Lucas Fernnadezen taldeak Salamancako Perfumerias Avenida indartsuaren aurka jokatuko dau final laurenetako partiduan

Gernikako jokalariak ez dira bakarrik egongo Huelvan, marea granateko ehun bat kide bertan izango dira-eta

Gernika konpleju barik lehiatuko da kopa txapelketan

Itziar Ariztimuño eta Marta Alberdi, Gernika taldeko jokalari bizkaitarrak / Bizkaia Irratia

Lointek Gernika Bizkaiak Espainiako kopa txapelketearen azken faseari ekingo deutso datorren barikuan Huelvan. Perfumerias Avenida, Salamancako talde indartsuaren aurka jokatuko dabe final laurenetako kanporaketea. Gaztelako taldea faborito garbia bada be, Lucas Fernandezen taldeak irabazi egin eutson Malosten liga txapelketan jokatutako partiduan.

Komunikabideetako ordezkarien aurrean izan ziran atzo Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalari guztiak, Lucas Fernandez entrenatzailea eta Gerardo Candina presidentea. Azken honek esandakoaren arabera, Gernikako jokalariak ez dira bakarrik egongo kopa txapelketan. Izan be ehun bat zale joango dira Huelvara taldea animatzera.

Gernikak garrantzi handiko partidua galdu eban aurreko zapatuan Malosten Murtziako Jairis taldearen aurka. Porrot horren ondorioz, gatx ipini jako play offetarako sailkatzea Lucas Fernandezek zuzentzen dauen taldeari. Edozelan be, entrenatzaileak ondo ikusten dau bere taldea eta garbi esan dau garaipenaren bila joango dirala barikuko partiduan, faboritoa Perfumerias Avenida dala onartu arren. Oinarrizko gauzak ondo egin ezkero, Gernikak kanporaketea gainditu leikela uste dau Fernandezek.

Eguenean hasiko da Espainiako kopa txapelketearen azken fasea Huelvan, Valentzia-Gipuzkoa eta Girona-Estudiantes partiduekaz. Lointek Gernikak barikuan jokatuko dau arratsaldeko 18.00etatik aurrera. Ostean, Zaragoza eta Ferrolen arteko partidua jokatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular