Galdakao eta Altsasu senidetu egingo dira Andra Mari dantza taldeak Altsasuko inauteriak berreskuratzeko egindako lana oinarri hartuta. Hurrengo zapatuan, urtarrilaren 31n, egingo da ekitaldia 12:30ean. Galdakaoko eta Altsasuko alkateek sinatuko dabe senidetzea Torrezabal kultur etxean eta herri bietako herritarrak ekitaldira gonbidatuta dagoz.
Herriak senidetzen diranean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizinoak eta balioak alkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten dauan ondare kulturala alkarregaz eraikiz. Hori da Galdakaoren eta Altsasuren artean 1970eko hamarkadaz geroztik ernaltzen ari dana, Andra Mari Eusko dantzari taldeak Nafarroako herriko inauteriaren inguruko ikerketa abiatu ebanetik. Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri ebala azaldu deusku Jon Eguskiza Andra Mari dantza taldeko kideak.
Momotxorroak
Ganera, alkateek herri bien artean ekintza partekatuak garatzeko dokumentua sinatuko dabe, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi barriei transmisinoa bermatzeko. Alkateekaz batera egongo dira Altsasuko inauteriak berreskuratzeko ezinbestekoak izan diran alkarte bi: Galdakaoko Andra Mari dantza taldea eta Altsasuko Herri Inauteri Batzordea. Baita inauteri berezi horreetako protagonista diran momotxorroak eta Galdakaoko dantzariak be.
