Hasiera ezin hobea izan dau Bilbon Zinema eta Zientzia zikloak. Euskadiko Filmategiak, Donostia International Phisic Center eta Donostiako Zinemaldia dira Zinema eta Zientzia zikloaren antolatzaileak. Euskal Herri osoan eskaintzen dan zikloa da. Filmeak eskaintzeaz gain, zientzialarien berbaldiak izaten dira emonaldien ostean. Urtarrilaren 11an, Oppenheimer filmeagaz hasi zan zazpigarren zikloa. Bilbon, urtarrilaren 13an izan zan emonaldia. Joxean Fernandezek, Euskadiko Filmategiko zuzendariak esan deuskunez, 420 lagun batu ziran Bizkaia Aretoan, bete egin zan. Lehenengo zikloa eskaini zanean, bi mila ikusle inguru izan ziran. Azkenengoan, bost mila baino gehiago batu dira. Zinema eta zientzia zikloak hasieran izandako helburu berbera mantentzen dau, hau da, kultura zinematografikoa eta zientzia zabaltzea.
Hogei zientzialari
Aurten, hogei zientzialari inguru arituko da zikloan, berbaldiak eskaintzen filmeen ostean. Pedro Miguel Etxenike izan zan aurrekoan eta datozenetan, Juan Ignacio Perez Iglesias, Onintze Salazar, Javier Aizpurua, Idoia Mujika edo Rafael Yuste dagoz aurten parte hartuko daben zientzialarien artean. Ikusiko diran filmeen artean barriz, danetarik, batzuk barriagoak eta beste batzuk klasikoak, Memorias de Africa adibidez. Ikusleek filmeen irakurketa zientifikoa egitea nahi leukie. Joxean Fernandezek esan deuskunez, filmeen emonaldien ostean, eztabaida interesgarriak sortzen dira. Zientzialari asko izaten dira publikoan bertan. Zinema eta Zientzia zikloa Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohitzunen eskainiko da orain urtarrilean hasi eta martira bitartean. Sarrerak aurretiaz erosi daitekez internet sarean. Emonaldiez gain, bestelako jarduerak be badagoz. Ikastetxeei zuzendutako goizeko saioak antolatu dira hain zuzen.