
‘Gurie erabili zeinke’ kanpainea ipini dabe martxan Markina-Xemeinen gaurtik aurrera. Ekimenaren helburua umeak mugikorrik gabe mobidutea da, ikerketek baieztatzen dabenez ez dalako ona telefono adimendua erabiltea 16 urte bete aurretik, burmuina ez dalako guztiz garatu. Ondorioz, 8 eta 16 urte bitarteko umeei zuzendutako kanpaina da.
Amaia Aurrekoetxea Altxa Burua taldeko kideak ekimenaren nondik norakoak azaldu deuskuz. Taldeak Markina-Xemeingo Udalagaz eta Hemen Be Bai merkatarien alkarteagaz batera antolatu dau kanpainea. Izan be, Markina-Xemeingo establezimenduen parte-hartzea ezinbestekoa da. Kanpainan parte hartzen dabenek ‘Gurie erabili zeinke’ pegatina identifikatzailea eukiko dabe. Beraz, umeek bertako telefonoa erabili ahal izango dabe, beharrezkoa izatekotan.
Urtebeteko iraupena
Kanpainak urtebeteko iraupena izango dau. Ostean, horren ganeko balorazinoa egingo dabe, etorkizunean zelan jarraitu erabagi aurretik. Dana dala, gizartea konzienzietan segidutea ezinbestekoa izango dalakoan dagoz. Azken datuen arabera, telefono adimenduen erabilerea jaitsi egin da umetan, baina oindino lan handia egin behar da dinamikeari bueltea emoteko.