LABek, beste sindikatu batzuekaz batera, Palestinaren aldeko lanuztea deitu dau urriaren 15erako

CAF-en jarduna lurralde okupatuetan gaitzestu dau LAB sindikatuko idazkari nagusiak

Garbiñe Aranburu: “Palestinari alkartasuna erakusteko unea dala uste dogu sindikatuok”

Aranburuk ez dau hizkuntza eta lan eskubideak kontrajartzearen ideia partekatzen / Bizkaia Irratia

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia Goizeko Izarretan irratsaioan izan da asteon, beste sindikatu batzuekaz batera, urriaren 15erako Palestinaren aldeko lanuzte, asanblea eta burruka eguna deitu eta gero. Atzo bertan Trumpek eta Netanyahuk Gazarako bake plana adostu eben, Palestinako ordezkaritzarik gabe. Egoerea ikusita, zeozer egiteko momentua dalakoan dago Aranburu: “Palestinari alkartasuna erakusteko unea dala uste dogu sindikatuok”.

Bestalde, CAF-en jarduna salatu dau, Nazino Batuen Erakundeak lurralde okupatuetan negozioa egiten daben enpresen zerrendan sartu dau-eta. Enpresa berak oharra kaleratu eban lehengoan, esanez, nazinoarteko zuzenbidea beteten dabela eta eregiten dabilzan tranbia hori palestinarrentzat eta egoera zaurgarrienean dagozanentzat be onuragarria izango dala. LAB sindikatuko idazkari nagusiak tamalgarritzat jo dau oharra.

Gitxieneko soldata propioa

Aranburuk esan deuskunez, patronala ez da gitxieneko soldata propioaren ganean negoziatzeko prest agertu. Ondorioz, LAB, ELA, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek erabagi dabe Confebaskek negoziau gura ez badau helegitea aurkeztea horretara behartzeko: “Patronalak langileak prekariedadera kondenatu nahi dituela erakutsi dau”.

Gatazken esparrutik jarraituta, funtzino publikoko euskera eskakizunen inguruko eztabaidea eukiko dabe Eusko Legebiltzarrean asteon, Eusko Alderdi Jeltzaleak eta EH Bilduk proposamen bana aurkeztu dabelako. Edozelan be, PSE, CCOO eta UGTk kasu honetan hizkuntza eskubideak eta lan egiteko eskubidea ipinten ditue aurrez aurre, eta lan egiteko eskubidea lehenetsi. Bitartean, LABek ez dau hizkuntza eta lan eskubideak “kontrajartzearen ideia partekatzen”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00