
Zazpigarren EuskarAbentura espedizinoa abiatu da. 126 euskal gaztek osotutako taldeak Euskal Herria zeharkatuko dau garagarrilaren 31ra bitartean. Esperientzia “ahaztezina” biziko dabe, Haizea Solagurenbeaskoa komunikazino arduradunak Bizkaia Irratiko Lau Haizetara irratsaioan azaldu dauanez. EuskarAbentura “euskerearen erabilera sustatzeko eta gazteen artean euskalzaletasuna elikatzeko” sortu zala gaineratu dau.
Parte-hartzaileak
Guztira, 126 gaztek parte hartuko dabe EuskarAbenturan. Errealidade linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural askotakoak dira. Herrialdeka, Bizkaiko 43 (%34), Gipuzkoako 26 (%21), Nafarroako 24 (%19), Arabako 13 (%10), Lapurdiko 13 (%10), Baxe Nafarroako 5 (%4) eta Zuberoako 2 (%1) parte-hartzaile izango dira. Aurten ez da diasporako kiderik egongo. Gazteakaz batera, 28 pertsonek osotutako lan-talde urdina espedizinoan izango da.
Ibilbidea
Aurreko urteetan lez, EuskarAbentura Atharratzen hasiko da. Danetara 27 herritan pasauko dabe gaua: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Abaurregaina, Iruña, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Elosu, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika-Lumo, Bermeo, Bilbo eta Getxo. Horreen artean, Abaurregina da aurtengo espedizinoan ezagutuko daben herri barria. Edozelan be, aitatutakoak eta beste hainbeste herri zeharkatuko dauz marea laranjak.