Abenduaren 15etik eskuragarri dago Gongo, opariak egiteko eta jasotzeko modu tradizionala iraultzeko helburuagaz sortu dan mugikorretarako aplikazino barria. App Store eta Google Play-n deskargau daiteke. Plataforma honek erabiltzaileei aukera emoten deutse tokiko dendetako produktu edo zerbitzu zehatzak erosteko, eta beste pertsona bati berehala bialtzeko, keinu pertsona eta zuzen baten bitartez.
Mikel Lupiañez aplikazinoko zuzendariak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, lantaldea osotuten daben pertsonen esperientzia pertsonaletatik sortu da Gongo. Opariak egiteko beste modu bat proposatzen dabe: pertsonalagoa, hurbilagoa eta tokiko merkataritzari lotutakoa. Gongo aplikazinoaren bitartez, erabiltzaileek opari fisikoak edo esperientziak erosi leikiez, eta WhatsApp edo antzeko bideen bitartez partekatu. Oparia jasotzen dauan pertsonak, QR kode baten bidez, tokiko denda edo establezimendu baten trukatzen dau oparia. Momentuz, Bizkaiko 100 denda, saltoki eta ostalaritza negozio baino gehiago sartuta dagoz aplikazinoan.
Lupiañezek gaineratu dauanez, Gongo-ren helburua ez da deskontu-plataforma izatea, baizik eta balio errealeko bezeroak tokiko komertziora eroatea. “Keinu pertsonalak eta harreman hurbilak sendotu gura doguz, eta aldi berean, gure herrietako dendak bizirik mantendu”, azaldu dau plataformako zuzendariak. Tokiko merkatarientzat , ganera, Gongo doakoa da. Ez dabe parte hartzeko kosturik ordaindu behar, eta horrek be erraztu leike dendari txikien inplikazinoa. Aplikazinoa merkaturatu aurretik, proba pilotu bat egin eben Durangon, eta jasotako erantzuna oso positiboa izan zala azpimarratu dau Mikel Lupiañezek.
