
2008an hainbat alkartek eta ELA gaixotasuna sufriduten daben pertsona eta familiek ‘ELAren aurkako bost oihu‘ kanpainea jarri eben martxan, alboko esklerosi amiotrofikoaren aurkako laguntza eta ikerketea eskatuz. ELAntartida, TeidELA, UrriELA, BrusELA eta HimELAya izan ziran kanpainako bost “gailur” sinbolikoak. Izaskun Elejaga eta Kepa Lizarraga bizkaitarrek Himalaiako espedizinoan hartu eben parte 2022. urtean. Orain dala egun gitxi ‘Galdakaotik Himalaiara ELArengatik’ hitzaldia eskaini eben, Galdakaoko Elexaldeko jaiei hasiera emoteko.
Bizkaia Irratiko Lau Haizetara saioan Elejagak eta Lizarragak azaldu dabenez, Himalaiako espedizinoan ELA gaixotasuna daukan Miguel Ángel Roldán kordobarrak hartu eban parte. Bere indar eta ausardiak espedizino osoa hunkitu ebazan. Talde osoak esperientzia ahaztezina bizi izan eban. Gaur egun Izaskunek eta Kepak esperientzia hura oroitzapen bizi lez gordetzen dabe, baina ahaztu barik ELAren legea benetan indarrean jartzea dala garrantzitsuena. “Paperean dago, baina aplikazino errealik hondino ez dauka”, adierazo dabe.