Kanthoria eta Auto-Tunea izeneko erakusketea dago ikusgai Bilboko Abando Udaltegian. Musika Bulegoak antolatu dau erakusketea. Alkartearen hamargarren urteurrena dala-eta atondu dabe. Eusko Jaurlaritzak bultzatuta sortu zan Musika Bulegoa orain hamar urte. Ruth Manzano komunikazino arduradunak azaldu deuskunez, musikaren arloan dabiltzanei laguntzea izan zan helburu nagusia.
Euskerazko musikaren historia
Kanthoria eta Auto-Tunea erakusketeagaz, kalera atara gura dabe egiten daben lana, euskerazko musikaren historia eta aniztasuna herritarrei hurreratuz. Xabier Erkizia ikertzaile eta soinu sortzailea da erakusketaren komisarioa. Berak aipatu dau euskerazko musikaren historian zehar bidaia proposatzen dabela. Material dokumentalak, irudiak eta entzuteko gailuak dagoz erakusketan. Euren bitartez, publikoak musikaren historiako une garrantzitsuenak ezagutu ahal izango dauz. Aipatu behar, jarduera osogarriak antolatu dabezala erausketeagaz batera. Zemendiaren 20an, mahai-ingurua antolatu dabe. Iban Urizar eta Sara Zozaya egongo dira bertan. Zemendiaren 27an, bestalde, bisita gidatua egin ahal izango da Jon Bagües musikologoagaz. Abenduaren 4ra bitartean dago erakusketea ikusgai Bilbon.
