Euskera Hobetzen: Txapa 'JANTZI' edo txapa 'IPINI'?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: Txapa ‘JANTZI’ edo txapa ‘IPINI’?

Aho bizi txapa / Bizkaia Irratia

Orduaren gorabeheran, ze ordutatik ze ordutara esateko, esaterako ordu bietatik hiruretara esateko, atzeko denpora-mugea esateko sarri entzuten dira ordu biak ARTE, ordu biak BITARTEAN, ordu biETARAINO eta abar. Zein aukera emon hobetzat?

Pedro Aurrekoetxea Erandiokoak mahairatu deusku puntu hau mezu bidez. Dino berean: “Egun on, Adolfo. Sarritan entzuten dot irratian esaten: ordu biak eta hirurak BITARTERARTE. Eta nire itauna hau da: ez litzateke hobeto egongo: ordu biak ta hirurak BITARTEAN? Edo: Ordu biETATIK hirurETARA? Ez dakit baina, BITARTERARTE esaldi honetan esatea, erredundantzia dala emoten deust. Beste barik eta egun ona izan.”
Puntu honi artezean sekula ez deutsagu heldu, baina inoiz bai jardun dogu artean eta bitartean zein ingurunetan erabili (2016-10-20/4) eta (2018-03-22).
Orduen gorabeheran, zein ordutatik zein ordutara adierazoteko modurik soilena, ordua adierazoten dauen zenbakiari deklinabide-atzizkia eranstea da, jeneralean pluralez: hirurETATIK laurETARA, lau t’erdiETATIK bost’erdiETARA, seirak eta laurenETATIK zazpirak eta laurenETARA, zortzirak lauren gitxiagoTATIK bederatziak lauren gitxiagoTARA. Hori da sartaldeko berbetan daukagun egitura nagusia.
Baina denporearen, orduen amaitze-muga era zehatzagoz be adierazoten dogu sarritan, gazt. “hasta” preposizinoaren balio beretsuaz: ordu biETATIK laurak eta bost ARTE, edo laurak eta bostERA ARTE. Labur esanda: denporearen atze-muga adierazoteko ia guztiok darabilgun atze-hitza ARTE dogu: bostak arte, sei t’erdiak arte, zazpirak lauren gitxiago(ra) arte. Orduen eremu horretan ez dogu artean atze-hitza erabilten, arte soilagoa baino.
Eta Pedro Erandiokok susmagarritzat jo dituen beste aukera biak, bitartean eta bitartera arte (*hirurak bitartean eta *hirurak bitartera arte) ez ditugu ontzat emongo “noiztik noiz arte” kontestuan erabilteko behintzat; nork edo hak halan erabili izanagaitik.
Denpora eta orduen gorabeheran, bitartean bai erabili geinke, baina beste kontestu batetik: denpora erreferentzia puntu bi zehazten baditugu, bitarte hori aditzen emoteko. Esate baterako: “Batzarrak ordu bete iraungo dau: seirak eta zazpirak bitartean”. Edo: “Jardunaldiaren barruan atseden-etena egingo da, orduerdikoa: zazpirak eta zazpi t’erdiak bitartean”.
Baina Pedro Erandiokok badaezpadakotzat aitatu deuskun beste egitureak, *hirurak bitartera arte dalakoak, ez dauka nondik heldu be, euskal hiztunon senean eta buruan. Mila bider errazago eta artezago: hirurak arte, soil-soilik.
Gaztelaniazko “hasta” denpora ingurunean darabilgunean, goragoko denpora-tarte esangureaz bakarrik erabili leiteke bitartean. Esaterako, unibertsidadeko eskolak goizeko zortzirak eta ordubatak bitartean izaten dirala esateko, baina esaldi horretan be sekula ez genduke bitartera arte erabiliko.
Puntu polita eta asko eskertzekoa, oraingoan be Pedro Erandiokok mahai gaineratu deuskuna.

Esakuntza baten berbak: “Ahoa bero eta sabela hotz”. Zein mezu daukagu errefrau horren atzean?

Ahoa eta sabela aurrez aurre, jate kontuari joakon errefraua da oinarrian. Normalena da, ahoa dabilenean, sabela poz sentitzea. Errefrau zahar batek dinoan erara: “Agoa dabilenean, sabela poz.” (EY 965).
Baina goian aitatu dan errefrauak, sabela poz barik, sabela hotz dino. Eta ahoa ibilian erabiltea barik, ahoa bero egotea. Oinarrian gauza bera esateko: ahoa bero darabilenak jan eta jan dihardu, jatun ona da. Baina zer dala-ta kontraste hori: ahoa bero eta sabela hotz? Hain zuzen be, ahoa bero izatea beste zentzun bategaz, bigarren zentzun bategaz darabilelako errefrau barruan: ahoaberoa izatea, ahoberokeriak esatea. Horregaitik Azkuek irudizko interpretazino hau emoten deutso: “la boca caliente y el vientre frío, dice figurativamente de un hablador”. Eta aldaera honegaz baturik dakar: “Agoa bero ta sabela hotz.” (EY 966).
– Sabela dala-ta, gizakiontzat (eta bizidun ororentzat) daukan aginpidea erakustera dator aspaldiko errefrau bat: “Gure sabelak, gure jabeak” (Oihenart Prov 508). Eta sabela bete euki ezkero, edozertarako prest egotea gogorazoten deusku XVI. mendeko beste batek, sartaldeko berbetan esaten zan honek: “Dana sabelera ta Jerusalemera” (RS 311).
Sabela eta oinak konparatzen dituan Zuberoako errefrau zahar hau be bitxia da: “Dabilanak sabela handi, / dagoenak hoina handi” (Zalgintze 135).
Sabela eta arimea be alkarren kontrako edo arerio antzeko dakuskuz sarri gure sermoilari zaharren idatzietan. Mogelek dakarren hau testigu: “Sabelak emoten deutsu ardura geiago arimako gauzak baiño” (PAb), dirautso Peru nekazariak Maisu Juan barberuari. Eta hari berekoa da, frai Bartolome idazle etxebarritarrak pekatariei aurpegiratzen deutsen beste hau: “Bekatari tristeak! Sabela ta gorputza Jaungoikotzat artuta” (Ikask I).
Sabela irudi-izentzat hartuta, herrien gobernuagaz bardintzen dauen esaldi irakurgarri bat itxi euskun idatzita J. B. Eguzkitza idazleak gudu aurrean Gizarte auzia saio-liburuan: “Estadua sabel handi ta bihotz txikiko ugazaba da-ta”. Gaur guztien gustukoa ez dan esaldia, baina gaurkotasun handikoa edozelan be.
– Sabela bero egotearen inguruko errefrauen artean bada bat, ganaduen ausnarraren irudiaz: “Agoa ausnarrean dabil, sabela bero.” (EY 967).
Sabela bero eukitea dala-ta, Oñatiko Arantzazu aldean aspaldi baturiko esate modu bat: “Aitxua janda sabela bero, lotxo bat eindda kalera gero” (C.Izagirre Aranzazu-Oñate).
– Sabela poz segidaren lekukotasun zahar eta egokienetarikoa, Oihenartek XVII. mendean baturiko hau da: “Ahoa debilano, sabela boz” (Prov. 13). Geroago, Azkuek eta beste batzuk batuak dira antzeko gehiago: “Hagina dabilenean, sabela poz” (EY 960) eta: “Agoa gustora dabilenean, sabela poz” (EY 965).
Hari berekoa dogu sabela bete esapidea be. Sabela bete eta sabela huts aurrez aurreko egiten ditu E. Erkiaga idazle lekeitiarraren pasarte bikain honek: “Esteak kizkortuta iragan ondoren, sabelari betekada sendo bat emoteko eretia eldu jaken” (Arranegi).
– Sabela huts eukitearen gorabeheran: “Ahoa bero eta sabela huts” (Garate Atsot 307).
Sabela huts danean, esan izan dan hotsitza (onomatopeia), M. Larramendik dakarren erara: “Rugir las tripas, sabelak gurgur egin” (Dic.Tr.).

Aurten negua aurreko urteetan baino beranduago sartu dala dirudi, eta udako eta udagoieneko epelak luzaroago iraun dauela. Fruta-arbola batzuk, sagarrondoak esaterako, lora barria bota dabela be ikusi dogu. Lehenago, Gabonen ate aurrean gagozala, ia ikusten ez zan fenomenoa. Zelan esan izan jako bigarren lorea ernete horri euskeraz?

Asier Muniategi, Bilbo Herri Irratiko lankide eta Artiako (Gautegiz-Arteagako) semeak gogorarazo deusku beranduko natura-fenomeno hau, sagarren lora-ernabarritzea, eta horrexetatik gogoratu jataz berba ezagun zoragarri bi: birlorea eta birloratu. Gaur bakan entzuten diran berbak izen eta aditz kategoriako berbok.
Birlorea, urte barruan arbola edo landara batek emoten dauen bigarren lorea esateko gitxi entzuna da gaur egun. Eta birlortu, edo birlorau, entzuna da, baina bigarren adiera bategaz gehiago, eta pertsonen gainean. Lekeitio aldean behin baino sarriago entzun izan dot: Birlorata zaoz edo birloraata daoz esaten, alkohondun edaria edanaren ondorioz pertsona bat alegere paretan danean. Beste leku batzuetan txolinduta, txispatuta, txerbelduta edo txoromorotuta dinoen antzera.
Birlora izena be, “bigarren lorea”ren esangura zuzena aditzen emoteko baino, pertsonen “emozino bortitza, extasia” adiereaz erabiliagoa izan da. Azkuek Bizkaiko hainbat lekutan batu eban, gaztelaniaz “emoción fuerte” adierea emonez. Eta idazleen artean Eusebio Erkiaga lekeitiarra dogu gehien antzean darabilena. Narrazino testuetan, behin: “Amesaren birlora bigunak ikuturik dago” (Batetik bestera). Beste behin: “Hamar-hamaika urteko mutikoak, birlora-lainoz ta sorgin-lanbropean ikusi ta irudipetu ohi ditue egunero mila gorabeera” (Batetik bestera). Santi Onaindia karmeldar idazleari be, Amorotoko semea bera, irakurri deutsagu: “”Argituen” sasoia da, ta bere xorraldi, birlora ta ostantzekoetan kontuz joan beharko” (Santa Teresa).
Eta edanaren kontuan batu eban Azkuek, Bizkaian zabal dabilen berbatzat; baina berau be Lekeitioko semea: “”Birlora dago (Vc), está alegrillo, por el vino u otra causa” (Dicc.).
Birloratu aditza askoz entzun-hedatuagoa da birlora izena baino. Bai loren gorabeheran, bai pertsonen gorabeheran.
Landarak dirala-ta, M. Elexpuruk Bergaran batua da: “Etxosteko keixa arbolia birloratu ein zuan joan dan udazkenian” (Bergara). Eta argibide polita emoten deusku berba-biltzaile zorrotz honek, pertsonen gorabeheran dauen erabilereaz be: “Pertsona bategatik ere esan daiteke adinean aurrera doalarik gaztealdi berri baten sartzen bada. Nobixua topau dabenetik birloratu ein dda Juanita” (Bergara), “birgaztetu” egin dala esteko.
Dana dala, bigarren loraldia izatearen balioaz urri erabilia da gaur egun aditz hori. Baina garrantzia apartekoa dauka, XVII. mendearen erdialdera Pedro Axular idazleak, Gero obra nagusian, badarabilela balio horregaz. Dino: “Badira zuhaitz batzuk, udaren finean, sasoinetik kanpoan hasten baitira loratzen edo birloratzen” (Gero). Baina ez da kasualidadea, Pedro Añibarro bizkaitarrak, Areatzako semea bera, mende eta erdi geroago esaldi hori bera idaztea: bigarrenez loratzen perifrasiaz, eta ez birloratzen aditzaz. Horrek erakusten deusku, Añibarro arratiarrarentzat birloratu bere aldirako bitxi edo arrotz egiten jakola, eta bigarrenez loratu perifrasia erabili gurago izan eban.
Birloratu berbearen esangura nagusia, sartaldeko euskeran, “bizibarritu, zaharbarritu, gaztetu” adieran jagon da, pertsonakaitik. Eta bigarren adiera nagusia, edanaren eraginez “poxpolindu” esateko. Azkuek pasadizu baten dakarrenez: “Gaberdi-inguruan eldu zan gizon bat txolinduta edo birloratuta (beste askok esan oi dabenez), au da, ardaoak burua arinduta” (Euskalzale 1897).

Euskaraldiaren zurrunbiloan iragarkietan irkurri dogun esaldia: “Jantzi txapa 15 egunez!”. Paparren jente askok daroan txapa hori jantzi egien da ala ipini egiten da?

Jantzi eta erantzi egiten ditugu soinean daroaguzan hainbat estalgarri. Eta ipini edo jarrii eta kendu egiten ditugu beste batzuk.
Jardun dot itaunka gorputzean, aldean daroaguzan hornigarri batzuen inguruan, eta guztien eretxiak ez datoz bat.
Soinean ipinten ditugun soinekoak: praka eta gonak, jugoi, alkondara eta jertseak, edo jake eta soingainekoak, kendu-ipinia aditzen emoteko, jantzi eta erantzi egiten ditugula, horreexek dira aditz berezi eta espezifikoak. Galtzerdiak be jantzi eta erantzi egiten ditugula esan ginei, nahiz askorentzat ipini eta kendu egitekoak izan.
Burua estaltzeko ohi daroaguzan kapela, txapel, sonbreilu, txano edo kerizgarriak be, kendu-ipinirako jantzi eta erantzi egiten dirala esatea bizirik dago hondino. Ez hiztun guztiok, baina hiztun zaharrek eta berbakera zaharrean: Txapela jantzi, baina batez be txapela erantzi esan.
Pandemia edo korona-izurriaren aldi horretan egunerokotu dan zorioneko musukoa, herri-berbetan leku askotan mozala be esaten jakona, bihurtu jaku ezinbesteko estalgarria. Eta horren inguruan musukoa / maskara jantzi entzun edo irakurri izan dogu hamaikatxo biderrez. Neuri behintzat, halanda be, ipini eta kendu aditz orokorrak askoz hurrago egiten jataz prenda horren gorabeheran. Autor dot, dana dala, zuzen-egokiak dirala musukoa jantzi eta erantzi esamoduak.
Baina zer esan, arrakadak, belarritakoak, erastuna edota orain Euskaraldiaren barbaxadan paparrean askok daroaguzan mihin-belarrien marrazkidun txapa horreekaz? Niri latz, gordin eta gogor egiten jat, txapa jantzi esloganaz erabilteko erregua entzun beharra. Ipini edo jarri erabiliko neuke duda handi barik.
Berba batez epaitzeko. Ipini eta kendu aditzak jenerikoak dira, orokorrak, eta horretatik dator zer edo ha kendu-ipinikoa dala esatea, gaztelaniaz “de quita y pon” dalakoaren antzera. Eta jantzi eta erantzi, esparru mugatuko aditzak dira. Soinean daroaguzan soinekoak dira gogoan ditugunak aditzok darabilguzanean. Eta gaur egun, kalean zehar txakurtxoak dakuskuzanean, hotzak iruntzi ez dagizan, soinekotxoaz estalduta, ederto erabiliak dira aditzok. be. Andra askok, eskutxotik kateaz daroezan abere maitagarriok jantzi eta erantzi egiten ditue eta.
Geure entzuleen eretxiaak pozik hartuko gendukez, jantzi eta erantzi zer egiten dan eta zer ez, euren berbaikunean.

Lehengo baten erabili genduan ahurkada berbearen gorabehera: ahurkadea eta ahurra bete galzorian dagozan berbak diralako kontua. (2022-10-27). Berba honek be berbakizuna ekarri dau, ezta?

Bat baino gehiago.
Bat, arratiar ezagun batena. Andrea hasarre dagoanean, ahurra bete berba gozo langorik ez ei dago, andreori poztuteko. Esku biak batuta, esku-barru biakaz bat eginda, aditzen emon eustan. Eta nik berehala erantzun: “Ahurra bete guzurregaz andrea engainau, eztok? Hori esan gura dok?”. Irribarre maltzurra arpegian.
Bigarren zehaztasun bat, orain Muxikako udalbarruti barruan dagoan, eta lehen Ibarruriko udalerri zan Ajuriatik (Adxuidxe), Ana Oar-arteta Labayruko irakasleak ekarri eustan, bere amari entzunda. Lehenago, eskuz ereiten ebenean, ahurrez ereitea esaten ebela. Azkuek Markinaldean, ereite-modu bera esateko: Ahurrera erein batu ebala gogorazo genduan aurreko baten. Ahurrez eta ahurrera adizlagunek ez daukie zerikusirik aurre eta atzeagaz, ezpada ahur berbeagaz: esku barrua.
Hirugarren bat, Durangoaldeko Iurretatik heldu jaku. Ahurkadea, ahurra bete eta holakorik ez ei da esaten, baina “eskukadea, esku bete” esatea lez, arranaren irudia erabiliz, arran bete esaten izan dabela baserri munduan. Xabier Boveda irakasleak bialdu deust Durangotik, Anton Mari Aldekoa-Otalora euskeraonzaleari grabauriko aho-testu hau: “Antxiñeko basobehidxek uezabari eskatu‘txan baze, maietzerako arran bete bedar siku gordetako”. Arrana neurri-izen lez erabilia da arran bete bedar siku esaldi horretan. Esku bete, ahurra bete edo ahurkada bedar sikua esatea lez.
Laugarren bat, Eusebio Abasoko Artaungo (Dimako) seme, Madrilen bizi danak bialdu deusku. Hara mezuan ahurra bete berbaz dinozanak gutunaren 3. puntuan:
“3 — Nire aititek (biek Artaungoa eta Ziorrostakoak) kortan, askan, beieri ipinten eutzien ” aurre bete bedar, alfalfa, lasto edo jatekoa”.
Baina Abasolo jauna, 4gn puntuan etimologiaren ur sakonetan murgildu da, eta hor ez gatoz bere eretxiagaz bat. Dino:
4- ” Ehurrebete ” = “Aurrebete ” badakisu sergaitik? Esan gure dau ASKA GANEAN agoagaz artu al daurien buztie. Moltzo andie. Beien mustur punteraiño: katea + samea+ burue + minen luzarie busti arte. Orrese gaitik esatensan “ehurre bete” askan.
Nauk pentsau “ehurre bete baba ” ez dau ain ondo esanda, ze babea yanari karue zan. Babea, nausie, emoten zan apurke apurke, esku bet edo bi olloari, ollarrari, aritoari, txarrieri, edo beieri be; baia ez “eurre bete”, ze izingo zan larregi.
Aituten dostesue Ehurrebete <-> eskubete  mesurek ?”.
Eusebiok “aurrea”gaz lotzen dau ahur berba zaharra. Baina ahurra bete berbearen sustraian, “eskukadea, esku bete, edo esku biak bete” daukagu, eta ez aurrerik edo aurrekorik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular