Gluten3S ikerketa taldeak zeliakia oraintsu diagnostikau jaken haurrei urtebeteko jarraipena egin deutse

EHUren ikerketa baten arabera, pertsona zeliakoen ongizatea hobetzeko ezinbestekoa da gizartearen kontzientzia handitzea

Gizartearen kontzientziazinoa gako, zeliakoen bizi-kalidadea hobetzeko

Arrate Lasa, Elikagaien Zientzia eta Teknologian doktorea eta EHUko Gluten3S taldeko kidea  / EHU - Argazkia: Nuria González

EHUko Gluten3S ikerketa-taldeak esku-hartze nutrizional bat jarri dau martxan, zeliakia oraintsu diagnostikau jaken haurrekaz. Diagnostikoaren momentutik hasita, urtebetez, aurrez-aurreko jarraipen bat egin deutsie, eta aztertu dabez hainbat parametrotan izan dauan eragina. Ikertzaileek egiaztatu dabe sintomak nabarmen gitxitu eta arindu dirala. Halanda be, haurrek hasieratik euken bizi-kalidade eskasa ez da hobetu. Ikertzaileen ustetan, horretan gizartearen rola garrantzitsua da.

Arrate Lasa ikertzaileak azaldu deuskunez, urteak daroez zeliakiaren inguruan lanean, ikerketa ugari egin dabez. “Saiatzen gara beti aholkularitza emoten, jarraipen bat egiten, euren dieta jarraitzen eta ohiturak hobetzen, eta horrela dieta hori orekatzen”. Azken ikerketa honen helburuetako bat jarraipen konstante bat egitea izan da, eta ikustea, alde batetik, ohitura dietikoak hobetu diran ala ez. Eta bestetik, jarraipen horren ostean, sintomatologia edota bizi-kalidadea hobetu diran be aztertu dabe. Ganera, haurrei eta familiei hezkuntzea be emon jake: zelan jarraitu gluten bako dieta seguru bat, etiketak irakurtzen irakatsi deutse, tabernetan eta jatetxeetan zer eskatu behar daben…

EHUko ikerketak zeliakia daukien umeen bizi-kalidadea be aztertu dau, eta erakutsi dau haurren balorazinoa eskasa dala. Galdetegi baten bitartez neurtu dabe, eta jasotako emoitzak antzekoak izan dira jarraipenaren hasieran eta amaieran. “Danek erakutsi dabe nahiko bizi-kalidade neutrala edo nahiko txarra” gaineratu dau Arrate Lasak. “Uste dogu enfokea ez dala jarri behar pertsona zeliakoengan eta familiengan, baizik eta gizartean”. EHUko ikertzaileak funtsezkoa ikusten dau gizarteak gaixotasunari eta glutenik bako dietari buruz daukan ezagutza zabaltzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00