Eremuz Kanpo (1x19): ‘Grizzly Man’

Timothy Treadwellen hartzez inguratutako bizitza eta heriotza kontaten dau Werner Herzogen dokumentalak

Grizzly Man (2005): Naturaren ardurabakotasun hunkigarria

Timothy Treadwell 13 urtez bizi izan zan Katmaiko parke naturalean, Alaskan, hartz arrez inguratuta. 1990etik 2003ra arte. Berarentzat ez ziran animalia arriskutsuak, basatiak, lagunak baizik. ‘Txokolate jauna’ ‘Izeko Melissa’ ala ‘Brown sargentua’ lako izenak emon eutsezan erreserbako hartz erraldoiei. Izan be, kamera bategaz murgildu zan basapiztien munduan, eta hartzen bizitza grabau eban, bere misinoa ezagutzera emoteko nahian. Eta zein zan misinoa, ba? Treadwellen arabera, hartzak babestea, hain zuzen be. Baina asmo horrek ez zeukan inolako zentzurik dagoeneko babestutako hábitat baten, non etsai bakarra (usurpatzaile bakarra), Treadwell bera zan. 100 orduz grabau ebazan bere lagun minak, euren egunerokotasuna erakusten: lo egiten, errekan salmoi bila, euren artean olgetan… Baina batez be, bera zan protagonista. Katmai parkeko zelai berdeak eta mendi ikusgarriak atzean geratzen ziran, Timothy Treadwellek berba egiten eban bitartean. Naturari buruzko klaseak krisi existentzial bihurtzen ziran bere monologo luzeetan. 2003an, Treadwellen kamera azkenengo bider biztu zan, presaka. Hondino tapa kendu barik, mikroak gizonaren azken berbak grabau ebazan, gabaz hartz bat bere kanpadendan sartu zanean.

Naturaren indarrari buruz hausnartuko dogu Werner Herzogen dokumentalaren eskutik. Hori dalako, hain zuzen be, lanaren mezu nagusia: zibilizazinoa da benetako etsaia. Naturak bere bidea egingo dauela, krudela da-eta. Zuzendariak behin eta barriro gogoratzen deusku nor izan zan Timothy Treadwell. Babestutako habitat baten modu ilegalean sartu zan gizon ez oso egonkor bat. Hartz hori ez dala sekula ‘Txokolate jauna’ izan, eta ez dirala, inondik inora, bere lagunak.

Tartetxo honetan, ordea, Timothyren pasinoa Bizkaira ekarri dogu. Urdaibaik behar gaituelako, eta Herzogek defendatzen dauan moduan, natura bakean itxi behar dogulako.

Dokumentala ikusteko esteka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00