STEILAS sindikatura hurreratu gara gaurkoan, eurekaz hainbat gai jorratzeko asmoz: PISA txostenaren emaitzak, ikasturte barriaren erronkak, azken boladan Bizkaian gertautako ikastetxeen fusinoak, segregazinoaren auzia, etab. Horretarako, Haizea Arbide STEILASeko kidea euki dogu telefonoaren bestaldean. Arbidek mezu argia zabaldu dau: “Hezkuntza publikoak baliabideak eta konpromiso politikoa behar ditu, diskurtsoen gainetik”.
PISA txostenaren emaitzak ezagutu genduzan iraila hasieran. Horreen arabera, Hego Euskal Herriko ikasleek gaitasun guztietan egin dabe behera. Dana dala, sindikatuko kideak esan deusku hezkuntza sistemaren egoerea modu orokorrean aztertzen dabela, PISA txostenaren emaitzetan gehiegi zentrau barik. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak neurri barriak aktibatu ditu, emaitza txarrei bueltea emoteko. Horren harira, Arbidek “konpromiso politikoa” eskatu dau.
Azken urteetan pil-pilean dagoan beste gai bat ikastetxeen fusinoarena da. Hemen, Bizkaian, Bilbon, Basaurin, Getxon edo Leioan egin dabez, baina gehiago egon dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Ondorioz, lanpostuak galdu dira. STEILASetik Hezkuntza sailaren modus operandi-a salatu dabe: “Hezkuntza sailaren aldebakartasuna nabarmendu behar da. Inplikatutako ikastetxeetara joaten diranerako erabagia hartuta dago”. Azkenik, segregazinoari jagokonez, dinoe Hezkuntza sailak ez daukala benetako borondate politikorik jendarte kohesionatu eta justua lortzeko bidean aurrerapausoak emoteko. Hori dala eta, Eskola Bikaina Denontzat mahaian parte ez hartzearen erabagia hartu eben orain dala hilabete batzuk. Arbidek dino denporak arrazoia emon deutsela.
