Komikiak emakumeen testigantzetan oinarritzen dira, baina pertsonaiak fikzinozkoak dira

Aiert Zubigarai "Bizkai"-k komiki sortea egingo dau Intxortako burrukaldietatik Artxandakoetaraino

Gerra kontuak emakumeen ikuspegitik, Intxortatik Artxandaraino, komiki eran

Elgeta komikiaren azala / Bizkai

Aiert Zubigarai “Bizkai” ilustratzaile eta sortzaile bizkaitarrak emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko Emakumeen memoria. 1937. Intxortatik Artxandaraino proiektua ipini dau martxan. Komiki eran kontauko dira gerra zibileko gorabeherak, emakumeen ikuspuntutik eta euren testigantzetan oinarrituta.

Elgetatik abiatutako ibilbidea

Zubigarairen lehen komikia Elgeta da, eta bertan Felisa Iturri Castillo, Soledad Kapelastegi eta Antoni Telleriaren testigantzak jaso eta fikzinozko kontakizun bihurtu ditu. Hiru emakume horren esperientziak oinarri moduan hartuta, Zubigaraik istorio gordina eta hunkigarria eregi dau, emakume izate hutsagatik jasan zituen abusuak eta indarkeriak erakutsiz.

Elgetako bonbardaketan girotutako narrazinoa familia baten bizipenetan oinarritzen da, eta apurka-apurka ikuslearen aurrean agertzen dira gertaera latzak: soldadu frankisten bortizkeria, emakumeen aurkako abusuak eta gerra garaiko eguneroko bildurra. Komikian “karta zuria” esaten jakon kontzeptuak garrantzi berezia hartzen dau: soldaduek emakumeekin gura ebena egiteko baimena ei eben, eta horrek ekarri zituan erasoak eta bortxaketak.

Fikzinora ekarritako testigantzak

Komikiek fikzinozkoak pertsonaiak daukiez, baina errealidadee gordin eta dokumentatuan oinarrituta dagoz. Zubigaraik azaldu dauenez, pertsonaiak fikzinozkoak izan arren, istorioak errealidadean dauka sustraia, eta gertakarien zati handi bat emakumeen benetako testigantzetatik dator. Antonia Telleriaren testigantza, adibidez, YouTuben ikusi leiteke, eta bertan kontetan dauen bizipena zuzenean inspirazino iturri izan da Zubigarairentzat.

Helburua ez da soilik kontakizun bat sortzea, historia ulertaraztea eta barruratzea baino. Horregatik, komikiak irakurketa errez eta narratiba zuzenagaz sortzen ditu, irakurlea istorioaren barruan sartzeko moduan.

Talde memorialisten lana

Aiert Zubigaraik nabarmendu dauenez, proiektu hau ezin izango litzateke aurrera atara talde memorialisten lanik barik. Elorrioko, Elgetako eta beste herri batzuetako memoria taldeek urteak daroez emakumeen testigantzak jasoten eta artxibetan. Eta Zubiagaren komikiak egiteko oinarrizko materiala dira.

Elgetaren ondoren, Elorrio izango da hurrengo geltokia. Urtean komiki bat argitaratzea da asmoa, eta hurrengo urteetan Eibar, Durango eta Bizkaiko beste hainbat herri jorratuko ditu. Herriz herri ibiltea eta testigantzak jasotea da helburua, eta horreekin kontakizun barriak sortzea.

Emakumeen ikuspegia erdigunean

Historian emakumeen ikuspegia bigarren mailan geratu izan da sarritan. Zubigaraik argi dauka bere proiektuaren helburua: historia emakumeen ikuspegitik kontetea, emakumeen ahotsa entzunaraztea eta gertaera historikoak beste prisma batetik begiratzea.

“Normalean historia gizonen ikuspegitik kontatu izan da”, dino Zubigaraik, eta horregatik berak kontakizun alternatibo bat sortu nahi izan dau, emakumeen bizipenetatik eta sentimenduetatik abiatuta. Komikiek, gainera, aukerea emoten dabe irudiaren bidez emozinoak transmitiduteko, eta horrek indar berezia emoten deutso kontakizunari.

Komikiaren egitura eta estetikea

Elgetako komikia giro ilun eta dramatikoan kokatuta dago. Zubigaraik estetika gordina eta espresiboa erabili dau, irudiek gertaera latzen gogortasuna transmitiduteko. Komikian ez dago ezer edertuta: indarkeria, bildurra eta sufrimendua zuzenean agertzen dira. Halan da be, kontakizunak duintasuna eta memoria azpimarratzen ditu, eta horrek oreka bat eskaintzen deutso irakurleari.

Komikia familia baten egunerokotasunean hasten da, eta gerra giroan zehar egiten dau aurrera, dramatismoa pixkanaka handituz. Istorioak ez dauka moralismorik; irakurleak ondorioak atarateko aukerea dauka, baina emakumeen aurkako indarkeriaren errealidadea ukatu barik.

Etorkizuneko pausoak eta proiektuaren zabalkundea

Zubigarairen asmoa da urtero herri bat jorratzea eta komiki sorta bat osotzea. Elorrioko lanagaz dabil da une honetan, eta Eibar, Durango eta beste hainbat herri izango dira hurrengo protagonistak. Proiektu hau ez da bakarrik artelana; memoria historikoa lantzeko tresnea be bada, bai hezkuntzan erabilteko eta bai gizartean oroimena bizirik mantentzeko be, Zubigaraik gogorarazo dau Intxorta eta Artxandako frontea euskal memoria historikoan garrantzi bereziko tokiak dirala, eta horregatik aukeratu dituala proiektuaren ardatz moduan.

Komikia, memoria eta justizia

Emakumeen memoria. 1937. Intxortatik Artxandaraino proiektua artearen eta memoriaren arteko buztarketa bikaina da. Aiert Zubigaraik ez dau historia kontetan datutan oinarrituta bakarrik; testigantzen bidez, bihotzetik berba egiten dau, eta horrek bere lanari benetakotasun berezia emoten deutso. Gaur egun hondino ez dira emakume askoren bizipenak ezagutzen, eta Zubigarairen lana funtsezkoa da ahaztutako istorio horreei argia emoteko. Bere komikiek memoria, duintasuna eta justizia aldarrikatzen ditue, eta aldi berean, ezaguteza eta enpatia sustatzen ditue. Elgetatik abiatu dan bide hau gizarte osoaren memoriari ekarpena egiteko jaio da, emakumeen ikuspegitik egindako historia kontaketea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00