Euskera Hobetzen: Urdaibaiko 'Padurak' berbea

Euskerea hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: Urdaibaiko ‘Padurak’ berbea

Urdaibaiko padurak / Urdaibai Bird Center

Adolfo Arejita euskaltzainak eta Libe Agirre kazetariak egindako saioa.

1. Ardaozale amorratu batek, lanera bidean, Leitzako herrian emazte bati, haren etxe ondotik igaroeran, egindako eskaria: “Baxo ardoa emango didazu, faborez?”. Ezin ardaoa edan barik egon gizonak! Baina normala ete da, baxo ardoa eskatzea?

Patxi Zabaleta euskaltzainak kontaturiko pasadizua; Leitzako semea bera, Iruñean bizi dena.
Lehenago be aitatua dogu birritako aldiz neurri-izenen puntu hau, botila izena adibidetzat hartuta (2012-14-19/5) (2021-09-09/4).
Basu ardaoa, edo baxo ardoa, Leitzako berbetan dinoan horretan, ardaoaz da autua: ardaoa da eskatzen dana, eta basu/baxo, neurri-ontzia: zenbat ardao.
Izen bion alkarketa (basu – ardao) atzekoz aurrera egin bagendu eta ardao basua esan, berez basuen, edontzien gainean litzateke gure jarduna. Zelako edo zetariko basua? Ardaoarena, ardaoa edatekoa ‑behinola txikiteruen artean txikitoaren neurria‑, baina ez, kasurako, cava, ura, garagardoa, koñaka edo edari konbinatu bat edatekoa.
Sartaldeko berbetan nekez esaten da basu ardaoA. Mugatzaile neutroaz (-a) baino gehiago erabilten dogulakoa daukat beste era bitara. Basu-neurri osoaren eskea egiten bada: basu bete ardao. Hau da, basu neurri-izenari bete zenbatzailea atzetik ipinita, -a mugatzailearen lekuan, sintagma horretan determinatzaile papera beteten dauela. Bada bigarren aukera bat: basuKADA ardaoa. Hau da, basu neurri-izenari -kada neurri-atzizkia erantsita. Bigarren egitura honek markatuagoa dirudi aurrekoak baino neurriari jagokonez. Atzizki horrexegaz adierazoten dogu sarri ontzi baten neurri betea, edukiera osoa, beste neurri-izen batzuei gehituta be. Halan: pitxarKADA sagardaoa, botilaKADA ura, kolkoKADA mahatsa edo boltsaKADA piperra.
Eta ontzi baten edo neurri-izen baten eduki osoa izan beharrean, erdia balitz, zelan esan? Basu BETE ardao esan ordez, basu ERDI ardao. Botila bete txakolin esan beharrean, botila erdi txakolin, eta poltsiko bete pistatxo esan beharrean, poltsiko erdi pistatxo. Eta azenbrea erabiliko bagendu neurritzat: azunbre erdi ardao esan ordez, azunbre lauren ardao.
Inoiz aitatu dot, Morgan lehenago bizi zan Koperdi ezizenaz ezaguna zan gizon baten pasadizua, gatxizen hori ipintearen arrazoia. Tabernan edariaren kopa osoa prezioz goratu egin ei eben halako baten, inflazinoak eraginda edo, eta poltsikoaan osoa ordaintzeko beste diru euki ez, eta erdia eskatu ei eban, koñaka edo, hurrean. Kopea beterik ezin bada, ekarri eidak kopa erdi (koperdi) esan ei eban Ganbe aldeko jaun horrek, eta Koperdi ezizen horregaz bihurtu ei zan ezagun aurrerantzean.
Eta ontzi bat neurritzat hartuta, ez betea ez erdia; laurena esan gura bagendu, zelan esan? Aurrekoen bide beretik: botila lauren ardao, pitxar lauren sagardao edo boltsa lauren piper. Eta litroa hartuko bagendu neurritzat: litro lauren pattar.
Horixe guztioi otu jaku, Patxi Zabaletak kontau euskun pasadizuaren harira: Emango didazu baso ardoa, mesedez?

2. Esaera ezaguna: “Bakotxak bere suari putz”

Sukaldaritzaz edo jateko-prestatzeaz lotuta dagoan errefraua. Suari putz egitea, surtan erretan edo egosten dagoan jatekoa ondo prestetako, azpiko suari (behekoari edo txapakoari) putz egitearen irudia dogu horretan.
Gaztelaniaz guztiz ezaguna dogu: “arrimar el ascua a su sardina” lokuzinoa. Errefrau modura: “Cada cual arrima el ascua a su sardina”.
Sua baino sarriago opila azaltzen da iruditzat beste errefrau batzuetan. Opilaren irudiaz jatordua bera irudikatzen dogu orohar. Esapiderik ezagunena: nork bere opilari putz egitea aitatzen dauena.
Azkuek era diferenteetara batu eban errefrau hau. Batean, opila eta ikatza batzen dira: “Nork bere opilari ikatza” (EY III, 1450). Beste baten opila eta sua: “Bakotxak bere opilari su” (EY III 2042). Hirugarren baten: “Bakotxak bere opilari ziri”. Hurrengo baten: “Bakotxak bere opiklari ikatz”. Eta irudi bikotxaz jokatzen dauen beste hau be badakar: “Bakotxak bere opilari su ta bere santuari erregutu”. Eta testu barruan behin: “Bakotxak ordu onean beren opilari su egin beio” (Batxi.Guzur).
Ikatza, suaren pizgarri modura esakuntza gehiagotan be agiri da, K. Mitxelenak honelan kontesturatu eban: “Zilegi dela dirudi, gezur biribilik bota gabe nor bere opilari ikatza arrimatzen saiatzea”. Baina errefrau honen lekukotasun zaharragoa dogu Tolosako 1923ko egutegian agiri dan hau: “Iñoren begirapenik gabe, beren on uts-zale diranetzaz, diote: “nork bere opilari, ikatza” (EgutTolosa 1923-03-02).
Suari putz egin irudiaz bestelako errefrauak eta esaerak be badira. Baten esana: “Suari putz, txinpartak begitara, Marikrutz” (Garate Atsotitz 12249). Putz eta Marikruz andra-izenaz puntu-jokoa eginez.
Suari putz egitea eskaratzari edo sutondoari argi egiteko be izaten zan lehenago, argindarrik ez egoan aldian: behekosuari putz egin, egurra bota eta ostean, hauspoa hartuta, inguruan epeletan egozanak argitan egon eitezan. Graziano Anduaga oñatiarrak koadru polit hau jaso euskun: “Gabean andrak goruetan egiteko, bat jartzen zan suari argi eragiten zotzak emanaz.” (Aitonaren.Uzta).
Putz egitea beroegi dan janari, edari edo, ahora eroanda norbera erre leiken jeneroa, sarri gertatu izan dan kasua da. Irudi horregaz eihoa da hurrengo esakuntza hau: “Zuku beroaz inoiz galdostu danak, hotzari be putz”, Bernargo Garro “Otxolua” idazle mundakarrak gudu aurrean idatzia. Bizenta Mogel idazleak ardo gorituaren gorabeheran darabil: “Urbildu zuenean ezpaiñetara, erre ziozkan ardo irakiten zegoanak, ta txut, esanik, asi zan ardo gorituari putz egiten” (Ipui onak).
– Baina putz, errefrauetan, “ezerezaren” balioaz ugariagoa da. Bada esakuntza polit bat, putz hitzagaz bilbatua, gaztelaniaz be ordain garbia daukana: “Mi gozo en un pozo”. Manuel Larramendik XVIII. mendean bere hiztegian era honetara jaso eban: “Nere poza putz” (Mi gozo en el pozo). Eta hainbat zaharragoa dogu beste atsotitz bat, erditzearen, ume egitearen irudiaz baliaturik, dinoana: “Haizez izorra zedina, putzez erdi zedin” (Oihenart Prov 542). Gaur egunean be entzun daiteken mezua, beste era honetara: “Usteak erdia hutsa, beste erdia putza” (Garate Atsotitz 13311).
– Haizearen edo haize-bolaren esangureaz be aitatzen da putza. Hegoaizea dala-ta, hara errefrau honek zer dinoan: “Hegoaize putz erre, berak busti ta berak leortu” (Garate Atsotitz 6627).
– Suari putz ez eze, suari ura egitearen irudia be sarri aitatzen da, gizakion haserrealdiak baretze aldera, berariaz: “Ura suari, eztitasuna kolerari” (Hiribarren GH 1928, 397).
– Eta errezitadu bat putzaren gaiari akabera emoteko. Bada umentzako errezitadu bat, guztion ezaguna, suari putz egitea ahotan hartuta dinoana: “Txirin txanketan akerra dantzan, astoa binbolina joten, azegaria suari puzka, erbia urun-eralten”. Azkuek Arratian jaso eban bertsino hau, hurrean (EY IV 373).

Urdaibai aldean, Kortezubitik Artiara (Gautegiz Arteaga) errepidez goazala begi aurrean agiri dan iragarkia: “Urdaibaiko padurak / Marismas de Urdaibai”. Padurak hitza gaur egun ez da asko entzuten, ezta?

Bai padura eta bai fadura, leku-izen lez gorde dira euskeran, baina izen arrunt lez, hiztunen berbeta bizian gaur egun nekez entzun leiteken hitza dogu. Azkuek eta Zamarripak bai aitatzen dabe izen hau, gazt. “marisma” adiera berberagaz. Azkueren argibidea: “Marisma, terreno bajo que se inunda con las aguas que rebosan del mar o de los ríos” (Dicc.). Idazle batek edo bestek erabili izan dabe idatziz padura izena (Orixe), eta seguruenik Azkueren eraginez. Gure lexikografoak Plentzia eta Otxandioko herri-inguruak aitatzen ditu hitz horren erabilgunetzat, baina entzun, gitxi entzuten dan izena da, edozelan be. Euskaltzaindiaren EHHA-an bazter erabilerako izen legez batu izan da 80garreneko hamarkadan: padura Zornotzan eta parura Gatzagan. Ohartzen bagara, leku-izen legez Bizkaian badirala, bai Fadura (Algortan) eta bai Padura (Arrigorriaga), sustrai zaharreko izena dogu, ezin ukatu.
Baina zein beste berba darabilgu euskeraz “marisma, ciénaga” kontzeptua adierazoteko? Sakabana handia dago leku batetik bestera izenetan. Urdaibai aldean bertan, bi edo hiru entzun izan ditut behin baino sarriago. Gehien eta sarrien entzun dodana zingera, zingerea (Barrutian). Aurreratxoago joanda, Artian (Gauzegizen) ihitzea (itzea). Baina esanguraz ez dira gauza bera zingierea eta ihitzea. Zihiak, ihiak (gazt. “junco”) dagozan, edo zihiz/ihiz beteriko lekuari deritxo ihitzea, gazt. “juncal”. Eta zihi itzaren eratorria da zihiporra izena be, Busturian eta Arrietan emon izan jakon izena. Azkuek emoten dituan beste aldaera batzuk: “ “Iia edo iitza esateko ziporra esaten dabe Durango-aldean, ia Gipuzkoan, zia Txorierrin da Arratian”.
Kontzeptu diferente bi nahastau edo bardindu dira hor. Batetik zingerea, Gernikaldean eta Gipuzkoa erdialdean (zingira) deritxona, edo izengurea, Durangoaldean eta Deba harroan deritxona, eta bestetik ihia, zihia, gazt. “junco”.
Edozelan be egoki ikusten dot padura izen zaharkituari bizi barria emotea, gazt. “marisma” dalakoa izendatzeko. Baina zingerea deritxogun izenak be merezi dau aukeraren bat eskeintzea. Eta gramatika-zehaztasun bat: pluralez entzun izan dot sarriago izen hau: zingerak, eta zingera-lurrak be bai. Nekazaritzatik bizi izan diranentzat zingerea lorra izan da negu partean: bedarrik ezin ebagi, dana urak hartuta egoten zan gehienetan eta.

Kanta guztiz ezagun baten berbak: “Edozein herriko jaidxetan”. Zuzen esanda ete dago hori: edozein herriko jaietan?

Ez ba! Edozein herriTAKO jaietan balitz, zuzen legoke, baina Edozein herriko jaiak dirala esatea gramatikaz ez da bape zuzena.
Ez dogu esaten: *edozein herrira goazela, edozein herritara goazela baino. Ez: *edozein herrian egoten garala , edozein herritan egoten garala baino. Ez dogu esaten: *Edozein herrikoak garala, ezpada: edozein herritakoak garala.
Eta hurragoko egiten jakun etxe izena hartzen badogu adigarritzat, bardin: Zein etxetan bizi zara? Baina ez *zein etxean. Edozein etxetara ez goaz, eta ez *edozein etxera ez goaz.
Leku-eremuko izenakaz, ekintza-eremuko izenakaz eta beste esparru semantiko gehienetakoakaz, -ta- artizkia sartzen dogu beti non, nondik, nora, nongo kasuetan, determinatzaile zehaztubako bategaz lagundurik darabilguzanean: zein, edozein, zenbat etab.
Labur esanda: zorioneko kantu horri aupadea emon izan bajako be, horren hitzak ondu zituanak herritarren berbeta sendoa, edo ez eban behar dan moduan ikasi, edo ez eban jakin idatzizko moldera toketan zan moduan eroaten.

Kafetegi baten irakurria: “Egunkaria dago”. Ontzat emoteko da, holan esanda? Egunkaria dago?

Segundo Oar-arteta gernikarrak, Labayru Fundazioko aspalditiko lankidea berau, batez be Euskal Herriaren Atlas Etnografikoaren idazkuntzan lan handia egina bera, eta baita Euskera Arloko argitaratze-arduretan be asko jardundakoa.
Denporatxoa da mezu hau bialdu eustala (2022-05-09), esaldi hau arrazoitzat hartuta. Dino berean: “Sarri ikusten dot, “egunkaria dago” edo “salda dago”, holan idatzita. Nire belarrira txarto emoten dau. Nik esango neuke: “egunkariak daukaguz edo “salda daukagu”. Eskerrak Segundori oharragaitik. Puntu honi, “Euskera Hobetzen” honetan hiru bider gitxienez oratu deutsagu (2017-02-23/3), (2019-02-21/2) eta (2022-02-17/4).
Bezeruaren ikuspegitik, gure ohargileak dinoskunez, askoz gomendagarriagoak dira, bezerua bera inplikatzen daben adizkiak erabiltea. Saldea dago baino askoz hobeto: Saldea daukagu. Edo Egunkaria dago baino askoz hobeto: Egunkaria daukagu, eta gehiago badira, Egunkariak daukaguz.
Edo bigarren pertsonako adizkiagaz be edertotxo: Kafe beroa daukaZU gurean. Txokolate gozoa daukaZU hemen. Eskeintzen dana eskeintzen dala.
Gauza bat bai bada ziurra. Iragarki bidez, ohiko ez diran gauzak eskeintzen dira, beste lekuetakoen aldean berezi edo apartekotzat joten diranak. Halanda ze, zein eskeintza berezi dagoan markatzen da esaldian: armañaka, bertoko garagardoa, Arabako txakolina edo dana dalakoa.
Aurreko jardun batzuetan erabili izan dogu: Badago salda tipoko iragarkien desegokitasuna. Ez dira adiutuenak, gure eretxiz: Badago salda eta horreetarikoak. Zer daukagun da iragarri behar dana, eta ez Badagoala esanaz teman hasi, ze horren kontrakoa: Ez dagoala esatea litzateke.

Euskerahobezale baten mezua, esanaz, iragarki baten sarri-sarri entzuten dauela “Ekoizpen arduratsuko esnea” esaten, eta berari horrek belarrietan min egiten deutsalakoa. Zein da zure eretxia?

Egia esanda, belarrietan ez dau hain ondo joten, esnea ekoizpen arduraTSUkoa dala entzuteak.
Puntu hau, dana dala, arterako be jorratu genduan, igazko apirilaren 15eko saioan, oker ez banago (2022-04-15/4). Orduan geure kabuz ausartu ginan iragarki horri oharra egitera. Oraingoan barriz, euskerahobezale baten eskariz: euskal hizkuntzaren sen ona eta erabilera hobea dituan Jesus Eguzkitza esatari-bikoiztailearen agindura; Arrazolako semea bera.
Esnea ekoizpen arduratsuaz egina dala aditzen emotera dator iragarkia. Gramatikaz zuzen idatzia dudatzeke, baina arduratsu adjektiboa erabilia dan kontestu horretan euskal hiztun gehienoi, gordin samar egiten jakun esaldia, hatan be.
Kontua da, arduratsua izatea gehienok edo gehienetan pertsonen kualidade lez darabilgula. Eta bizibako izenakaz, “inanimadu” diranakaz darabilgunean be, esaterako: bizimodu arduratsua dinogunean, pertsonei buruzkoa izaten dala.
Lurra mamintsua eta emoitsua danean, uzta ona emoten dauen lurra bada, nekez esango genduke *lur arduratsua dala. Edo iturriak on fresko ederra emoten badau, *iturri arduratsua dala.
Iragarki horretako mezua, “ekoizpen arduratsuko esnea” dinoan horretan, ardura handiz ekoitzi dala esnea, ardura handiko ekoizpena izan dauela esne horrek, esan gura da. Eta ekoizte-jardun hori gizakiona da. Nik egitura zuzentzat joko neuke, baina hiztunon senean bitxi egiten dana edozelan be. Beste perifrasi edo zeharbide bat erabili izan baleu iragarki.-egileak, gozoago egingo jakun, bai entzuleoi, bai esne hori edan behar dabenei: ardura handiz ekoitzitako esnea, berbarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular