Idatzizko edukia eta ikus-entzunezkoak buztartzen dauan euskarazko lehen corpusa da

Elhuyarrek sortu dauan baliabide barria da

Feminismoaren arloko euskarazko edukiak batu dabez Leiho Morea webgune barrian

Leiho Morea webgunearen aurkezpena / Elhuyar

Gaur goizean aurkeztu dabe Leiho Morea webgunea Elhuyarren Usurbilgo egoitzan. Kontsultarako baliabide barri bat da. Feminismoaren alorreko euskarazko edukiak biltzen dauz, eta eremu horretako kontzeptuak ulertzeko eta diskurtsoak sortzeko, itzultzeko eta ikertzeko ezinbestekoak diran atal bi daukaz: hiztegia (terminoak eta definizinoak kontsultatzeko) eta idatzizko zein ikus-entzunezko edukien corpusa edo bilduma (terminoen eta bestelako edukien kontsulta egiteko).

Amaia Astobiza Elhuyarreko kideak azaldu dauanez, lehen atala 2020an aurkeztutako Feminismoa eta Berdintasuna Hiztegiaren jarraipena da. Orduan oinarizko kontzeptuak bildu ziran, eta aurrerantzean kontzeptu gehiago gehituko dira. Euskarazko terminoak finkatzen eta kontzeptuen definizinoak zehazten jarraitzeko bidea emongo dau. Bigarren atalari jagokonez, Leiho Moreak mota biko edukiak biltzen dauz: idatzizkoak (liburuak, prentsa-artikuluak, gidak…) eta ikus-entzunezkoak (podcastak, jardunaldiak…). Helburua da feminismoaren alorreko edukien bilduma esanguratsu bat sortzea eta baliabide hori erabilgarria izatea hizkuntzagaz zein edukiagaz lotutako askotariko kontsultak eta ikerketa-lanak egiteko.

Leiho Morea herritar guztiei zuzenduta dago. Baina bereziki baliagarria izan daiteke ohiko jardunean feminismoagaz lotutako edukiak sortzen dabilzanentzat: kazetariak, mugimendu feministako kideak, idazleak, itzultzaileak, unibertsidadeko ikasle eta irakasleak… Bestalde, hizkuntzalariei zuzenduta be badago, corpusaren atala euskeraren azken urteotako bilakaera aztertzeko iturri oparoa dalako.

Elhuyarren egitasmo honek babesle nagusi bi daukaz: EHUren Bardintasunerako Zuzendaritza eta Deustuko Unibertsidadea. Era berean, EIZIE alkarteak eta EHUren Euskara Institutuak proiektuaren oinarria zehazten lagundu dabe. Amaia Astobizak gaineratu dauanez, bilduma honen oinarrian edukiak dagoz, eta alde horretatik, aitatzekoak dira euren lanak Leiho Morearen esku jarri dabezan sortzaileak eta eragileak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00