Euskera hobetzen: Zortzi 'letratako' berbea eta zortzi 'letrako' berbea. Alderik badago?

Euskera hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: Zortzi ‘letratako’ berbea eta zortzi ‘letrako’ berbea. Alderik badago?

1. Kultura tertulia baten solaskide batek esaniko berbak: “”Horrek zer ekartzen duen argi dago”. Zer ekartzen duen ala zer dakarren?

Aspaldiko eztabaida baten aurrean gagoz. Lehenago be behin edo behin heldu deutsagu puntu honi, joko trinkodun aditzen baten erabilera-kontesturen baten oina hartuta. Oraingon ekarri aditza hautu dogu berbagai.
Joko trinkoaz tradizinoan ezagutzen diran eta batez be hondino bizirik daben aditzetan zein bidetatik jo: adizki trinkoari eutsi ala aditz gutien egitura konposatura, perifrastikora, jo era automatikoz.
Didaktika arazoa datza batetik: zein dan errezago eta praktikoago. Eta estilo onari edo duinenari zein jagokon hobeto, bestetik. Hautu honetan ez gara neutroak. Ezin ukatu adizki trinkoak erabiltearen alde sentiberak garala, nahiz eta jakin ikasle barriei zailtasun gehigarri bat eransten jakela. Aazken baten, izan be, ‘irregulartasuna, berezitasuna’ lehenestea da, aditz joko konposatuaren, perifrastikoaren, ‘erregularraren’ aurrean: gaur egun, osagai biko aditz jokoarena.
Zein onura edo mesedegarritasun dabe alde adizki trinkoek? Laburtasuna, batetik. Tradizinoaren sustraiei sendoago eustea, bestetik. Hirugarren bat be gehitu neuskie aurreko biei: euskera berbaz eta literatura bidez transmititu deuskuenek aditz trinkoen erabilerari aldian aldian erakutsi deutsien eranspena, eta hainbat idazleren kasuan, miresmena.
Goiko esaldira bihurturik, aditzaren aspektua deritxonaren aldetik dogu adizki trinkoaren aldeko arrazoi pisutsuena: “Horrek zer dakarren argi dago” genduke era zuzen eta garbiena, baldin behin edo momentu horretan ekartea bada adierazo gura dan prozesua.
Goiko esaldian agiri dan eran esaten badogu: “Horrek zer ekartzen duen edo ekarten dauen”, gramatikaz artez eta zuzen esanda dago, BAINA, ekarri aditzaren adizki trinkoa darabilgunontzat behintzat, aspektu diferentea gordeten dau ekarten dau egitura horrek: sarritan, ohiz, behin baino sarriago edo behin eta barriro ekartea aditzen emoteko ohi darabilgu, aspektu habitual edo frekuentatiboa deritxona aditzen emoteko, ta ez behingo edo momentuko ekartearen adierazgarrirako.
Ekarri aditzagazko beste adibide bat. Ikusten badot kafetegian gagozan biokana ezagun eta lagun dogun Peru gugana hurreratzen, esan neio berbalagun dodanari: “Hara! Ahor dator Peru!”. Peru etorten dago dago, gugananzko etorrian. Baina, segiduan gehitu neio solaskide horri: “Hona etorten da Peru (kafea hartzen)”. Eta esaten diharduguna da: ohiz, sarriro kafetegi honetara etorteko ekandua dauela Peru horrek.
Ibili aditzagaz beste hainbeste jazoten da. Maritxu lagunari, bidez aurrez aur datorrela parean gurutzatzean, beraren bizimoduaren barri itaundu nahi badeutsat, ez deutsat itaun egingo, nonbaiten be, esanez: “Zelan *ibilten zara?”. Eta bai agudo, ostera: “Zelan zabilz, Maritxu?” edo “Ondo gabilz, Maritxu, aspaldiko?”.
Esan aditzak jokoan erro diferentea darabil joko trinkoan: “Zer dino maisuak?” eta “Zer esaten dau maisuak?” ez dira gauza bera. Dino: momentuko esatea. Esaten dau: esate errepikatua.
Baina itaun bera egin nahi badot egin aditzaz, Bitor Olaeta gernikarrak behinola neuri Bilboko kalean topauta egin eustan eran, esan nei: “Zer egiten da, ba!”. Izan be, egin aditzak aspaldi zaharretik galdua dau bere joko trinkoa. Eta ez dogu esaten gaur egun behintzat: Nik hau dagit(?) edo Zuk zeozer dagizu(?) edo Okinak ogi apatzak dagiz(?).
Baina baditugu aditz batzuk, enzun, ikusi eta ezagutu batez be, sartaldeko hiztunon artean azken mende biotan, edo guztiz galdu edo erdi galdu dabenak joko trinkoa. Horrelakoetan idazle eta esatarien aukeran itxi lei, adizki trinkoak erabili edo ez. Edozelan be hiztun edo irakurleek, eta eskolatuak badira arazo barik, erraz ulertu leikiezan adizkiak.
Entzun aditzaz gaur esaten dogu: “Egizu berba altuago. Ez zaitu ondo entzuten”. Baina aditz joko zaharragoan: “Ez zantzudaz ondo”. Eta oraindino be guztiz galdu ez dan aginteera adizkiak: Bentzu berorrek, jauna! (Gerea).
Ikusi aditzagaz gaur esaten dogu: “Hor aurrean ikusten ditut zuen seme-alabak”. Baina lehenago esaten zan: “Hor dakustaz seme-alabak”. Busari itxaroten gizon bati ez hain aspaldi Atxurin entzuna: “Hor dakustaz andrea eta alabea etorten” (Xabier Kintana).
Ezagutu aditzaz gaur esango genduke: “Ondo ezagutzen dot Josepa”. Baina lehenago esaten zan: “Ondo dazaut Josepa”, “Badazaut Josepa” edo “Ez dazaut Josepa arpegiz”.
Goiko esaldira bihurturik, duda handi barik hobetsiko genduke esatea: “Argi dago honek zer dakarrren”.

2. Esaerea da gure artean: “Bakeak be asko balio dau”.

Oñatiko jaun batek aitatu eustan berba-ekarrian esakera hau, ama ebanak berari sarri gogoratzen eutsala-ta.
Bake hitzak latinean dau sustraia. Bake da era nagusia, pake, gipuzkera eremuko aldaera, eta fake be bai Nafarroa aldean.
Arana Goirik, gentz, gentza bultzatu eban bere eta bere aldiko garbizaletasun lehiak eroanda, bake hitzaren mailegu sundea uxatu gurean, nonbait. XX mendearen lehen erdian idazle garbizaleek erabili izan dabe gentza, gerora arrakasta handirik irabazi ez dauen neologismoa, baina bai itxi dau errastua emakume-izen baten: Gentzane modura ezagutu ditugu, gazt. ‘Paz’ edo ‘Mari Paz’ izenaren ordain gisa hartu izan daben hainbat.
Bake izena, edozelan be, emoitsua gertatu da, bai eratorrien sorkuntzan, eta bai berba alkartuetan eta esapideetan. Adjektibo ezagunak dira: baketsua, bakeosoa, bakeorra, bakezalea edo bakegina langoak. Zer esanik ez baketu aditza. Eta adizlagun edo adberbio batzuetan: bakearren, baketan edo bakez. Nork ez dau entzun inoizkoren baten: “Bakean dagoanari bakean itxi”, edo baketan adizlagunaz. Hara Paulo Zamarriparen esaldi burlazko hau: “Esan behar deutsat neure gizonari, bakearren, ez dagiala aitatu be egin gerrako bakerik, gerrea amaitu artean…” (Zaparradak).
Aditz multzo ezagunak dira honangoak:
Bakea egin eta bakeak egin dogu ezagunen antzekoa, eta bigarrena, bakeak egin, ugariagoa. “Haserratu arin egin zarie. Ordua dozue bakeak egin eta atzera adiskidetzeko”.
Beste aditz batzukaz be sarri darabilgu: Bakea galarazo. Bakea galdu. Eta beste batzuk. Hara gure idazleen testigantza on batzuk.
Bakea hausi. Toribio Etxebarriak Eibarko berbetan jasoa: “Bakea hausten dabenak, galduko dau gerrea, gerrarik bada” (Eibar).
Bakea ipini, berbakera zaharretik datorren aditz multzoa. Kapanaga mañariarraren dotrinan dator: “ Nortzuk dira bakeosoak? Bakea ifinten dabenak euren personetan”.
Esakuntzetara bagoz, hemen be hainbat dira bakearen ardatzean. Hara batzuk:
Bakea erosteaz dihardu Isasti historiagilearen bat: “Fakea ezta diruz erosia” (Isasti 35).
Bakea eta gerrea aurkez agertzen dituenak dira ugarienak, ikuspegia batetik bestera aldatzen dala. Batzuetan, itxuren eta barru-sentipenen kontrajarpena agiri da: “Danak ahotan bakea, baina bihotzean gerrea” dakar Tor. Etxebarriak (Eibar). Duvoisin idazleak idatzia da: “Nik Jaunaren bakera deithu, eta zuk gerlara jo.” (Led.). Eta Gazteluzar poeta bardinbagearen hitzak dira: “Gure gerlak ixil daude, / bertzeak dire altxatzen; / zeru-lurrek bake dute, / ifernua da kexatzen”.
Bakea inoren lepotik, besteren bizkar jarestea aitatzen dabenak be badira: Bide berekoa dogu Oihenartek dakarren beste hau: “Otsoak eta horak ahuntzaren haragiaz bake” (Prov. 388).
Bakea konformidadeagaz kidetzen dabenak be ez dira falta. Oihenartek dakarren batek dino: “Hobe da bakeareki arraultzia, ezi ez aharrareki bilarrauzia” (Prov. 243). Bilarrauzia: ‘txahala’.
Bakea eta legea be kidetzen dira Domingo Egiaren XVII. mendeko kantu-poema baten. Dino: “On lizate bakea, legerik baliz”.

3. Hedabideetan entzuniko egitura bat: “Zortzi letratako hitza”. Zortzi letratatako ala zortzi letrako hitza?

“Ezetz igarri” motako lehiaketetan (telebista, irrati eta beste) erabilten dan hitz segida bat zein dan igarteko aitatzen dana.
Itauna bada: Zenbat letra DITU hitz honek? Era bietara formulau geinke: zortzi letraKO hitza dala esango genduke Hegoaldeko hizkerarik gehien-gehienetan, eta zortzi letraTAKO hitza Iparraldean eta Naforraren ipar-iparrean. Gramatika-lege bi ditugu, beraz, euskera barruan ‘jabetasun’ adierako genitiborako: -KO marka neutroa batetik, eta -TAKO mugagabea, besetetik.
Ganaduen lodierea dala-ta, saltzeko diran txahalen mardotasuna erakusteko, sarri entzun dot: atze biKO txahala, zeinda txahal guri mardul horrek atze bikotxak balitu lez, atze zabal-zabalik balitu lez.
Hotelen gorabeheran , zenbat izar dituan, hiru izarrEKO, lau izarrEKO edo bost izarrEKO hotela dala esaten dogu.
Etxe edo eraikuntza batek zenbat teilatu-hegal dituan adierazoteko be, teilatu biKO edo lau teilatuKO etxea dala esan geinke.
Ze diferentzia egon daiteke, berbarako: Urte askoTAKO liburuak edo Urte askoKO liburuak esaldien artean? Urte askoTAN batzen eta gordeten joan diran liburuak ditugu batetik. Eta urte asko daben liburu zaharrak izan daitekez bigarrenak.
Labur esanda: Zenbat zer dituan izaki batek, hainbeste zer-EKO izakia dalaa esango genduke. Halanda ze: zortzi letra-KO hitza.

4. Sareetan irakurritako esaldia: “Dudan egon ginan EGITEA edo EZ EGITEA”. [EGITEA ALA EZ EGITEA] [EGIN ALA EZ EGIN]

Dudan gabozanok eta egin behar dogunok bat bagara, bardinak bagara, ez dogu erabiliko mendeko perpausan *egitea edo ez egitea, aditzizen mugatuaz egituratua, ezpada aditz partizipio soil mugagabea: egin edo ez egin.
Bide batez esanda, edo juntagailua zei ala juntagailua erabili geinkez; biak aukeran. Zalantza-itaun eremuan gabiltzalako.
Bigarren esaldi bategazko adibidea: Ez dakit JOAN ala EZ (JOAN). Baina ezegaitik be ez: *joatea ala ez joatea. Neu naz ez dakidana eta joan edo ez egingo dodana. Edota pluralez: Geu gara joan edo ez (joango garan edo ez) egingo dogunak.
Baina komeni izan hartzen badogu burutzat, mendeko aditz jokatubakoak joaTEA izan beharko dau. Aditz nagusiaren eta mendekoaren subjektoak bat ez diralako. Komeni da aditz inpertsonala da. Baina joan behar dauela beti da baten bat; pertsonala da.

5. Herri-berbetan sarri entzuten diran esamodu bi: “Danen mihinean” eta “Danen ahoan”. Bada diferentziarik bataren eta bestearen artean? 

Antzekoak dira egituraz eta izen bien hurkotasunean: mihina eta ahoa. Baina banangoak esanguraz.
Danen mihinean ibiltea, ‘esamesa, zurrumurrua, txarto-esaka’ jentea ibiltea da, atzetik, ostenditik zerbaiten edo norbaiten gainean berbetan eragotea. Halan, nabarmen janzten dan bat edo nabarmenkerietan dabilen bati aholku emon leikie etxekoek: “Holakorik ez, mesedez! Danen mihinean ibilteko be!”.
Danen ahoan parau, egon…, gehiago esaten da, ‘mundu guztiaren bistan’, ‘erakutsiak emoten’ egoteagaitik. Etxekoen edo hurrekoen arrazoia izaten da: Jentearen zeresana egon ez daiten, edo Jenteari zeresanik ez emoteko.

6. Geure “Euskera Hobetzen” honetan adibide modura ipini genduan esaldi bat: “Hainbat diru ez eban irabazi”. Zuzena da? Egokia da? 

Pedro Mari Goikoetxea kazetariak bialdutako oharra da, hain zuzen be, igaro dan apirilaren 5ean Labayru Fundazioaren “Bizkaieraren Ataria” webgunean agertu zan nire idatzi baten, izenburutzat: “<Ez du hainbeste elurrik bota> zuzentzat joko genduke?” ekarren haretan irakurritakoa sustraitzat hartuta. Inoan bere mezuan: “Beste esaldi bat txarto dagoala uste joat: Hainbat diru ez eban irabazi. Zer esateko? Baiezkoan: Hainbat diru irabazi dau. Ezekoan: Ez dau irabazi ainbeste diru”. Horraino oharra. Eskerrak Pedro Mariri.
Arrazoizkoa da ipinten dauen erreparoa. Hainbat baiezkoan darabilgula ohartzera dator. Eta ezezkoan, esaldi berori hainbeste zenbatzaileaz erabiliko gendukela. Egia esan, -ik partitiboa zenbatzaile zehaztugabeakaz batera ez dala erabili behar, edo ez dala zertan erabili, ohartzera etorren aurreko idatzi hori, eta ez dala esan behar: Hainbat dirurik ez ebala irabazi, ezpada, erabiltekotan be, hainbat diru. Era fortzatuz labandu jakun esaldi hori, -ik partitiboaren oker erabileren harira.
Zertan datza arrazoia, hainbat ezezkako esaldietan ez erabilteko? Ba, hainbat zenbatzailea hanpatua dala gure sartaldeko hizkeretan. Hainbat zenbatzailea gaur egun ‘asko, anitz’ zenbatzailen balioki hurreko bihurtu da gaur egun, jatorriz eukan konparagarri balioa galduta.
Etorkiz hainbat eta hainbeste erro beretik datoz. Baina konparatzaile gisa bigarren hori nagusitu da sartalde eta hegoalderik gehienean, eta hiru graduak erabilten dira gitxi-asko: hainbeste, horrenbeste eta honenbeste; gazt. ‘tanto como aquello / eso / esto’.
Iparraldean, ostera, hanbat, hunenbat, horrenbat zenbatzaileek hobeto gorde dabe konparatzaile balio hori. Hegoalderik gehienean, (B, G), hainbat zenbatzaileak iraun dau ia bakarrik. Horrenbat be apurren bat erabilia da, ‘horrenbeste gitxi gorabehera’ adiereaz, eta honenbat, guztiz aldendu dala esango neuke.
Lehengora etorrita, gramatikaz zuzena genduke hainbat diru sintagma, galdezka eta ezezka erabilita be. Baina erabileratik urrunduta dagoanez, hobe bazterrean laga.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00