
Hauspoa & Tunela proiektua trenak eta Zumarragak trikitixearen sorreran izan eben funtsezko (eta gitxi ezagutzen dan) papera ezagutarazoteko helburuagaz sortzen da. Gorka Hermosa musikariak eta Iñaki Pinedo zinegileak dokumentala sortu dabe. Istorioa 1859an Madril-Paris trenbidea eregiteko 40 beharginen etorreragaz hasten da. Behargin horreetako bat, Juan Bautista Busca, akordeoi txiki bategaz etorri zan Zumarragara, eta inguruko pandero tradizionalaren soinuagaz fusionau zan.
Gorka Hermosak azaldu dauanez, dokumentalak 20 bat alkarrizketa jasotzen dauz, euskeraz eta gazteleraz: Bernardo Atxaga, Kepa Junkera, Joseba Tapia, Toti Martinez de Lezea, Fermin Muguruza… Musika eta kultura ondarea, fusinoa eta migrazinoa moduko gai unibertsalak jorratzen dauz. Trikitixearen sustraiak gogoratuz, kanpotik datorrena eta bertokoa batuz sortzen dan aberastasuna aldarrikatzen dau.
Bagilaren 30ean Zumarragako Euskadi plazan egin zan Hauspoa & Tunela proiektuaren kontzertu-aurkezpena. Dokumentalaren eszena batzuk proiektau ziran eta musika emonaldiak izan ziran. Aurrera begira, udagoienean zine jaialdi eta areto desbardinetan aurkezteko asmoa daukiela esan deusku Gorka Hermosak.