
Homeless Film Festival jaialdiaren hamargarren edizino honetan, Bizitegi alkarteak, zinemaren eta antzerkiaren bitartez, lehen lerrora dakar barriro be etxerik bako eta gizarte-bazterketa egoeran dagozan pertsonen errealidadea. Lankidetzan antolatzen dabe Homeless Film Festival jaialdia. Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBK Fundazioaren, EHUren eta EITBren babesa dauka ekimenak. Garazi Ojanguren Bizitegiko kideak azaldu dauanez, jaialdia 2011n Manchesterren (Erresuma Batuan) jaio zan, eta Bizitegi alkarteari esker, 2016an hasi ziran Bilbon ospatzen. Jaialdiak etxerik bako pertsonakaz film laburrak grabatzea eta ekoiztea sustatzen dau, pertsona horreek ahalduntzeko eta dagozan errealidadeei ahotsa emoteko.
X. Homeless Film Festival-ari urriaren 16an emon jakon hasierea Bilboko Golem Alhondiga zineman, Ekain Irigoien donostiarrak zuzendutako Hijos de Dios dokumentalagaz. Urriaren 25ean, Bilboko BBk Aretoan, Mujereando arte konpainiak Callejones sin estrellas antzeztuko dau. Zemendiaren 12an eta 13an, Bizkaia Aretoan, jaialdiko egun handiak izango dira, eta antzerkia eta zinema izango dira egun bakotxeko ardatz. Jaialdia zemendiaren 20an amaituko da, Santurtziko Serantes Kultur Aretoan.
Hamargarren urteurren borobil hau ospatzeko, Bizitegik erakusketa bat be antolatu dau Bilboko Metroagaz alkarlanean, hamar edizino honeetako ibilbidea herritarrengana hurreratuz. Urrian Zazpikaleak-San Nikolas geltokian egongo da ikusgai, eta zemendian Indautxun.