoan, eta modernoan be, lagungarri izen kategoriaz erabili izan dala gehiago, adjektiboarenaz baino. Mogelenean lagungarri darabil “auxilio” esanguraz erabilia da: “Bere grazia edo lagungarri bizkorrakaz” (Konfesino). Eta Ullibarri Okondokoak be, Abandoko errementariak, oraintsuagoko gutunetariko baten: “Ez nago ni orretarako: lagungarri gitxi ta gogoa-ilgarri asko daukat, orretarako bideak artuteko” (Gutun liburua 49s.). “Zerk edo nork lagundu” euki aditzen emoteko.
(Zerbait) lagungarri izan (norbaiti) lokuzino-egitura bera be tradizino modernoko egiturea da bera be.
Heldu jakun zalantzeau dala-ta, zein aditz laguntzaile erabili: jat ala dot, jaku ala dogu, jako ala dau? Bietara bietarako joerak ohartzen ditugu testu modernoetan.
Zer-nori ereduko adizkiak agiri dira, hau da, jat, jako, jaku laguntzaile iragangaitzdunak, idazle modernoen honako pasarteotan: “[…] baldin nere azken helburura jotzeko hek ez bazaizkit lagungarri”. (Duvoisin Hiztegia). “Orain, beintzat, ezertan lagungarri izango ote natzain?” (J. Zaitegi Sofokel 177). “Ona izateko […] lagungarri yatan neure gurasoekan onerako joera besterik ez ikustea” (Santi.Onaindia S.Teresa 20). “Zerbait lagungarri izan litzaidake nere urteen ugaritasunera iritxi izana” (A. Zinkunegi).
Nork-zer ereduko adizkiak agiri dira, ostera, gure idazle bikainenetarikoen beste testu batzuetan. Halan E. Erkiagaren honetan: “Itsasoa bare agertzen zanean […] erremuak azkar astinduaz; eta aize biguna […] lagungarri izaten ebenetan, pozarren ibilten ekien olatuen dantzai gora-beeraketaz erantzunaz” (Arranegi). Edo K. Mitxelearen honetan: “lehen bokalaren iturburua jakiteko, beraz, beharrezko ez bada estu-estuan, lagungarri dugu forma trinkoak edukitzea” (MEIG VI 192). Edo Jon Etxaideren beste honetan: “Nork zekik bere animaren salbapenak ire barkazinoa lagungarri aundi ez ote dun” (Joanak joan).
Eta hirugarren egiturea, da tipoko adizkiduna, ikuspegi inpertsonala emonez. Juan Jose Mogelen hitzetan: “Dibersinoe inozente, geure nekeak igaroteko lagungarri diranei” (Baserri.Eskolia ed. 1845. Eta Mitxelenak: “Okerrago, heldu bada, genuen etxe-teilape ederreko barrunbe kaxkarra lagungarri izan baitzen […] behar genuenaren gose-egarria uxatzeko” (MEIG IV 127).
Baina beste adjektibo bat sartuko bagendu /adj + izan/ aditz-multzo horretan be aditzagazko jokera berberak izango gendukez. Mesedegarri izan hartuta: Mesedegarri da (neurriz edatea). Mesedegarri jatzu … (gitxitxoago jatea), edota: Mesedegarri dozu … (esanari kasu egitea). Beharrezko hartuta: Beharrezko da (guztiok ahalegin egitea), egiturarik ohikoena. Beharrezko dozu (hara joatea), hurrengo erabiliena, eta Beharrezko jatzu… gitxien erabilia. Osasungarri adjektiboa hartuta: Osasungarria da (garbi jatea). Osasungarria dozu (genero ona jatea). Osasungarria jatzu (sano jatea). Ona izan hartuta be, hiru aukerak dira zuzenak. Maiztasunen arabera: Ona da edo izaten da (jenteagazko hartuemona). Ona dozu (berbak ondo neurtzea). Ona jatzu (emondako berbeari eustea).
Goiburuko esaldian [Dokumentu hau sortu dugu, lagungarri izango duzulakoan], zuk izango dozu lagungarri egiturea darabilgu. “Lagungarri izango jatzulakoan” be ondotxo erabilirik dago. Eta “Lagungarri izango dalakoan” be era arteza da; era inpertsonalean emonda: edonorentzat, guztiontzat.
Sartu barriak gara Zezeilgo hilean. Otsail izena dabil gaur nagusi. Otsoen hila ala Hotzaren hila?
Otsail hitzaren jatorria dala-ta, hots-kidetasuna dala-ta, bada hile-izen honen jatorria hotz, hotzaren hila egituran ikusi dauenik be, gaur bitxikeriatzat joten badogu be.
Jose Mari Satrustegi euskal etnografo eta idazle ezaguna izan zana dogu, sasikotzat jo beharreko etimologia honi arnasa barria emon eutsanetariko bat: otzaila, ‘mes del frío’.
Gitxienez XVI. mende hasieratin agiri da hile-izen hau idatziz: “Febrero. Oçall(e)a. Februarius” (Iruñea 1501). Hile honen oinean hotza dagoalako eretxi hori, hitz biok hots bereko edo ia bardineko izatean datza. Baina otsail izenak otsa- oina dauka lehen osagaitzat, otso izenaren aldaerea (gazt. ‘lobo’), hitz-alkarketan -o>-a aldaerea jasan ondoren: arto > artaburu edo asto > astakirten bihurtu diranen eredu bereko aldaerea.
Beste hile-izen gitxi batzuetan be ezaguna da piztia edo abere izenen presentzia. Urrun joan barik: zezeila < zezen-hila, katuila < katuen hila, e.a. Zein dan horren arrazoia? Otsail inguruan hasten diralako hainbat abere edo animalia berotzen eta har-emetzen.
Gure sartaldeko berbetan zezeila nagusi bihurtu bada be, lehenagoan otsail izena be ondo sustraiturik egoan. Gure errefrau zaharretako lekukotza bi: “Otsailean aldiz eguzkitan, aldiz sutantzean (RS 323). Edo: “Otsailgo euriak / eraiten dituz onzoeriak. // Pluvias de hebrero, / mata a los logreros” (RS 89).
Otsaila eta otsoa kidetzen dituan euskal idazle ezagun baten esaldia: “Nola otsailean oihanetan otsoak (…) habarrotsak banantzen baititu” (Etxeberri Ziburu Devotionezco).
Hotz izena ointzat hartu baleu, hotzila izango zatekean, baina hau ez da kasua. Edozelan be, J. M. Satrustegik azalpen hau dakar: “Satrustegi: Febrero. Oçalla (1501), mes del frío. Este dato descarta la etimología popular “mes de los lobos”, otso, y plantea la duda ortográfica otsail/otzail”.
Barantail dogu ‘zezeilaren’ beste izen zahar gitxi ezagun bat, aurrekoak baino askoz urriagoa, baina zuberotarrez iraun dauena. Latineko “parentalia” batetik ete letorken aitatu eban Eulogio Gorostiaga ikertzaileak. Oihenarten errefrautegian agiri da XVII. mendean: “Loila, ez hadila oila. Ondotik darraik barandaila” (Prov. 303). Azkuek Zuberoan honakoa batu eban: “Barantaila, emazteen eta gatuen ilhebetia da. Martxoa gizonena.” (EY I 66).
Aurreko urte baten hile-hasiera baten (2020-02-06/2) erabili genduan otsail, zezeil, katuil eta ingurukoez autua irrati-tarte honetan. Baina ondo dator errefrau pare bat hile honegazkoa birgogorazotea. Biak ezagun samarrak: Katua izentetan da lehenengoan: “Zezeila, katuen hila”. Eguraldiagazkoa dogu bigarrena: “Zezeila euritsu, bedartzak ederto gizendu”.
Irratiz entzunikoa da beste hau be: “Urtearen amaierEAN eta urtearen hasierEAN”. Hiztunok hasierAN eta amairAN esaten dogu, ezta?
Bizkaiera ikasi daben euskaldunbarri edo erdi-euskaldunen joerea dogu harako hori. Izen edo adjektiboak -a mugatzaileaz darabilguzanekoa.
ErrekA > errekEA. Gerra > gerrEA. AlabA > alabEA.
Baina non kasuan ez da jazoten nor-zer kasuan egiten dan -aa>-ea bokal-bihurketa. Hau da, -a-an ez da bihurtzen *-ean bihurtzen non-noiz kasuan. ErrekEA esaten dogu, baina ez *errekEAN. GerrEA esaten dogu, baina ez *gerrEAN.
Aspaldi irakurri eta baturiko esaldi bat aitatuko dot aldizkari batetik: “Aurten 70 urte dira 1936ko gerrEA hasi zanetik. Gaurko artikuluan gerrEAN bertan eta gerrearen eraginez sortutako konzentrazino zelaien eta langile batailoien gainean…’ (2009-05-06).
Hasiera eta Amaiera izenak -era atzizkiaz eratorriak dira. Nor-zer kasuan: hasierEA eta amaierEA bihurtzen ditugu. Eta bide beretik sorrera > sorrerEA. Eta -tza atzizkidun izen eratorrietan be gauza bera: jaiotza, heriotza eta ezkontza izenak, artikulu mugatzaileaz: jaiotzEA, heriotzEA eta ezkontzEA bihurtzen ditugu.
Baina non kasura dakarguzanean izenok, -AN geratzen da huts-hutsik , eta ez *-ean. Halan dinoguz: HasierAN. AmaierAN. SorrerAN. JaiotzAN. HeriotzAN. EzkontzAN.
Izen eratorri bat -kada atzizkiduna bada, berbarako pelota izenetik pelotakada, esan geinke partidu baten oraingo hau 100gn pelotakadEA dala, baina partidua 100gn pelotakadAN irabazi dala. Baina ezetara be ez *ehungarren pelotakadEAN. Denpora-neurria dogu hamarkada izena, ‘hamarrurtekoa’ esateko. Horretatik esan geinke, kanta bat modan izan zala 90gn hamarkadAN, baina ez *90gn hamarkadEAN.
Gerra aurreko gramatikari garbizaleek bultzatu eben -a amaieradun izen edo adjektiboak non-noiz kasuan -EAN markatzeko joerea. ErrekA > errekEA bihurtzen dan moduan, inesibo kasuan be bokal-aldaera bera ezarri behar jakola eta *errek-EAN esan edo idatzi. Baina joera hori, erregularra bai, baina okerrekoa da euskal gramatikan, idatziz zein berbaz. Bilboko Euskelzale Bazkuna alkarteak-eta orain mende bete inguru bultzaturiko joera logikazalea. Baina orduan be gure idazle zindoek, Azkue, Zamarripa, Domingo Agirre eta herri-hizkera sendoa erabilen beste idazle bizkaitar enparauek ez ziran zulo horretan jausi.
Halanda ze, goiko esaldira bihurtuta, Urtearen hasierAN eta Urtearen amaierAN erabiliko dogu hutsik barik eta nabarmenkeria barik.
Hedabideren baten entzuna hurrengo hau be: “Hondino be euria dariola da.”
Laura Uruburu Gernikako Berritzeguneko zuzendaria eta idazlea danak bideratu deust ohar hau, hedabideren baten entzunda.
Euria dala-ta dariola erabilten danik ez dot uste. Hiztunen ezpanetan: Euria dariola da, egitura arrotza da. Egia da bai, dariola, isurkariei buruz darabilgula ia beti, baina ortzetik goitik behera euria, edurra, txingorra edo beste fenomeno atmosferiko bat danean, ez ezelan be.
Noiz eta zertarako, zein ingurunetan, darabilgu batez be dariola adizki adberbiala? Jarioan, irristean edo isurian doana adierazoteko gehienetan; eta gitxi batzuetan, dingilizka, zintzilik dagoan gauzearentzat be bai.
Dariola aditz trinko modala dogu, jario edo jarin aditz partizipio zaharraren adizkia. Gaur egun hiztunontzat adizki izoztua, eta batez be era adberbial legez finkatu dana -la atzizkiaz.
Dario-ren edukia isurkaria da berez, gazt. ‘fluir’ dan antzera. Hatxari URA DARIO izan daiteke ereduzko egiturea: zeri-zer edo nori-zer argumentu egitureaz. Eta isurkarietatik erdi-solido diranetara be hedatu da ingurune batzuetan.
Zer darion zeri edo nori, adibide batzukaz on egingo dogu.
– Maiztasunez darabilguzan isurkari-izenak dira: Adurra dariola. Bitsa ahotik dariola. Izerdia dariola. Negarra edo negar-anpulua dariola. Odola dariola. Ura dariola.
Erdi-isurkari edo solido bigun diran materiakaz: Mokoa dariola. “Erretxinea dariola dagoz pinuak”. Haragiak dariola (lodiaren lodiz).
Gasezko materiakaz be bai. Kea dariola: “keie dariola lapiko aundi bat aurrien dabela” (T. Gerrikagoitia Larrosa). Hatsa dariola. Lurruna dariola (lapikoa). Putza eta uzkarra be hemen sartzen dira: “Uzkerra eta putza dariola”. Sua dariola, pertsona bat ‘hasarre bizian’ dagoala esateko.
Garra dariola: “Anbotoko sorgina garra dariola joan ei zan Oizera”. Polita da Jesus Eguzkitza Arrazolako semeari aspalditxo batu neutsan esaldi hau: “Mari Urrikak txinparta ta lantarra dariola zeharkatzen ei zituan zeruak Anbototik Oizera” (2019-I).
Eta balio figuratiboaz beste izen batzukaz be bardin. Halan: Guzurra dariola. Muxikan aspaldi batu neban esakera bat: “Adurretik be guzurra dariola ibilten da hori”, gaztelaniaz “miente más que habla” danaren ordain bikaina.
– Lehenago pluralez be erabilten zan; gaur nekezago. Halan: dariozala, darioezala e.a. “Arako min berde nasai ta askatuak nai murmuratzailleak arrakalaurik ta aar goaiak darijoezala” (J. J. Mogel Mayatz).
– Beste pertsona batzuetako adizki trinkoak be badira.
Dariela (darioela):hareei. “”.
Darigula: guri. Halan dakar Arrese-Beitia idazle otxandioarrak: “Gaiñera laboreai / gagoz gu begira, / adurra darigula, / ontxoak badira. / Ez daukagu munduko / handien amesik; / abere ta lurrakaz / bizi gara pozik” (Ama.Euskeria).
Dariana (hiri, andrazkoari). Errefrau barruan: “Mairiena, atzetik dandarra darijana” (errefraua.).
– Iraganeko adizkiak be ezagunak dira. Eta lehen erabiliagoak ziran. Halan:
Erigula: “Gogoan dot oraindo zelan umetan entzun geroazan aoa zabalik, eta adurra erigula, Peru ta Mariaren ipuin sustraibaakoak” (Mat.Zabala Ipuiñak).
– Euskera zaharrean -la atzizki bako adizkiak normalak ziran. Halan dario: Gaurko egunez, Kandelarioz, esan edo kantau izan dan errezitadu ezagunean agiri da: “Kandelario, lario / hatxari ura dario”. Darizu (zuri izerdia). Niri jariotea dan kasurako, Mogelek, darit ordez darijat darabil lehen pertsonarako: “odola darijat arpegiti beera” (PAb).
Dariona, erlatiboa: ““Eskuakin, begiakin ta arpegiko jereagaz guztia lujuriaren sua dariona”. (fray Bartolo Olgeetak).
Hedabideetan entzuko esaldia: “50.000 langileri baino gehiagori eragin dion akordioa iritsi da metal sektorean”. Zuzentzat jo ala hobetu daiteke?
Gramatikaz zuzen idatzia da berez, baina biderik luzeena eta astunena erabili dau kazetariak. Zenbatzaile markartzat zenbaki zehatza hautatu dau; laburturik esan daigun “50 langileri”, eta ondoren egitura paralelo bat ezarri dau aposizinoan, zenbaki horrez gorakoa dala kopurua aditzen emoteko: “baino (langile) gehiagori”.
Baina euskal hiztun naturalek zenbaki konplexu batez laburtzen dabe adierazpena: /znb + baino gehiago/, eta zenbaki egitura konplexu horretan txertatzen da izena; baina sintagma funtzinoari jagokon kasu-atzizkia azkenengo osagarriari eransten jako: baino gehiago osagaiari. Ordena nagusia, hurrengoa: /50 langile baino gehiagoRI/. Beste ordenaren bat be erabili leiteke, baina edozelan be sintagma konplexu horrek kasu-marka bakarraz asko dau.