Galbahea liburutik Galbahe musika taldea sortu da. Gotzon Barandiaranek argitaratu eban igaz Galbahea. Bere hirugarren poema liburua da honakoa. Azaldu ebanez, hitzen zentzua eta bizitzaren zantzua berreskuratzeko, letrazko galbahe bat eraiki eban. Poemetariko batzuk kanta bihurtuta egozan, egia esan, liburua argitaratu zanean. Gotzon Barandiaranek esan deusku, idazten egoala ohartu zala, poema batzuk kantetako modukoak zirela. Gotzon Barandiaranek, Lander Bilbao, Mariana Blanco, Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra eta Uxue Garciagaz osotu dau Galbahe taldea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko izenburua jarri deutse lehenengo lanari. Poema liburuan askotan errepikatzen dan esaldia da, osagai inportanteena.
Lehenengo kontzertua
Diskoan, 11 abesti agertzen dira guztira. Galbahea liburuan agertzen dira guztien berbak, batenak izan ezik. Wafa kantuarenak, Koldo Izagirrek sortu ebazan eta Tapiak eta Leturiak moldatu. Diskoa grabetan, bagiletik urrira bitartean ibili dira aurten. Rafa Rueda gidari dala, lan erraza izan dala esan deusku Barandiaranek. Lehenengo diskoan, Amets Aranguren, Gorka Urbizu eta Maia Iribarneren ahotsak be entzuten dira. Gaizka Sarasolak, barriz, Txoritxu Txilibitaria abestian ttunttuna eta xirula jotzen dauz. Abesti honen doinua esan behar, Larrabetzun garia ereiteko kantatzen zana dala. Angeles Olaldekoari eta Maria Elosegiri ikasitakoa dala esan deusku Barandiaranek. Galbahe taldeak barikuan eskeiniko dau kontzertua lehenengo diskoa aurkezteko. Momentuz, hitzartuta daukien emonaldi bakarra da. Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean izango da kontzertua gaueko bederatzi ta erdietan. Gaztetxe honek 60 urte betetan dauz eta ospakizun bikoitza daukie.
