Hezkuntza Saila moldaketak egiten dabil ikastetxeetan. Ume gitxi dagozala eta, ikastetxe batzuk batu egin dabez. Hemen, Bizkaian, Bilbon, Basaurin, Getxon eta Leioan egin dabez. Hori eta bestelako gai batzuk aztertu dauz STEILAS sindikatuko Haizea Arbidek Goizeko Izarretan irratsaioan.
Arbidek azaldu duenez, aurten 50 urte betetzen dira Gasteizko Martxoaren 3ko gertakarietatik, eta bere esanetan, urte honeetan eszenatokia askorik aldatu ez dala emoten dau; horregatik, egia, justizia eta erreparazinoa aldarrikatzen jarraitzen dutela nabarmendu dau, holakorik barriro gertatu ez daiten. Bestalde, martiaren 17rako deitutako grebaren harira, gitxieneko soldata propioaren beharra azpimarratu dau, izan be, patronalak irabaziak handitzen jarraitzen dauan bitartean, langileen lan-baldintzek okerrera egin dabela adierazo dau. Erosahalmenaren galeraz be ohartarazo dau, eta soldatak zein prestazino sozialak indartu eta bermatzeko neurriak eskatu dauz.
“4 lanpostu galdu dira igaztik hona”
Arbidek adierazo dau arriskutsutzat emoten dabela ikastetxeen fusinoa, eta argi daukiela neurri horreek euskal eskola publikoarekiko konpromiso faltaren ondorio dirala. Bere esanetan, fusinoak gitxikeriaren adierazle izan dira urte luzez izandako jarrerengaitik. Beste alde batetik, nabarmendu dau fusinoek lanpostuen galera ekarriko dabela: Gasteizen igaz fusionatutako ikastetxeen kasua jarri dau adibide lez, eta azaldu dau urte bakarrean lau lanpostu galdu dirala. Datu gehiago ez deutsiezala emoten be salatu dau, eta euskal eskola publikoa indartzea ezinbestekotzat jo dau lanpostuak eta kalidadea bermatzeko.
