Aspaldion sarri entzuten dan esate modu bat: Pilo bat. Batean, hau edo hori pilo bat gustetan jat. Bestean, egoerea pilo bat aldatu dala. Ez dago beste modurik, danerako pilo bat erabiltea baino?
Gazte-jenteari entzuten jako askoz gehiago pilo bat aditz bat indartzeko erabilten. Pilo bat gustau jat, edo ~ lagundu deust, edo ~ gura deutso amari, edo ~ eskertzen deutsat egin deustan mesedea e.a. Dana da, edo pilo bat edo pila bat.
Nondik datorren pilo bat hori horren ugari erabili izana gaur egun? Gaztelaniaz aditzen ekintza edo eragina hanpatzeko, graduatzeko: “un montón” sartu izanetik ete datorren nago.
Euskera sendoaren jabe dan jenteak ez dau formula horretara joten aditzaren ekintza hanpatzeko. Beste graduatzaile-egitura batzuk be badira horretarako. Goiko esaldiko gustau aditzagaz beragaz esan leiteke era bitara. Edo zenbatzaile kategoriako hitzakaz: asko gustau, hainbat ~, sekulakorik gehien ~… Edo graduatzaile kategoriakoakaz: itzel ~, sano ~, guztiz ~, benetan ~, sekulakorik gehien ~, zeharo ~. Eta urrruntxoagoko erregistroetara jo ezkero: zinez ~, biziki ~, agitz ~. Edo klasikoetara jo ezkero: txito/txit ~.
Orozko partean entzuna dot esesoa be, gazt. ‘exceso’, ‘en exceso’ dalakotik etorria kontizu. Esanguraz: ‘lar ere lar, gehiegi’: Euria esesoa. Sagarra esesoa. Gustau aditzaz be baietz esango neuke: Mutil bati hain neskatila esesoa gustetan jakola.
Baina kantitate-izen batez (pilo, mordo) baliatuko bagina be, bat erdi alperrekoa da. Egokiagoak gendukez: piloa edo mordoa gustau, bat sartzen ibili barik. Perretxikotan bazoaz basora, mordoa batu ditut esatea. Edo sabelak leher egin arte jan badozu: piloa jan dot.
Edozelan be, darabilgun aditza, kantitateari barik kualitateari bajagoko, zuzenago da kualitate-graduatzaileez baliatzea.
Esakuntza antzeko esaera ezaguna: “Ekina baragarria da!”
Labayru Fundazioko Gorane Intxaurraga irakasleari zor deutsat esaera hau. Facebook-en erabili eban oraintsu, neguan sartuta gagozala tomate-landara batetik potintxo bat erne jakola-ta, ahaleginaren, iraunaren, ekinaren balioa goratzeko esana.
Beste adjektibo batzuen adierazkizunaz be bardintzen da ekina. Halan esan doaz: Ekina okerra da. Ekina txarra da. Ekina gogorra da, bai behintzat.
Ekin aditza da kategoriaz, baina goiko atsotitzotan izen kategoriakoa da. Eta berorren esangurea beti da bat: lan edo zereginen baten eten barik, geratu barik jardutea. Gaztel. “dedicarse, ponerse (a hacer algo), acometer, insistir, continuar”.
Ekin aditzaren adizki trinkoak be ezagunak dira. Bat, sartaldeko berbetan ‑Zeberio aldean hondino be esaten da‑, eta Azkuek Gernikaldekotzat baturik dakar: “Hementxe naukazu, zeri nakio” (V-ger), gaztelaniaz honelan: “aquí me tiene usted sin saber qué hacer. Berez, zeri nakio barik zeri nakion behar leuke aditz modura, baina egitura izoztua da hizkuntza bizian. Agindu modura be baturik dakar Azkuek ekin aditzaren dakiola adizkia, Tolosa aldean batuta: “Dakiola (G-to), que siga trabajando”.
Aginteerakoak dira baita: hakio, zakioz, gakiozan adizkiak be. Mogel markinarraren esana: Gakiozan aurrera, gaur “segidu daigun ~” esan daroaguna.
Gure errefrau-bildumarik zaharrenetan be (Esteban Garibai eta RS 1598) birritan agiri da gitxienez hakio agindu-adizkia: “Adin onari akio. “Emprende lo razonable” (Garibai A 8). Eta: “Ar ezak maiatzean aunz bal[z]aren eznerean, ta akio beti bet]e[segien eznerean. “Siempre continúa” (RS 411).
Ekina izen modura be sarri darabilgu, edo zereginen kontuan, edo eguraldi kontuan, edo etenik ez daben jardueren kontuan. Urretxindorra bertsolariak denporalearen irautea dala-ta bertso hau ondu eban: “Eten bako ekina / dago egun ta gau. / Galduak gara holan / jarraituten badau” (Urretxindorra).
Goiburuko errefrauaren baliokide edo hurrekoak dira honako besteok:
– Ekin aditza birritan erabiltea, errepikatzea, da beronen mezua eraginkortasun seguruaz buztartzeko.
Azeriaren oilo-harrapatzea irudi dauela ondua da: “Ekin ekin, azeri zaharrak oilloak arrapeu” (Garate Atsot 3690).
Itoginak harria zulatzearen irudiaz bardintzen dau ekina hurrengo honek: “Ituginek ekin ta ekin, harria zulotu” (Atsot. 7520).
Modu orokorragoan mezu bera: “Ekin ta ekin, laxter izan zuan berekin” (Garate Atsot 3691). Eta sententzia modura dinoana: “Ekinaren indarra ekinaz neurtzen da” (Atsot 3694).
– Belearen irudiapean, ha dabilen lekuan dana garbi geratzen ei da: “Ekin, belea egoneko lekuen baino ge(iag)o egongo da ta” (Garate Atsot 3688).
– Ekin eta egin aditzen hitz-jokoaz baliatzen dira esakuntza bat baino gehiago. Etorkizunaren bermea iragartera datoz orohar: “Ekinak erdia egina” (Garate Atsot. 3693).
Eta aurreko biei ezina gehituta josten dira hurrengo honetan: “Ezina, ekina, egina” (Atsot. 4890), Larramendiren harako liburu-izenburu ezaguna gogora dakarskuna: “El imposible vencido”.
Etorkizun segurtatua urregorriaz irudikatzera datorren beste ezagun hau: “Ekinek egine dirudi, (eg)inek urregorrie” (Atsot. 3697).
– Amaitzeko, Mogelen esaldia, ekina dala-ta: “Begi itxi-edegi bateko ikustea geiago da ikasteko, berba luzeen jarduna ta ekina baino” (PAb).
Euskerearen Egunaren arrazoiaz Errigoitin, bertako euskerearen ganean berbaldi bat izan dozula jakin dogu. Han esandakoetatik zeozer hona ekarterik badago?
Rosi Guarrotxena, Bizkaia Irratiko kazetariaren bidez etorri jatan gonbidapena. Egia esanda, berbaldi-eskeintza hau aspaldikoa da eta neure zorra be bai: 2018ko zemendiaren 26an egin beharreko berbalditxoa lau urtez atzeratu da: neure gorputzaldi txarraren erruz orduko haretan eta korona-izurriaren arrazoiz ondoko urteotan. Lau urte joan dira, ia igarri be barik.
– Errigoiti izena.
Udalerriari izena goiko alderdiak emon deutso: Errigoiti. Ez dau esangura, batzuek uste dabenez, “goian dagoan herria”, ezpada herriaren goiko aldea esatetik jatorku izena.
“El pueblo de arriba” dalako eretxia nagusitu da idatzietan. Butroiko ibaia eta Okako ibaia garraio bidez edo merkantzia lorrean lotzen zituan bide zaharra Olabarritik Errekalden gora Urira ailegetan zan hori zan, eta ez gaur ezagutzen dogun Gerekizko errepidea”.
Izendapen zaharra Errigoitia, hau da, herriaren goitia. Taiu bereko hainbat leku-izen ditugu urrun barik: Akordagoitia (Ibarrangelu). Arangoiti (Deustu). Argoitia (harri-goitia). Agirregoitia (deit.). Azkoitia (atx-goitia). Bernagoiti (Zornotza). Dudagoitia (Dudea). Lendoñogoiti (Urduña). Madalengoitia. Euntzegoiti (Nafarroa). Untxigoiti (Muxika). Urigoiti (Orozko).
– Sallebanti / Sallobanti auzo-izena.
San Lorentzo baino askoz zaharragoa da ermita-izen hori, gero auzo-izen bihurtua. San Laurenti, edo Jandone Laurenti, da izen zaharra, eta horren berbazko aldaerak doguz Sallebanti eta Sallobanti. Eta Bizkaian hainbat ermita dagoz izen berberaz ezagutzen diranak: Ermuan, Fruizen e.a.
Laurenti eta Laurendi dira izen zaharrak. Iparraldean Laurendi eta Hegoaldean Laurenti”.
“Laurendi: “Iondone Laurendi bere Apezpiku Sainduarekin garaitu zaio munduari” (S. Pouvreau Imit II). “Jaundone Laurendi grillen gainean erretzen zagonean” (Duhalde Meditazione 272). “Zeren eta baitakusat Iondone Estebe lapidatua, Iondone Laurendi kaskaldua” (Haranburu Debizino 151).
Laurenti: “Jaun Santi Laurenti, esku batean euri, bestean ilinti” (Garibai Errefrau 6).
– Uria. Errigoitiko Uria eta Elexaldea.
Handik autoz Gernikarantz igarotean, beti harritu nau, errepide bazterrean, bide-kurtze inguru horretan, bide-seinale hau irakurteak: Uria auzoa. “Contradictio in terminis”. Txiki geratu dan uria da behar bada, baina uriaren estatusa dauka XIV. mendetik. Bere txikitasunean be uri izate hori jagotera egin behar leitekela deritxat neuk.
Larrabetzuk, esaterako, eleizatea eta uria ditu. Uria kaleari esaten deutsie, behean dagoanari. Eta Morgara bidean dagoan goiko parteari Goiko Elexalde. Izen ofiziala: Goikolexea.
Errigoitin ez dakit esaten dan: Uridxen bizi naz. Urire noa. Uritik nator. Baina uria da berez eta legez. Gaztelako errege Juan I.ak emondako autormena.
– Idoibaltzaga izena. “”
Eleizearen adbokazinoa: Andra Mari Idoibaltzagakoa. Idoia izen galdu samarra da, baina esanguraz ‘basatza, lupetza, belenatza’, gazt. “ciénaga, cenagal”. Edo ur putzua: “Balsa o pozo para el ganado” (Arakistain 195). Hurreko esangura batzuk: “1º poza, charco. 2º barro, fango” (Azkue). “Idoia, balsa de agua. Llamaban así a los pequeños estanques de la Sierra Urbasa” (Satrustegi CEEN 1969).
Abizen eta leku-izenetan ezagunak dira Idoeta edo Idoiaga lango izenak. Idoi izena berbetatik aldendu samar dago gaur, baina Gernikaldean zingerea deritxonaren kide hurrekoa da. Zaitegik holan darabil: “Idoi ta zingiretako ur geldietan” (Zaitegi RIEV 1933, 67).
Idoia esangura bereziagoaz gorde da, ezaguna dan lekuetan. Halan: “Escarbadero de jabalíes” (Larramendi). “Bauge. Bere hidoiean datzan basurdea” (Harriet). “Agujero que hacen los cerdos y jabalíes al posarse en tierra blanda” (Azkue).
Errigoitiko eleizea eregi zan parajea basatza urtsua, lur baltz kolorekoa zalakoa aditzen emoten dau Idoibaltzaga izen horrek.
Eta honen inguruan esaunda zahar bat bada, oraingo eleiza nagusia, Elexaldekoa, aspaldi zaharreko eleiza barria, non eregi behar ete zan, sortu ziran gorabeherak dirala-ta: Urian ala herri goienean eregi behar ete zan, hori zan auzia. Amabirjinearen borondateari men eginez, idi baltz bik eroaten ei zituen lorrean, eleiza barria egin gura izan uri ingurutik lehenagoko eleiza zaharra egoan goiko zelaira harri, ohol eta gainerako eraikinak.
Herri-etimologiaren interpretazinoa, Idoibaltzaga Idibaltzaga bihurtzeko, idoiaren izatea ahaztu eta idi baltzak balira lez ulertzekoa.”.
– Metxikas tipoko pluraldun izenak.
“Gaztelaniaz irakurten ditugunean Errigoitiko leku-izen batzuk, auzo edo auzotegi-izenak, -s atzizki pluralaz agiri dira: Metxikas eta Atxikas berariaz.
Beste herri edo auzo batzuetan be ezagunak dira holango izendapenak: Erletxes (Galdakao), Geldos (Zamudio), Lauros (Erandio) e.a. Euskeraz, horreetariko asko -eta atzizkiaz izendatu izan dira: Erletxeta, Geldoeta, Lauroeta. Baina, dakidala, ez da holan gertatu Metxika eta Atxika (Atxirika) leku-izenen kasuan.
Bilboko “OSPETSU” izendatu zaitue. Gaztelaniaz “ILUSTRE”. Euskerazko ordain horri zer deritxazu?
“Ilustre” izendapenen artean beste honeek be badira: BOS (Bilboko Orkestra Sinfornikoa) Bilbore enbaxadore izendatua izan da. Eta nor-pertsona moduan Daniel Iniriteri pentsalaria, Susana Rodriguez andrea eta Iraide Iturregi kirolaria.
Izendapen berezi honetarako “ilustre” adjektiboa fundatu zan lehenengo, eta hori da euskeraz be berbaz sarrien dantzudana: Bilboko Ilustreak. Euskerazko izendapen modura bere aldian “Ospetsu” hitza finkatu zan.
Baina zorionak emoeran batek baino gehiagok esan deust: “Ilustrea izatea ez dok ospetsua izatea. Ez dok gauza bera”. Dana dala, adjektibo hau finkatu zanez, honek bere horretan jarraituko dauelakoa daukat.
Neurez, “ospetsu” baino gurago neukean beste adjektiboren bat. Ospea, hotsa, entzutea adierakoa da, eta ospetu, hots handikoa, entzute handikoa. Hurreko adierea izanda be, ez “ilustre” hitzak dauen berbera.
Ze beste aukera eskaini daiteke?
Ohore izena jator burura, eta horretatik eratorririko adjektibo bat: ohoredun izan daiteke aukera bat, nik gogoko dodana. Edo ohoretsu edo ohorezko be hor dira aukeran.
Argi izena be erabili izan da antzekoetarako. BFA-ak emoten dituen autormen-sariotan argi hitzaz baliatzen dira.
Prestu eta beste aukera batzuk be hor dira.