Garagarrilaren 29ra bitarteko epea dago izena emoteko

Gidoik antolatuta, gidoigile seniorren laguntzea eskaintzen da filme luze baten ideia garatzeko

Gidoilari barrientzako mentoria-programa barriro abian

Jon Artola, Gidoi alkarteko koordinatzailea / Bizkaia Irratia

Egun gitxi falta da Gidoik deitutako bigarren mentoretza programan izena emoteko. Garagarrilaren 2an zabaldu zan izena emoteko epea eta hilaren 29an amaituko da. Gidoi alkarteak bigarrenez antolatu dau aurten mentoretza programea, Gidoi Mentoring. Senior Supports Junior izenekoa. Esan behar, lehenengo edizinoak arrakasta handia izan ebala. Gainezka egin eutsela esan deusku Jon Artola koordinatzaileak. Igaz proiektu bi saritu ebezan eta aurten, hiruk jasoko dabe mentoretza. Filme luze baten edo dokumental baten ideia garatzen laguntzea da mentoretza programa honen helburua. Gidoia euskeraz zein gazteleraz idatzi daiteke. Ideia originala izan behar da eta inoiz argitaratu bakoa. Aukeratzeko orduan, Gidoi alkarteko talde batek hartzen dau erabagia. Artolak azaldu deusku, besteak beste, ideiaren originaltasuna, egiturea hartzen dabezala kontuan. Irailean jakingo da aurten mentoretza lortzen daben 3 gidoigileak nortzuk diran. Honeek, ostean, hiru hilabetez gidoigile senior baten laguntzea izango dabe euren proiektua garatzeko.

Euskal zinemagintzaren egoerea

Jon Artolak, Gidoi alkarteko koordinatzaileak, euskal zinemagintzak bizi dauan egoera ona azpimarratu dau. Dana dala, egoera hori gidoigileengana oraindino ez dala heltzen esan deusku. Gurean, kanpoko ekoizpen asko be ari dira egiten. Errodaiak ugaritu egin dira aspaldion. Erakundeek hori errazten dabe. Artolak dinoskunez, gidoigileak ez dira oraindino laguntza horreen onuradunak. Gidoi alkartean, formakuntzea, aholkularitzea eta bestelakoak eskaintzen deutsez gidoigileei. 90 bazkide inguru daukiez eta Bilbon dauka egoitza erakundeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00