Bilboko Eleizbarrutiko kartzela pastoraltzatik sortu zan Bidesari 1994an. Irabazi asmobako erakunde bat da eta 25 lagun dagoz alkarte honentzat beharrean, baita 40 boluntario be. Gizarte bazterketa egoeran dagozanei begira programa ugari garatzen dabezala esan deusku Bidesariko kidea dan Heraclio Varonak.
Gizarteratzeagaz lotuta, prozesuak ezbardinak dira, batez be zigorraren arabera. Bidesarik espetxean egiten dau lan, baina baita espetxetik kanpo be. Hiru etxe daukiez, hiru bizitoki eta etxebizitza horreetan hirugarren graduan dagozan presoei laguntzen deutsie. “Espainiako espetxe sistema Europako gogorrenetarikoa da. Espetxera gehienak delitu txikiakaitik sartzen dira, delitu larriakaitik %14 baino ez” azaldu dau Bidesari alkarteko kideak.
Basauriko espetxean dagozan presoei Mugituz programearen bitartez laguntzen deutse Bidesari alkarteak. “Haien oinarrizko beharrei erantzuten (erropak, dirulaguntza txikiak, tailer hezigarriak, kirol jarduerak…) ahalegintzen gara, pertsonak aktibetako eta espetxea duintzeko egiten dogu. Bestalde presoak bergizarteratzeko banakako edo taldekako eskuhartze prozesuak egiten doguz” zehaztu dau Heraclio Varonak.